Atzera begira

Gurea, azkoitiarrez egitea

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko aza. 5a, 17:15

Azkoitiko ikuspegi orokorra.

Kepa Alberdik urriko Maxixatzen aldizkarirako egindako 'Atzera begira' ekarpena: 'Gurea, euskaraz egitea'.

Azkoitiko herritarrak beti bizi izan dira euskaraz, gurasoetatik seme-alabetara pasatuz, eguneroko erabilerak ahalbidetu baitu antzinako euskara jatorraren arrastoa ez galtzea, nahiz eta gizaldietan, bere egokitze prozesuan, beste moldaketa batzuk hartu izan dituen.

Azkoitian hitz egiten den euskalkia, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaiko iparsartaldean hitz egiten dena da, bere ezaugarri bereziekin. Hemengo euskara gipuzkoarra da gehienbat, baina baditu mendebaldeko ezaugarriak, ziurrenik, Gasteiz hiri handia zenean, hara heldu, eta handik zabaldutako jatorria dutenak. Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Bergarako hizkeraren eragina ere heldu da Azkoitira, herri horiek industria-gune indartsuak izanik, azkoitiar asko joaten baitzen hango lantokietara lanera. Azkoitiko euskarak herri horietako hizkerarekin duen loturaren adibide, -teke edo -tzeke atzizkia da: jasotzeke, eitteke edota ikusteke hitzek adierazten duten moduan. Arraroa bada ere, Azpeitiko euskarak ez du horrelako eraginik, historian zehar Eibar aldeko herri horiekin askoz harreman gutxiago izan baitu. Baina ez da gauza bera gertatzen hitzaren bukaerako a hizkiak, kasu askotan, ie forma hartzen duenean; hori ere Gasteiztik etorritako joera da, baina kasu horretan Azkoitian, Azpeitian zein Errezilen era berdinean erabiltzen da; ez, ordea, Bidanian eta harantzagoko herrietan.

Bada beste joera xelebre bat Azkoitiko eremu desberdinetan entzun daitekeena: herrian erabiltzen den -xe bukaera, esaterako, Martirieta auzoan -ye bukaera erabiltzen dute erabat, Azpeitian bezala. Bestalde, Jauregi baserritik gorako baserrietan ere ohikoa da -dxe antzeko bukaera entzutea, eta esan daiteke Olaso eta Madariaga aldean ere desberdin hitz egiten dela.

Madariaga auzoa.

Orain arte, tokian tokiko euskara erabili bada ere, azken hamarkadatan gero eta gehiago baliatu da euskara batuaz, kasu batzuetan besteena ulertzeko, eta besteetan, beraiek norberarena konprenitzeko. Batua tresna garrantzitsua da euskara mundura hedatzeko, eskualde eta herrialde desberdinetakoak elkar hobeto ulertzeko, besteak beste. Baina ezin da azkoitiarron euskalkia, batuaren mesedetan, alde batera utzi. Biak dira hizkuntza beraren aberasgarri, bakoitza bere esparruan. Horregatik, ezinbestekoa da Azkoitiko euskalkia bultzatu eta egunerokoan erabiltzen ahalegintzea. Egia da Azkoitiko hitz jator asko galtzen ari direla, eta gezurra badirudi ere, gaur egun ulergaitzak egingo diren era askotako esaldiak egon daitezke, nahiz eta horiek Azkoitiko betiko hitz jatorrez osatuta egon. Hona herriko hitzekin osatutako esaldi batzuk: "Gorri hots ederra atera zuen konpezinauak, zarboari erreprentzixue egin arren, honek zelemon eitten zuela eta", (Maldizio ederrak bota zituen auzoko arduradunak, pertsona gaiztoari errieta egin arren, honek edozer gauza egiten zuela eta); "boldoxorra izateaz aparte, xipulerue eta purtzille zen", (gizajo antzekoa izateaz gain, ilea ez zuen garbitzen eta narratsa zen); "puzkerbutroiak ere beti txerri einda ibiltzen zittuen", (galtzontziloak ere beti zikinak erabiltzen zituen).

Senide eta tartekoen izen asko ere galtzen ari dira, askoz gutxiago erabiltzen direlako

Azkoitian, bertako hitz asko galdu dira eta galtzen ari dira, eta horren arrazoi nagusienetakoa zera da: garai bateko hainbat tresna, diru, arropa eta abar gaur egun ez dira erabiltzen, eta horrek eraman du haien izenak galtzera. Baina euskara batuak ere badu bere eragina, herrian egunerokotasunean erabiltzen diren hitzen lekua bereganatzen ari baita, pixkanaka. Errealitate hori baieztatzeko, hona hemen adibide batzuk: aittitte eta amama / aitona eta amona; laino / hodei; ilatargi / ilargi; keriza / itzal; jakina edo bai ba / noski; ahalegindu / saiatu; laga / utzi; tente / zutik. Hori horrela, umeek beren aitona-amonei euskaraz zein gaizki hitz egiten duten aurpegiratu diete kasu direnak konplexuz betez. Horregatik, hain gureak diren hitz jatorrak mantendu eta irakatsi behar dizkiegu ondorengoei, bestela, laster galduko baitira artamoruz, bixen bittertin, naxena, ostin, txaplanin, mixerikordiko madrie, ixixe eta beste ehunka hitz jator.

Azkoitiko euskaran, era desberdinetan dei daiteke gauzei, tresnei, eguraldi fenomenoei, pertsonen izateko erei eta abar. Pertsonaren izaerari dagokionez, tontoari deitzeko, adibidez, azaostrue, lapikoa, artaburua, tentela, kaskajoa, txoriburu, txoripitue eta tankerako hitzak erabiltzen dituzte. Era berean, homosexualei, gehienetan modu iraingarrian deitzeko, era hauek erabili izan dira: atzelaixe, beste espalokue, mari mutil eta titolixe.

Animaliei deitzerakoan, lehen hemen bertan bakarrik erabiltzen ziren izen batzuk bere lekua galtzen ari dira. Esate baterako, attitte mendikoteko izena erabili kakarraldoari deitzeko? edo katamarrue, basakatuari deitzerakoan? Horiek dira gorde behar ditugun izenak, horiek baitira geureak. Gerta liteke, halaber, animalia bat izen bakar batez identifikatzea, haren ezaugarri edo berezitasunengatik bere izen propioz bereiztea hobe litzatekeenean. Adibide bezala txerrixe izena ipini dezakegu, bertako baserrietan, betidanik, katxapue deitu izan zaionean txerri arrari, apue txerri ar zaharrari eta ordotsa txerri ar gazteari. Gauza bera gertatzen da baserrietako animalia emeek estalketarako arrei deitzen diotenean, ernaldu edo estali hitzak soilik erabiltzeko joera gero eta handiagoa baita, betidanik, animalia mota desberdinak kontuan hartuz, honako deiturak erabili izan direnean: arkea (ardia ar eske dagoenean), igel (behorra ar eske dagoenean), irausi (txerria ar eske dagoenean), edo susa (behia ar eske dagoenean).

Martitte auzoa.

Azkoitiko euskalkiaren aberastasuna, era berean, sinonimo desberdinak erabiltzeko modu ugarien bidez neur daiteke, kasu bakoitzean ematen diren bereizgarriak kontuan hartuta. Esate baterako, zarata adierazteko, burrundaie, danbaie, kurruxkaie, ardaxe eta abar erabiltzen dira. Kantitatea adierazteko berriz, galanki, mordue, lepo eta pillue erabil daitezke, besteak beste.

Elikagai eta otorduen deiturei begiratzen badiegu, afai-legie, amortzue, albarretxikue, esnetelie eta antzekoak oraindik ere tarteka entzun arren, arraroagoak egiten zaie batzuei, zer esanik ez gazteei, konpittie, litxerkeixe, lapikokue edo tokolue bezalako hitzek. Dena den, gai berari lotuta, badira denborarekin galtzen doazen hitzak ere, esate baterako, morokille (artirinez egindako janaria), nahazkixe (ogi integrala edo beltza), kañarie (salda egiteko erabiltzen den hezurra), entramie (jateko edo edateko erraztasuna) edo perdigaixue (olio erretan tipula botatzea). Izan ere, jateko produktuak aldatzen goazen heinean, duela gutxi arte kaleko etxeetan zein baserrietan hain arruntak ziren elikagai edo jatekoari lotutako hitz arruntak, galtzen doaz modu natural batean.

Senide eta tartekoen izen asko ere, garai batean baino askoz gutxiago erabiltzearen ondorioz, galtzen ari dira. Besotakue edo amaginarreba terminoak erabiltzen jarraitzen badituzte ere, arraro edo ezezagunagoak dira honako ahaidetasun hauek: exkurrumie (alaba edo seme gaztea), aixkirie (laguna, senargaia edo emaztegaia), ugazumie (semeordea), edo ugezarreba (arrebaordea).

Jauregi baserria.

Eguraldiari buruz erabiltzen diren hitzei begira jarrita, Azkoitiko hiztegia oso aberatsa da, bai bertan oraindik euskara jatorrak duen indarragatik eta baita baserri giroa bizirik mantentzen delako, azken eremu hori baita, neurri handi batean, lanbide eta ohitura zaharrei eutsiz, horiei lotutako hitz eta esaera zaharrak mantendu dituena. Erromako zubixe, landurie, euzki galdie, serenue edo lantzurdie izen ezagunak eta ohikoak badira ere, ezin berdin esan oiñeztarrixe (tximista), euterie (toki eguzkitsua) edo illuniztentzixe (gaua denean edo ilundu duenean) hitzengatik. Baserriko tresna eta lanbideen jatorrizko izenek ere galera handia jasan dute, lanen mekanizazioaren eragina tarteko. Adibidez, zopizerrin eiñ (belarra azaletik moztea) lanari ematen zaion izena ia ez da erabiltzen. Lan tresnei dagokionez, aiotza, pertxuna eta zokor mazue bezalako tresnen izenak oraindik ezagunak egiten badira ere, artojoixe (artaburuak jotzeko tresna) eta ozpikue (bi hortzeko sardea) galtzen ari diren tresna izen batzuk dira.

Gorputzaren atal desberdinak izendatzeko moduari dagokionez, badira herrian ondo errotutako hitzak, esate baterako, atxakarrena, estesobrie, koskabiluk edo tripeko botoie. Gaixotasunak izendatzerakoan, gaiz askok izen propioa dute herrian, esate baterako, astanaparreixe eta gornixe. Azalean izaten diren infekzioek ere izendegi luze eta zabala dute: zulderra, perlie, azkordiñe (ospela), garitxue, azpizarra, erlakristena, bekatxue, legena, etab.

Herrian erabiltzen diren aditz asko ere oso errotuak daude aspalditik, eta oraindik erabiltzen dira horietako batzuk: harrike bota, merkexurrin ibili, ostixena jo, karriau, laptratx ein eta andarikun ibili. Normaltasunez erabiltzen jarraitzen diren onomatopeiak ere badira: di-da (azkar) edo kili-kolo (kolokan). Baina badaude egun hain ezagunak ez direnak ere: zinbili-zonbolo (kulunka), ranga-ranga (ura edaten) edo blaust (luze erortzea), adibidez.

Diru txanponen aldaketek ere beti markatu dute garaian garaiko diruari deitzeko modua, eta horra non, gaur egun herriko aittitte-amamei errila (25 zentimoko txanpona), errilbikue (50 zentimoko txanpona), txakur haundixe (10 zentimoko txanpona), hiru kuartokue (txanpon bat), xemeikue (bost zentimoko txanpona) imillaune (erreal baten laurdena) edo pezeta haundixe (bi pezeta eta erdiko txanpona) entzuterakoan ez zaizkien batere arrotz egiten izen horiek, bertako gazteei ez bezala.

Olaso auzoa.

Elizkizunek, prozesioek eta, oro har, kristau fedeari lotutako ospakizunek ere hiztegi berezia dute. Horrela, kanpai-ukituei edo kanpaiei beraiei ematen zaien izen desberdina (dun-dun haundixe, dun-dun zaharra, matutixe…), Aste Santuko prozesioan irteten den soldadu erromatarra (armatue) eta antzina deabruari deitzeko modua (inpernuko txikito) aipa daitezke.

Bestalde, pilota jokoak eta abarketaren industriak aparteko kapitulu bat merezi dute Azkoitiko euskalkiari eskainitako lanean. Bata zein bestea oso errotuta egon dira Azkoitiko biztanleen bizitzan, eta, horregatik, bi gai horiei lotutako lexikoa oso aberatsa da herrian. Pilotari dagokionean, Kontzejupean "pilotan kurutze barruan jokatzea", pilotak barruan eramaten duen egur zatia kixkixe, pilotak bi horma arteko ertza jotzen duenean paretxiki, edota horma eta zoruaren arteko ertza jotzen duenean txosta hitzak dira Azkoitian pilota joko kontuan erabiltzen direneko batzuk. Abarketa munduan, berriz, badira aurreko belaunaldiei entzun eta oraindik gogoan diren hitz batzuk: abarketak jostearena (errefortzaketa) eta bost dozena abarketei ematen zaion izena (txortie), adibidez. Herritarren artean hain ohikoak ez diren beste hitz batzuk ere badaude: abarketei tela jostea (kapillaketan eittie), abarketak josteko modu bat (tariketie) eta txortan egiteko erabiltzen zen hariaren izena (txarrantxie), esate baterako.

Azkoitiko hizkeraren argazki xume honetan aipatutako hitz jator asko oso ezagunak egingo zaizkie herriko zaharrenei, eta erabat ezezagunak bertako gazteei. Hitz horietako asko eta asko altxor dira oraindik, eta azkoitiar gisa, horiek berreskuratu, babestu eta indartzen saiatu behar dugu. Horretarako, gakoa Azkoitiko euskalkia naturaltasun osoz erabiltzean datza. Batua eta biak dira zuzen, egoki, adierazgarri eta aberatsak, baina ezin dugu Azkoitiko euskara batuaren mesedetan abandonatu. Herriko euskalkiak aparteko gatza eta piperra ditu, eta azken finean, gureagoa dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide