Atzera begira

Erroten eta burdinolen garaietara bueltatuz

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko ira. 6a, 09:49

Igaraberriko errota.

Kepa Alberdik historian zehar herrian egon diren erroten eta burdinolen berri eman du honako ekarpen berri honetan.

Mendeetan, errotek eta burdinolek ezinbesteko eragina izan dute bertako herritarren eguneroko bizitzan. Azkoitiko ibaien eta erreken ibarretan ohikoa izan da, ogia egiteko edo abereentzako pentsua lortzeko, harri artean zereal desberdina xehatzen zuten errotak ikustea. Errotekin batera, burdin-materiala lantzeko eta burdina ekoizteko antzinako burdinolek ere, ibai eta erreka ertzetako paisaia osatzen zuten. Horrela, Azkoitiko ale-errotei buruzko lehen erreferentzia historikoa 1378. urtekoa da, sendien errotak aipatzen dituen Jausoro familiaren testamentu bati buruzkoa, hain zuzen ere. Hemengo burdinolei dagokion lehen aipamen dokumentatua, berriz, XV. mendekoa da, nahiz eta erregeak 1324an herria sortzeko baimena eman zuenean, hemen izan zitezkeen burdinolak aipatzen zituen.

Aizpurutxoko errota, elizaren ondoan.

Andegi errota.

XVII. mendean, artoaren lanketaren hedapenarekin batera, nabarmen handitu zen erroten kopurua, eta XVIII. mendean izan zuen loratze aldia. 1809an, honako hamasei errota hauek zeuden Azkoitian: Aldatxarren, Landakaranda, Jausoro, Bizkargi, Juin, Ezkidi, Igaraberri, Intsausti, Ugarte, Olaberriaga, Egurbide, Baliaras, Mekoleta, Baztarrika, Igaran eta Bolintxo. Horiekin batera, Azkoitian izan diren beste errota batzuek ere aipatu daitezke: Iribe dorreko errota, Errekaldekoa, Igarangoa eta Eguzkizakoa, besteak beste. Errota horietako batzuek aurreko mendearen erdialdearen ondoren utzi zioten funtzionatzeari. 1870ean, hamabi ziren bere lanean zirauten errotak. Errotek herriko ibaietan eta erreketan eraikitako presetatik hartzen zuten ura, baina baziren presa berdinetik banatzen ziren urak ere, eta kontu horrek liskar ugari sortu zuen errota jabeen artean. Esate baterako, Intxausti eta Ugartekoen arteko tirabirak entzutetsuak izan ziren bere garaian, eta zer esanik ez, jausorotarren familia boteretsuak Landakarandako jaunekin izandakoa, biek ala biek Urolako ur korronte beraren aprobetxamendua erabiltzen baitzuten. Dirudienez, Jausoroko jauna oso aberatsa zen eta handiki agertzen zen beste errotarien aurrean. Gainerakoak kontuan hartu gabe, presak eta ubideak eraikitzen zituen hark. Hori horrela, Bertranzako Juan Martinez jaunarekin eta beste herritar batzuekin auzi bat baino gehiago izan zituen.

Landakaranda errota.

Landakarandako errotarria.

Azkoitiko zenbait errotak mendeetan zehar jardun dute funtzionatzen. Bizkargiko errotak zuen urtean anega gehien xehatzeko gaitasuna. 1587koa da errota haren lehen albistea, eta orduan, Santxo Irureta zen hango jabea. 1749an, berriz, Arkoko Dukesa alarguna eta 1847an Marques de los Balbases deiturikoa izan ziren errotaren jabeak, hurrenez hurren. Mendeetan zehar milaka anega gari eta bestelakoak xehatu ondoren, Miserikordia etxe ondoko obra berriak zirela eta, herriko eremu hori zabaltzen hasi ziren, eta errota hura ere itxi egin behar izan zuten. Bizkargiko errotaren ostean, Jausoroko errotak zuen urtean anega gehien xehatzeko gaitasuna. Mende batzuetan zehar, Urola ibaiaren uren kontrola Jausoro familiarena izan zen, eta kanal baten bidez, Landakaranda aldetik ekartzen zuen motor gisa erabiltzen zuen ura. Dirudienez, Jausoroko errota, bertako burdinola baino lehenagokoa da; Aldatxarreneko errota, aldiz, erre egin zen 1656an. Narrosko Markesak zuen haren jabetza 1847an, eta orduko paperek diote, herriko errotarik garrantzitsuenetakoa zela, bere kapazitatea kontuan hartuta; 1982an utzi zion funtzionatzeari azken errota horrek. XVII. menderako, Landakarandako errotak lanean ziharduen, eta oraindik bada gure herrian izen horrekin ogia egin eta banatzen duen familia ere; Egurbideko errotak ere leku berezia merezi du gure herriko erroten historian. Errota hori, Elgoibarko errepidearen ondoan zegoen, eta haren hondakinak, Egurbidetorre baserriak eta Aingeru Guardako ermitak osatzen duten multzo eder baten zati dira. 1554koa dugu Egurbide errotaren lehen albistea, eta bere ubidea bertako burdinolarentzat ere erabiltzen zuten.

Aldatxarren errota.

Aldatxarren errotako pisuak.

Aldatxarren errotako tresnak.

Egurbide burdinola eta Aingeru Guarda.

Egurbide burdinola barrua.

Errota horietako askok kalte larriak jasan zituzten euriteek eragindako ur-korronte handiengatik eta bertan sortutako suteengatik. Kalteak konpontzeko laguntza udalari eskatzen zitzaion, eta udalak, normalean, onartu egiten zituen eskaerak, are gehiago erroten jabeak zeintzuk ziren jakinda; izan ere, garaiko jauntxoek bezala, Elizak berak ere bazuen errota horietako batzuen jabetza. Esate baterako, XIX. mendean, Marques de los Balbases deiturikoa zen Bizkargiko errotaren jabea; Narrosko Markesa Aldatxarreneko errotaren jabea; Peñafloridako Kondea Intxaustiko errotarena; Hurtado de Mendoza Igaraberri zein Igaran errotena; eta Arkoko Dukesak zuen Errekalde errotaren jabetza. Bertako jauntxoek zuten, batez ere, herriko errota handienen jabetza. Are gehiago, beraien influentzia baliatuta, beraienak ez ziren beste erroten jarduerak erregulatzen eta kontrolatzen zituzten. Esanda bezala, Elizak ere bazituen errota batzuk bere jabetzan. Besteak beste, 1758an Jesusen Lagundiaren jabetzan funtzionatzen zuen Ugarteko errota eta 1847an Santa Klarako lekaimeen jabetzapean zegoen Juingo errota. Bestalde, jabeek zuzenean erabiltzen ez zituzten errotak, errenten truke aritzen ziren errotariek ustiatzen zituzten, eta horiek ugazabei dirutan edo irinetan ordaintzen zieten. Lanaren truke, irindu beharreko alearen pisuarekiko proportzionala zen diru-kopurua kobratzen zuten, eta ordainketa, tradizioz, %10ekoa izan ohi zen. Errotak, gehienetan, herriko klase aberatsenen esku zeuden, horien errentekin ahalik eta etekin handienak lortzeko.

Olaberiaga errota.

Olaberiaga errotan, pisatzeko tresna.

Olaberiaga errotan, ubideko ataska.

Errotek garrantzi handiko jarduera izan badute gure herrian, zer esan burdinolen aktibitateari buruz. Azken horiek ere garapen handia eman zioten gure herriari, bereziki XIV. mendetik XVIII. mendera. Azkoitia oso leku egokia bilakatu zen burdinola hidraulikoentza, batez ere ibaietako eta erreketako ur azkarrak jasotzen zituelako eta egur asko zuelako inguruan. Txondorretan egindako egur-ikatza erabiltzen zuten, pagoarena gehienbat. Orduan ugaria zen bazter hauetan pagoa, horretarako propio landatzen baitzen mendi eremu askotan. Urteko lan kanpaina euriaren araberakoa izaten zen, horrek baldintzatzen baitzuen ibaietako eta erreketako ur emaria. Horrela, azaro aldera hasten zen ekinaldia, eta apirila edo maiatza aldera amaitzen zen. Burdinolak martxan ez ziren gainerako urte zatian, zuhaitz, txara nahiz sasiak mozten zituzten basoan, burdinoletako labeetarako behar zuten ikatza egiteko.

Hemengo burdinolen osagarri nagusiak, funtsean, honako hauek ziren: presa bat ura hartzeko, ubide bat ura bideratzeko, ur biltegia edo antepara, tunel hidraulikoa, ardatza bere gurpilekin, eta azkenik, tailerra bera. Tailerra osatzeko, berriz, honako elementuak behar izaten ziren: haize harria edo bergamazoa (sutegiaren eta hauspoaren arteko pareta), labea, hauspoak, haizearka (labeko sua pizteko hauspoen ordezko sistema bat) eta gabia (mailu hidrauliko handia). Ekoizpena neurrikoa izan zedin, burdinolek azpiegitura sendoa eta landua eskatzen zuten. XVI. mendean, forjaketa lantegi txikiak ere zabaldu ziren. Horiek sutegi txiki bat zuten, eta etxepe edo teilatupeetan kokatzen ziren. Oso ekoizpen xumea zuten, altzairuzko burdin zati bat hartu eta sutegian berotu ondoren, ingude gainean jarri eta eskuzko mailuarekin kolpatuz burdinari forma ematea baitzen lan horren funtsa.

Egurbide burdinolako presa.

Egurbide burdinolako ubidea.

Egurbideko burdinolan, antepararen ur-biltegia.

Azkoitiko herriarekin hain lotura estua duen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak burdinaren ekoizpena hobetzeko zenbait berrikuntza egin zituen 1765. urtetik aurrera. Esate baterako, larruzko hauspoen ordez oholezko hauspoak ezartzeko saiakerak egin zituzten, azken horiek askoz merkeagoak baitziren. Saiakera horrek harrera ona izan zuen, eta aldaketa tekniko oso garrantzitsua ekarri zuen burdinolen etorkizunerako.

Inguru hauetan burdinolek aktibitate handia izan zuten mendeetan zehar. Esate baterako, Gipuzkoan 94 burdinolek funtzionatzen zuten XVIII. mendean. Hala eta guztiz ere, hiru mende lehenago ere bazen Azkoitian burdinola bat, gero herriko burdinolarik garrantzitsuena izango zen Jausorokoa, hain zuzen ere. Jausorokoak burdinola handia eta txikia zituen. Kanpotik burdin minerala eramaten zuten hara burdinazko piezak egiteko. Gero, lapikoak, giltzak eta era askotako tresneria lantzen zuten, horien artean pikak (lantza luzeak). Horregatik deitu izan zaio Kurutzia baserriari La Piqueria. Txalonerrekak zein Katuin errekak eta Urola ibaiak bat egiten duten Jausoroko eremuan, errotak eta burdinolak kokatu zituzten duela mende batzuk. XVIII. mendean, Azkoitiko Zalduntxoek zeramika-fabrika sortu zuten toki horretan; XIX. mendearen hasieran, ostera, beste manufaktura mota batzuk ikertu zituzten. Larrua ontzen hasi, antezko lantoki txikiak sortu eta artilezko ehun zein oihal lantegia ireki zuten; 1846an, Jausoroko burdinola nagusiaren hondakinen gainean, Boinas Jausoro fabrika ospetsuak abiatu zuen bere ibilbidea. Beraz, esan daiteke, Jausoroko leku estrategiko horretan kokatu izan dela, gutxienez azken 500 urteetan, azkoitiarren jarduera ekonomikoaren motorra.

Errotaberri.

Igaran Goiko errota.

Oso gutxi idatzi izan da Azkoitiko burdinolez, baina paper zaharrak arakatu ondoren, Jausoroko burdinolaz gain, Egurbide, Egino, Isasaga, Larrua eta Kukuerriko Abiola burdinolak ere agertzen dira. Erdi Aroan lanean aritu zen Egurbideko burdinola, adibidez, oso ezaguna izan zen bere garaian, ondoren errota bihurtu baitzen. Oraindik ere, ikus daitezke haren aztarnak Aingeru Guardako ermitaren ondoan.

Gure herriarentzat burdinolen ibilbidea oso emankorra izan bazen ere, ezkutatzen hasi ziren XVIII. mendean bertako burdinolak. Beste baldintza batzuen artean, honako hauek izan ziren horiek desagertzeko arrazoi nagusienak: labeak berotzeko behar zen egur-ikatza egiteko landatuak ziren basoak etengabe eta neurrigabe moztea; behar ekonomikoek eraginda, burdina eta altzairua ateratzeko, egur-ikatzaren ordez ingelesak burdingintzan harrikatza erabiltzen hasi izana; eta totxoak eta arrobioak egiteko labe garaiak kokatu izana.

Urteen joan-etorrian, Azkoitiko errotariak eta olagizonak izan dira gure ibaien eta erreken ertzetako erroten eta burdinolen lanbideak bizirik mantendu dituztenak. Era berean, gure herriko kultur ondarea are gehiago goratu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide