Ondoko herrietan bezala, Azkoitiko antzinako testuetan ere urriak dira emakumeei buruzko aipamenak, eta zaila da emakumeek nolabaiteko protagonismoa zuten dokumentazioa aurkitzea. Nola ez, badakigu, gaur egun bezala, emakumeek mendekotasun nabarmena izan zutela gizonekiko, eta hori, azkoitiarren egunerokotasuna markatzen zuten araudi orokorretan eta Elizaren jarreran islatzen zen. Kargu publikoak ere debekatuta zeuden emakumeentzat, eta horrela, ezin izaten zuten erabaki politikorik hartu, ezta kontzejuetan edo batzarretan parte hartu ere; horrek eragotzi egiten zien edonolako aginpiderik hartzea. Modu horretan, emakumeek lehen ere zapalkuntza, bazterkeria eta gutxiespen itzela pairatu ohi zuten emakume izate hutsagatik.
Zaila da emakumearen sufrikarioaren dimentsioei datuak eta zenbakiak jartzea eta, are gehiago denboran mende edo hamarkada batzuk atzera eginez gero. Atzera begiratuz, eta adibide bat jartzearren, hor dago 1599ko izurritea. Pandemia hura bereziki krudela izan zen, eta emakumeen kolektiboa izan zen gehien pairatu zuena. Izan ere, agintariak alargunez eta ezkongabeez baliatzen ziren izurriak jotakoak zaintzeko, batez ere; horien arropak garbitzen eta hildakoak janzten zituzten, izurriaz kutsatzeko arrisku nabarmenarekin. Horrez gain, emakume haien egoera areagotu egiten zen gaixoekin harreman zuzena edukitzeagatik herritarrekiko tratutik kanpo geratzen zirenean. Izurrite hartan hildako asko izan zen herrian; gaixotu eta gero min eta oinaze ikaragarriak jasateaz gain, gaixoek ez zituzten zazpi egun baino gehiago bizirik irauten. Horrela gertatu zen, esate baterako, Azkoitiko Makaloeta eta Olariagako etxeetan, baita Larramendi dorrean zein Umansoro baserrian ere. Etxe horietako bizilagun batzuk izurrite haren ondorioz hil ziren.
Gizarte patriarkal hark ezarritako arauak hausten zituzten emakumeekin hartzen ziren neurriak oso zorrotzak ziren, eta askok, maiz, kartzelako bidea hartu behar izaten zuten. Baina, emakumeak espetxeratzeak arazo larri bat zekarren; gizonengandik bereizita kartzelatuta eduki behar ziren, eta hori ez baitzen posible herri askotan, gehienetan kartzela bakarra baitzegoen. Azkoitian bazen emakume horientzako harrera-etxe bat (bizitza txarreko emakumeentzako harrera-etxea edota giltzapetze-etxea). Probintziako herri gehienetan ez zen horrelakorik, ordea, eta ondorioz, Peñafloridako konde azkoitiarrak Valladoliden (Espainia) haientzat egokia zen kartzela batean giltzapetzeko ahaleginak egitea aholkatu zuen, 1734ko Batzar Nagusietan. Bide batez, kondeak gomendatu zuen han preso hartutako emakumeak seme-alabengandik banatzea eta azken horiek zaintzeaz aldundia bera arduratzea.
Denboran aurrera eginda eta gaiz aldatuz. Aurreko mendean, Alfontso XIII.aren erregetza garaian, emakume idealaren profila emakume pasiboa, menekoa, emaztea eta ama izatearena zen. Emakumearen lekua etxean zegoen. Dena den, Azkoitian desberdina izan zen; izan ere, gure herrian finkatu ziren lantoki handiek langile asko behar zituzten, gizonak zein emakumeak. Hori horrela, Azkoitiko lantegiek garai nahasiak bizi izan zituzten sindikatuen aldarrikapen ondorioz; emakume langilearen borroka jarduera esanguratsua eta funtzezkoa izan zen joan den mendearen lehen laurdenean izandako greba-mugimenduetan. Lan munduan aktiboki esku hartzeaz gain sindikatuetan afiliatuta zeuden, eta beste errebindikazio batzuen artean, gizonen soldata berdinak eskatzen zituzten. Garai hartako mobilizazioetan emakumeek izan zuten parte hartzearen adibide gisa, 1920ko urriko gertakariak aipa daitezke. Emakumeak manifestazioaren buruan zihoazela, Xumarraneko amak hanka bat zauritu zuen Guardia Zibilaren tiro batez. Dena den, garai hartako sindikatuak kexatu egiten ziren emakume ezkonduek industria jardueretan lan egiten zutelako, etxeko lanak egin eta umeak zaindu beharrean. Sindikatuen esanetan, familia buruari zegokion familiaren mantenua. Horregatik, emakumea ezkondu bezain laster lantokietan lan egiteari uztea izan zen ohikoena Azkoitian.
Bestalde, herriko emakumeak adin nagusia izatera heltzen zirenean, ordaintzen edo mantentzen zituzten etxeetan zerbitzatzen zuten, eta, horregatik, normalean hiriburura joaten ziren. Beste irteera bat ere bazegoen, komentu batean sartzearena, alegia. Garai batean, oso ondo ikusia zegoen etxeko alabetako bat moja izatea. Azken finean, bizitza erlijiosoa eta espirituala aterpe bat edo zeru-kartzela bat izango zen haietako askorentzat.
Horrez gain, garai hartan baziren gizonentzat bakarrik ziruditen lanpostuak, besteak beste, ikastetxeko irakaslearena. Urteak igaro ahala, eskoletako maistrak ugaritzen hasi ziren, nahiz eta horiek beraien lanean jarduteko oso baldintza bereziak bete behar izaten zituzten. Maistra haien lan-baldintzak zeinen partikularrak ziren ohartzeko, ikusi besterik ez dago 1923an itun baten bitartez Eskolako Hezkuntza Kontseiluak Azkoitiko maistra bati hurrengo zortzi hilabetez eskola emateko ipinitako betebeharren zerrenda. Beste batzuen artean, betekizun hauek agertzen ziren itunean:
- Denbora horretan ezin zuen ezkondu.
- Ezin zuen gizonekin ibili.
- Kotxean gizonekin bidaiatzea debekatua zuen, nebekin edo gurasoekin izan ezik.
- Ezin zuen herriko izozki-dendetatik gertu paseoan ibili.
- Kolore biziko soinekorik ezin zuen jantzi, ezta ilea tindatu ere. Aurpegirako hautsak erabiltzearekin batera, debekatua zuen ezpainak pintatzea.
- Bi gonazpiko jantzi behar zituen gutxienez, eta ezin zuen orkatiletatik bost zentimetro baino gorago geratzen zen soinekorik erabili.
- Debekatua zuen zigarroak erretzea eta alkohola zuen edaririk edatea.
Gauzak pixka bat aldatuz joan ziren, eta Hego Euskal Herriko emakumeek 1933an izan zuten lehen aldiz botoa emateko eskubidea. Eskubideetan aurrerapausoa zekarren itxaropena hiru urte geroago zapuztuko zen, Francoren diktadura iritsi zenean, alegia. Gerra garaian, 1937ko urtarrilaren azken egunetan, erregimen berriaren aurka aritzeko herritik ihes egin zuten kide bat edo gehiagoko familien zerrenda osatzeko agindu zuten Francoren gudalburu nagusiek. Altxamenduaren aurka aritzeko herritik ihes egindako horiei herrira itzuli eta arma entregatzeko aukera eman zitzaien, bide batez, absolbituz. Hori egin ezean, beraien senideak herritik kanporatuko zituztela mehatxatu zituzten. Horren ondorioz, otsailaren 9an Azkoitiko sei emakume eta bederatzi neska-mutil bidali zituzten arrisku gehien zegoen gerra eremurantz, Eibar aldera. Familia haiez gain, Azkoitiko emakume gehiago izan ziren zigor gisa neurri anker haiek eta beste batzuk jasan zituztenak. Baziren bularreko haurrak hartuta borroka gogorrenak eta arriskutsuenak bizi ziren gerra-gunera bidalitako emakumeak ere.
Gerra osteko lehen hamarkadetan, emakumeek erabateko murrizketa eta bazterketa jasan zuten. Beraien jarduerak, oro har, etxe eremuko lan isilera mugatzen ziren; bertako lan guztiak egiteaz gain, haurren eta adinekoen zaintza ere beraien lan bilakatu zen. Azkoitian ere horrela gertatzen zen, eta gainera, debekua besterik ez zen emakumeentzat. Elizak eta herriko agintari tradizionalistek ez zuten aukerarik galtzen jarraibide moralistenak zein atzerakoienak ezartzeko, eta nola ez, gehienetan emakumeak izan ohi ziren aplikatzen zituzten legeen eta arauen ondorioak jasaten zituztenak. Horrela, herriko emakumeei eragiten zieten debekuen artean zeuden prakak janztea, tabernetan sartzea eta erretzea galaraztea. Bizikletan ibiltzea ere galarazia zuten, "dotorea" ez izateaz gain "arriskutsua" zela adieraziz, emakumeei antzutasuna, abortua edota eszitazio sexuala eragin ziezaiokeelako. Dena den, are eta arau gogorragoak jasaten zituzten Mariaren alabak kongregaziokoek; horiek hondartzara galtzerdiekin joan behar izaten zuten, eta beso motzeko arroparik ezin izaten zuten erabili. Garai hartan, emakume guztiak gonak jantzita ibiltzen ziren, eta horien luzera ere kontuan hartzen zen. Hori horrela, bazen doktrinara joan eta soineko barrena askatu zionik ere, oso motza zelakoan. Dantza lotua ere debekatua zegoen, eta Azkoitian neska asko bidali zituzten kongregaziotik dantza lotua egiteagatik; izan ziren eskumikatutakoak ere. Baina, hori guzia ez zen okerrena; ezarritako moral-ordenaren praktika betetzen ez zuen pertsona oro salatzean oinarritzen zen herrian bizi zen giroa.
Garaiko feminitate ideala etxeko lanetan aritzean eta amatasunean oinarritzen zen, baina, era berean, kastitateak ere oso garrantzi handia zuen. Kastitate sexualak erabatekoa izan behar zuen hitzetan, pentsamenduetan zein obretan. Ezkondu aurreko harreman sexualak guztiz debekatuta zeuden, eta senarraren nahiz emaztearen arteko harreman intimoak sakratuak ziren, haurrak ugaltzeko soilik ziren onartuak Jainkoaren aldetik. Haragizko bekatua konfesioarekin, penitentziarekin eta zigorrarekin zegoen nolanahi ere lotuta. Horregatik, sexu praktika asko ezkutuan egiten ziren gure herrian, eta nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko, ohikoa zen gizonak zakila ozpinarekin igurztea sexua praktikatu aurretik. Baina orduan ere, gizon batek ernaltzeko ahalmena egunero duela ondo jakin arren, eta emakumea hilean egun zehatz batzuetan gera daitekeela haurdun, emakumeen gain geratzen zen antisorgailuak erabiltzeko ardura. Antzinako emakumeek erabiltzen zituzten antisorgailuak, jakina, ez ziren oso sofistikatuak. Normalean, hainbat espermizida nahasketarekin bustitako oihal edo artile bat sartzen zituzten baginan.
Gauza bat zen sexu-harremana zen, eta beste bat, haiengandik eratorritako plazera sentitzeko eskubidea; emakumeak erreprimituago zeuden bigarren kasuan. Nahiz eta sexurako gogoa izan, intziri egitea ez zegoen ondo ikusita, "emakumea ez baitzuten hezi plazera sentitzeko, plazera emateko baizik". Eta ahal bazen, gainera, isil xamar eta nabarmendu gabe.
Iragan urrunenetik, emakumea autoritate maskulino baten pean kokatu da, haren alaba edo emazte gisa. Gauzak aldatzen doaz, ordea, pixkanaka, eta azken urteotan, berdintasunaren aldeko borrokak aspaldi ezagutzen ez zuen bultzada hartu du. Azken finean, oraingo gizarte eredua gainditu eta bizitza duina erdigunean duen emakumeen eta gizonen arteko harreman berrietan oinarritutako jendartea izan behar dugu helburu.