Herri baten bizitzan garrantzi handia dute garraiobideek, eta gaur egun imajinaezina bada ere, XIX. mendera arte herri xeheak oinez egiten zituen ibilaldi luzeak nahiz motzak. Mende hartan erabat desagertu ziren oinez egiten ziren bidaia luzeak, eta distantzia laburrekoak ere asko murriztu ziren. Herri batetik bestera mugitzeko, animaliaz tiratutako gurdiak eta diligentziak nagusitu ziren orduan. Harrezkero, pertsonak garraiatzeko lokomozio motak izugarri ugaritu dira, baita teknologikoki aurreratu ere.
Azkoitian ere, herri batetik bestera mugitzeko, aurreko mende hasierara arte ez zen ezagutu animaliaz tiratutako diligentzia besterik. Errexileneko diligentzia izan zen inguruan ezagunenetakoa, Genaro Lopezek zuen omnibus izenez ezagutzen zena. Urolako trena inauguratu zenean, 1926an, ez zegoen ia beste garraiorik herrian. Soilik Donostiara joaten zen autobusa zegoen, eta gainerakoan, Errexil taberna aurretik ateratzen zen diligentzia. Francisco Arzallus Errexil bera zen etxe azpian zegoen zalditegiaren garraio eta diligentzia negozioaren jabea. Diligentzia hura Arroara, Zumarragara eta Elgoibarrera joateko erabiltzen zuten herritarrek. Garai hartan ez zen autorik herrian, eta pixka bat geroago ere, soilik bi edo hiru ziren, Zelaiarena eta beste bakarren batena.
Urola eta Deba bailaren arteko komunikazioa betidanik izan da garrantzitsua, baina Azkoititik Elgoibarrerako joan-etorria egiteak beti izan du oztopo bat; Azkarateko gaina igo eta jaistea, hain zuzen ere. Aldapa horiek gogorrak eta nekagarriak izan ziren ibiltarientzat nahiz ibilgailuentzat, harik eta errepidea zein garraio baliabideak hobetu ziren arte. XIX. mende erdi aldean izango zen tartean-tartean bi herri horiek lotzen zituen animalia garraioren bat, baina gerora ezagutu zen Elgoibar-Azkoitia- Elgoibar bidea egiten zuen sei zaldiko posta gurdia. Gidaria aurrealdean joaten zen, kanpoaldean eserita, garai hartako bide bihurri eta zulogunez beterikoa ahal zuen erarik trebeenean igarotzeko. Diligentziak joaterakoan zein etortzerakoan geldialdia egiten zuen Azkarateko Kurutzeta baserrian, eta atsedenaldi bakoitzean hiru zaldi aldatzen zituen. Aurreko mendeko lehen hirukoan, bideak konpondu eta beste segurantzia batekin ibiltzeko moduan prestatu zirenean, La Guipuzcoanaren autobusak hasi ziren bide hori egiten, animaliaz tiratutako diligentziaren ordez. Gerora, gure herrian hain ezagunak diren Anton Haundi, Usula, Bravo, Joxe Patatero eta txoperratarrak hasi ziren bide hori eta beste batzuk egiten CAV enpresaren Compañia Autobuses vascongados autobus zuri-gorriekin. Azkoititik Elgoibarrerako edo alderantzizko bidaia egiten zuen konpainia haren autobusak, eta bidaiari arruntak, langileak zein baserritarrak garraiatzen zituen; azken horiek esne marmitekin eta barazkiekin joaten ziren, produktuak ondoko herrian saldu ahal izateko. Autobus hura hartu behar zutenek Azkarate gaineko Buenos Aires gailurreko Mamuen etxearen ondoan itxaroten zuten. CAVek Landakandan zuen garajea, eta autobus haiek beren denbora behar izaten zuten bidaia bakoitza egiteko. Izan ere, Azkarateko edota Zumarragako bideetan autobusaren moteltasunari errepidearen bihurritasuna gehitzen zitzaion, eta gidariek maniobrak egin behar izaten zituzten bihurgune bat baino gehiagoetan.
Extremadurara dauden 800 kilometro egiteko, 24 ordu pasatzen zituzten autobusez
Pertsonak garraiatzeaz gain, diligentziak eta autobusak posta edo karga txikiak ere eramaten zituzten Azkoititik Elgoibarrera eta alderantziz. Esate baterako, Azkoitian ekoizten ziren abarketen zolak edo azpiak egiteko jutea itsasontziz eramaten zuten Indiatik Bilboko portura, eta handik trenez bidaltzen zuten Elgoibarrera, bloke handietan. Elgoibartik Azkoitira lau idiko gurdietan garraiatzen zuten hasiera batean, eta gero, Hispano-Suiza motako kamioiek hartu zuten erreleboa. Ondoren, Urolako trena martxan jarri zutenean, juteak trenez egiten zuen Azkoitirako bidea. La Vascongada izan zen Urola aldean automobil zerbitzuak eskaini zituen lehen enpresa. 1917rako martxan zen enpresa hori, hango administratzaile Juan Egino jaunak eskaera luzatu baitzion Azkoitiko Udalari urte horretan, Kale Nagusiko 43 zenbakian zuen etxeko arkuetara pasabidea eskatuz, bertan garajea zuelako. Bide batez, lurzorua zertxobait kentzeko eta beheratzeko eskatu zuen, ibilgailuek arkuaren goialdearekin talka egin ez zezaten.
La Vascongada konpainiak Arroara joateko linea zuen, bidaiariek Donostiara edo Bilbora zihoazen trenak hartu ahal zitzaten gero. Aurreko mendeko bigarren hamarkada amaieran, Azkoitiko zinegotzi zen Jose Laskurainek Tolosako Etxabe eta Martija enpresako arduradunekin hitz egin zuen, hark Azpeititik Tolosara egiten zuen zerbitzua Azkoitiraino luza zezan. Berehala luzatu zuten linea Azkoitira, eta oso baliagarria bilakatu zen, jendea garraiatzeaz gain, herrira posta ekartzen zuelako.
La Guipuzcoanaren historia Azkoitia-Donostia lineari lotuta dago, eta garraio linea hori 1925ean jarri zen martxan. Bi hamarkada geroago, 1944an, Jose Manuel Azpiazu Iraeta Usula taxistak Donostiako autobus linea erosi zuen. Berak jarri zuen martxan La Guipuzcoana autobus konpainia, Usulaneko autobusak izenarekin ezagutzen genuena. Garai hartan, Azkoitia-Donostia lineak hiru autobus zituen (bi Diamond eta Stewart bat), eta egunero lau zerbitzu eskaintzen zituen: bi Donostiarako noranzkoan eta beste bi handik itzultzeko.
Hamasei urte geroago, 1960an, jarri zuten martxan Aldalur autobus enpresa Maritxu Errazkinek eta Roque Aldalurrek. Azkoitian ezagututako lehenetariko taxilaria izan zen Aldalur, eta Errazkin inguruotan autobusak gidatzen hasi zen lehen emakumeetakoa. Hasiera haietan Aldalurrek Alfa Romeo furgoneta bat zuen, eta aldaketa batzuk egin ondoren, hamar lagunentzako autobusa bihurtu zuen. Aldalur autobus enpresako ibilgailuak kanpora ere bidaiak egiten hasi ziren, Andaluziara eta Extremadurara, hain zuzen ere. Hasiera hartan, autobusean ez ziren egiten gaur eguneko moduko bidaia erosoak, bideak desegokiagoak eta autobusak eskasagoak zireako. Esaterako, Extremadurara dauden 800 kilometro egiteko 24 ordu igarotzen zituzten bidaiariek, bataz beste, 40 kilometro orduko abiaduran. Gerora, Aldalur autobusen konpainia erreferentea izan da autobus modernoak erosten, eta Irizar enpresako bi solairuko Dragón autobus modeloa erosten ere lehenak izan zen Espainiako Estatu osoan.
Dena den, herri arteko autobus lineak izan dira erabilienak eta, hori horrela, ezin aipatu gabe utzi 1970eko hamarkadan Azkoitia eta Azpeitia artean ibili zen Olariaga enpresako Urbanue eta Tolosara joaten zen Korreoa. Zein ez da gogoratzen autobus horiek gidatzen zituzten Martzelino, Jabier Txanton eta beste gidariekin? Lehenxeago aipatu dugu gerora autobus konpainien jabeak izango ziren Usula eta Aldalur aurretik taxilariak izan zirela. Horien aurreko taxi gidariek, orduko ibilgailu gehienak bezala, auto beltzak erabiltzen zituzten, eta zilindrada handikoak ziren; normalean, ehun kilometroko hogei litro erregai kontsumitzen zituzten. Garai hartako taxiak zazpi eserleku izatera irits zitezkeen. Pelikuletan sarri ikusten den moduan, bidaiariek interfono edo tturutta bat erabiltzen zuten gidariarekin hitz egiteko. Klaxonak kukutsa izenez ezagutzen ziren, eta taxilarien argotean "andre uxatzaile" ere deitzen zitzaien.
Espainiako Gerraren ostean, 1940ko hamarkadan, ibilgailu zaharkituak bakarrik erabiltzen ziren taxi-lanetarako, eta ibilgailu haiek gasogenora egokitu izan behar izan zituzten, erregai eskasia zela eta. Horrela, gidariek taxian egur-ikatz ugari eraman behar izaten zuten hezetasunetik ondo babestuta, tarteka gasifikatzailea kargatzeko. Ibilgailu zahar haiek matxura asko izaten zituzten, eta konponketak ere gidariak beraiek egin behar izaten zituzten, ahal zen neurrian. Matxura asko bidaiaren erdian gertatzen ziren, eta horrenbestez, bidaia bakoitza abentura bat izan zitekeen. Azkoitia bezalako herri txikietan, taxilari lanak ez zuen bizitzeko lain ematen, eta gehienetan, lan horrekin batera dedikazio osoa eskatzen ez zuen beste zeregin batean ere ibiltzen ziren taxilariak.
Herritar zaharrenek gogoan izango dute Luis taxilaria entzutetsua ere; Atila deitzen zioten taxia zuen, eta BI-11.111 matrikula zuen horrek. Duela hamarkada batzuk ibili zen inguruko bideetan bere taxiarekin, baina badira denboran hurbilago dauden eta horrenbestez ezagunagoak diren Joxe Patatero, Jabier Andueza, Miguel Aitxu eta Etxosta. Azken horien artean ezin aipatu gabe utzi Roberto taxilaria, adinean aurrera joan arren, herritarrei taxi-zerbitzua eskaintzen oraindik Azkoitiko taxi geltokian ikus dezakeguna. Azkoitiko taxilariek oso harreman hurbila izan dute beti herritarrekin, familia ospakizun baterako, mediku larrialdietarako, ezkontzetarako, nahiz ehorzketa batera joateko erabili baita taxia. 1960ko hamarkadara arte taxi bezero nagusiak medikuak izaten ziren, herri batetik bestera mugitzeko edo baserri batera joateko ez ezik, zaurituak eta gaixoak erietxera eramateko ere erabiltzen baitzuten horiek taxia. Taxiek anbulantzien lana ere betetzen zuten, horien eskasia zela eta.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi garai batean inguruko errepideetan gurdiarekin eta zaldiarekin egiten zen lanbide bat; errekadista. Azkoitian eta inguruetan oso ezaguna izan zen Jose Alberdi Larrañaga Kale, bat aipatzearren. Hain ezaguna zen, non Azpeitiko Parrokiako sakristian jartzen zuten jaiotzan zegoen gurdiari "Kaleneko gurdia" deitzen zion. Kalek ez zuen gaztelania ondo menperatuko, eta gurdiaren aurrealdean honakoa zioen kartela eramaten omen zuen: "Recadista zintzo y puntual, si se le paga".