Azkoitiko abarketarien lan ordainezina

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2023ko uzt. 2a, 09:59

Mancisidor lantegiko abarketariak. ('Azkoitia iruditan')

Azkoitian abarketa izenez ezagutzen ditugun oinetakoak beste leku batzuetan espartinak edo apretak izenekin ezagutzen dira. Espartzuzko zoru eta telazko gainaldea duen oinetako hori 1322. urteko agiri baten aipatzen da lehendabizikoz, espardenyes izen katalanarekin. Oinetako horiek tradizio handia izan dute oraintxe arte Pirinio inguruko herrietan, eta hortik dator inguru honetan ere hain errotuta egotearen arrazoia. Kepa Alberdik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako egindako kolaborazio lana da honako hau.

Denbora luzez, abarketen artisau fabrikazioa funtsezkoa izan zen Azkoitiko ekonomian eta gizartean. Hori horrela, Azkoitiak oso ospe handia hartu zuen abarketagintza industriari esker. Hortik, Azkoitia "abarketagileen herria" izenez ezagutu izana hainbeste hamarkadatan.

XIX. mendearen erdi aldera nekazaritza zen Azkoitian lanbiderik nagusiena, baina industria pixkanaka indarra hartzen hasi zen, eta horrekin batera, tailer batzuk kokatzen joan ziren herrian. 1845ean, Jausoro txapel fabrika ireki baino urte bat lehenago, J.F. Artetxek abarketa fabrika bat jarri zuen martxan, baina XIX. mendearen amaieran sortu ziren abarketa sozietate industrial gehienak. Hala, 1870ean, sei eta hamabi langile artean zituzten 30 abarketa tailer txiki ziren herrian, beren kabuz abarketa langintzan aritzen zirenak kontatu gabe.

San Jose ermitaren atarian erreportzaketan. (Argazkia: 'Azkoitia iruditan')

Lantoki haietako batzuk lehen errotak zeuden lekuetan sortu ziren, presak mugitutako turbinaren indarraz martxan jartzen zirelako hango makinak; Sagrado Corazón izeneko lantegia, adibidez, Intxausti eta Baliaras izeneko bi abarketa errota fusionatu ondoren sortutakoa da. Urtez urte, kostu txikiagoan gehiago ekoizteko helburuarekin modernizatzen joan ziren lantoki txiki haiek, eta horrek bilakaera ekarri zuen abarketagintzan. Testuinguru horretan, Esteban Alberdi y Cia sozietatea eratu zen 1890ean; data horren inguruan sortu zen, baita ere, Mancisidor y Cia, eta urte batzuk geroago Epelde, Larrañaga y Cia. Lantegi horien eragina erabakigarria izan zen Azkoitiko abarketa industriak hurrengo urteetan indarra hartzeko, bertan, abarketagintzarako oinarrizkoa zen jutea lantzen hasi baitziren, kanpotik ekoiztutakoa ekartzea saihestuz. Izan ere, Pakistandik eta Indiatik itsasontziz Biboko portura sartzen zuten alpargatak egiteko oinarrizkoa zen jutea. Handik, Elgoibarrera edo Zumarragara trenez eramaten zuten, eta Azkoitiko lantegietara ekartzeko, "karreatze" lana idiz edo zaldiz tiratutako gurdiz edo orgaz osatzen zen.

Denbora gutxian, abarketagintza sektorean nagusi izatera heldu zen Azkoitiko industria. Horren adibide da Azkoitian lan horretarako 72 makina zeudela, estatu osoan beste 25 makina bakarrik zeuden bitartean; horietatik hamahiru, gainera, Gipuzkoan zeuden. Bada beste datu esanguratsu bat: 1922an, 7.000 biztanle inguru zituen Azkoitiak, eta horietatik, abarkagintzan aritzen ziren 3.000 langile zeuden: 1.250 pertsona lantokietan aritzen ziren, eta gainontzeko 1.750ek etxeetan jarduten zuten. Langile guztien %85a Azkoitikoa zen, %13a Gipuzkoako beste herriren batekoa eta %2a kanpotik etorria.

San Jose ermitaren atarian erreportzaketan. (Argazkia: 'Azkoitia iruditan')

Hala eta guztiz ere, Azkoitiko abarketa industriak ez zituen artisau ezaugarriak erabat galdu, eta lantegi haien lana osatuz, etxeetan, jarduera horretako parterik garrantzitsuenetakoa izango zen langile multzoa zegoen. Horrela, lantegirik garrantzitsuenetan, Esteban Alberdi y Cia eta Epelde Larrañaga y Cian, jutezko kordatuak, abarketentzako oihalak eta josteko sokak egiten ziren, besteak beste. Mancisidor y Cia eta Sucesores de J.F. Artechen, berriz, abarketa zoruak egiten ziren makinaz. Azkenik, etxeetan eta atarietan aritzen ziren langileek eskuz amaitzen zuten abarketa, horri oinaren forma eman ondoren gaineko oihala josiz.

Baldako dorretxean bizi zen familia atarian zorua josten. (Argazkia: 'Azkoitia iruditan')

Grebak, lan baldintzak hobetzeko

Aldi hartan, Azkoitiko enpresen lan baldintzak ez ziren egokiak eta bidezkoak langileentzat, eta horren ondorioz, hainbat grebak herria asaldatu zuten 1918-1923 urteen artean. Langileak asmo zehatzekin mobilizatu ziren: besteak beste, soldatak igotzea, makinistentzako zortzi orduko lanaldia ezartzea eta langabeziari zein kaleratzeei buruzko neurriak hartzea eskatzen zuten. Etxeetan lanean aritzen ziren herritarrak izan ziren, lantoki txikietako langileekin batera, grebara jotzeko prestasun handiena zutenak. Izan ere, lantegi handietako langileek jarrera pasiboagoa zuten, enpresa beraiek sustatutako sindikatuek langileengan zuten indarra eta eragina handia baitzen.

Greba garai hartan, esanguratsua izan zen Azkoitiko langileek Sociedad Manufacturas de Alpargatas izeneko abarketa ekoizpenean ziharduen kooperatiba eratu izana. Kooperatiba sortzeak agerian utzi zuen nagusiaren kontroletik askatzeko eta beren ekoizpenaren jabe izateko langileek lanerako beste formula batzuk izateko borondatea zutela. Kooperatibak esperientzia iragankorra izan zuen, egindako produktuaren prezioa lehiakorra ez izanik, arazo handiak izan zituelako. Horrela, bi hilabeteren ondoren, kooperatiba desegin egin zen.

Porru eta Aingeru kaleen artea zorua josten. (Argazkiak: 'Azkoitia iruditan')

Emakume langileek zeregin nabarmena zuten Azkoitiko industria jardueran, produkzioaren ehuneko estimagarria izanik, familia ekonomiarako oso beharrezkoa zen soldata osagarria eramaten zutelako etxera. Esan beharrik ez dago, orduan ere, emakumeek gizonen aldean gutxi kobratzen zutela lan berbera eginagatik. Halako egoera bidegabeak bizi arren, urte haietako grebetan emakumeek izandako jokabidea nabarmendu behar da: izan ere, egin ziren aldarrikapenetan parte hartze aktiboa izateaz aparte, 1920ko urriko istiluetan jarduera ausarta eta adoretsua izan zuten, eta hainbat zauritu izan zen manifestazio nagusian ere buru joan ziren.

Lan munduan esku hartze aktiboa izan arren, langileen ikuskera zen emakume ezkonduak ez zuela industria jardueretan lan egin behar, eta "familia buruari" zegokiola familiaren sostengua. Horrela, emakume askok fabriketako lanari uzten zioten ezkondu eta gero, baina herriko ia beste emakume guztiak bezala, abarketa zoruei tela josten edo "erreportzaketa" lanean jarraitzen zuten etxean. Ezkondu ostean, etxe askotan normala zen emakumeak goizeko bost eta erdietarako jaiki, eta umeak eskolara joaterako, dozena pare bat abarketei tela jostea. Bestalde, herrian bazegoen enpresaren bat, zeinetara emakume baserritarrak joaten ziren lanera, eta haiek etxera bueltaka ez ibiltzearren, enpresaren jabeak leku bat prest zuen lantegiaren goialdean, emakumeek eta haurrek lo egin zezaten.

Porru-kale eta Aingeru kaleko bidegurutzean zorua josten. (Argazkia: 'Azkoitia iruditan')

Kalea ere lantoki

Herrian lantoki asko egon arren, herritar asko ez zen horietan aritzen, eta etxera eraman zituzten abarketa zoru sortak, "dozenie" deitzen zitzaiona bertan lantzeko. Horietako bost sortek "txortie" osatzen zuten; hortik "txortie eitten" esaera. Abarketa horiek "urdiketie" izeneko lana eginda etortzen ziren; hau da, oraindik forma eman gabeko zorua eginda bakarrik eramaten zuten. Hori horrela, etxeetan edo atarietan, abarketen zorua josten zen mahaitxo edo banku batzuen gainean, ezten baten bitartez oinaren forma ematen zitzaien. Ondoren, "erreportzaketa" lanaren txanda zen, hau da, abarketa zoruari tela jostearena. Lan horretarako, esku barrura goma batekin lotzen zen "zapatilla" izeneko tresna bat erabiltzen zen, joste lanetan titare lana eginaz. Normalean, abarketari forma emanez zorua josteko lana gizonezkoek egiten zuten, nahiz eta salbuespenak baziren. Abarketari tela jostea edo "erreportzaketa" zeregina, berriz, emakumeen lana zen.

Plazaberrin zoru josten. (Argazkia: 'Azkoitia iruditan')

Lan hori ez zen beti etxe barrutan egiten, eta garai batean, oso ohikoa zen abarkagileak beren etxeko atarietan "txortan" edo "erreportzaketa" lanetan ikustea, batez ere eguraldi ona zenean. Herriko txoko askotan biltzen ziren taldeak, hala nola Plazaberrin, Goikokalen, San Martinen, Guardia kalean eta Aingeru kalean. Han aritzen ziren lanean kontu kontari. Arrosarioa ere bertan errezatzen zuten askotan. Horrela, giro ederrean aritzen ziren, lantegietan aritzen zirenak baino hobeto. Bestalde, etxeetan lan egiten zutenek, destajuan aritzerakoan, lantegietan baino diru gehiago ateratzen zuten, baina lantegiak seguruagoak ziren. Dena den, lantegietako jornalak baxu xamarrak zirenez, etxeko lan haiek oso baliagarriak ziren etxeko beharretara heldu ahal izateko. Baziren abarketei tela josten hasitako 10 urteko umeak ere, urte haietan egiten zen lan guztia gutxi baitzen familien beharrei aurre egiteko. Abarketa zoruak herriko abarketa dendatan jasotzen zituzten normalean, gero horiei etxean tela josteko. Ondoren, dendan bertan entregatzen zuten, eta saltokikoak dirua edo txartela ematen zieten, larunbatean dirutan kobratzeko. Denda horiek, Errebalean, Ipar kalean eta Plazaberrin zeuden, besteak beste. Bazen abarketa zoruak kanpotik ekartzen zituenik ere, gero etxeetara zabaltzeko, bertan "erreportzaketa" lana egin zezaten; Txantonekue zen horietako bat, esate baterako.

Mancisidor lantegiko abarketariak. (Argazkia: 'Azkoitia iruditan')

Abarketa tailer handiak, txikiak eta familiarrak izan dira Azkoitian, eta horiek lana eta soldata eman diete herritar askori urte luzez. 1940a inguruan, Azkoitian abarketentzako osagai edo abarketak egiten zituzten 53 bat lantegi zeuden, baina abarkagileak urritu egin ziren gero, eta gaur egun, abarketa guztia kanpoan ekoitzitakoa da, Errioxan eta Txinan, besteak beste. Azkoitian, Julian Iruretagoiena eta Arantxa Iturbe senar-emazteak eta horien seme Juan Manuel Pertxio izan dira abarketagile lanbidea modu tradizionalean lantzeari heldu dioten azken azkoitiarrak. Familia Juin izeneko lantegiaren arduraduna izan zen joan zen hamarkadara arte, eta hura izan zen mota horretako azken tailerra Gipuzkoa osoan.

Azkoitiak ez du ahazten herriko milaka emakume eta gizon abarketariek egindako lan ordainezina, beren bizitzaren zati handi bat lanbide horretan eman baitzuten. Omen haiei, beren ahaleginarekin eta dedikazioarekin Azkoitiaren historia eta nortasuna josten lagundu zutelako.

Goiko kalean zoru josten. (Argazkia: 'Azkoitia iruditan')

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide