Akordatzen?

Jaiotzatik bataiora artekoak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2021ko abe. 2a, 09:58

San Roman Nonatoren irudia zegoen Urrategiko ermitan.

Kepa Alberdik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako ekarpen berria: 'Jaiotzatik bataiora artekoak'.

Umeen jaiotzaren inguruko sinesmen eta erritu ugari ezagutu izan dira Azkoitian aurreko mendearen erdi aldera arte, eta kasu askotan, zeremonia handiz egin izan dira aspalditik datozen usadioak. Umea ondo etortzeko, santuen edo Ama Birjinaren bitartekaritza eskatzearekin hasten zen erritu katea, eta amak "elizan sartzea" izenaz ezagutzen den zeremonia betetzen zuenean bukatzen zen, beste hainbeste usantza tarteko.

Emakumeak erditze ona izatea eskatzearen usadioa oso hedatua egon da gure herrian, eta emakume asko Urrategi auzora joaten ziren, San Roman Nonatori dena ondo joan zedin eskatzera.

Eper kalean, elizaren atzeko atearen parean eta Errexil tabernaren fatxadan diren Ama Birjinaren bi irudiei ere, bertan dituzten lanparatxoek argia egin zezaten, olioa eramaten zieten umea izan behar zutenek, erraz erditzeko eta umea ongi etortzeko.

Beste sinesmen batzuk ere baziren, horien artean, jaio behar zuen umea mutila edo neska izango zen jakiten lagunduko zutenak. Bestalde, haurdun zegoenak jateko kapritxo bat bazuen, hura asetzeko ahalegina egiten zen; bestela, haurrak kapritxo haren formaren marka zuela jaioko zela pentsatzen zen.

Erditzea, duela gutxira arte, etxeko gertaera izaten zen, etxean bertan ekartzen baitziren mundura seme- alabak, etxeko edo auzoko beste emakumeen zein inguruko emaginaren laguntzarekin. Beraz, emakumeek baino ez zuten bertan parte hartzen, eta erditze gogorra ez bazen espero behintzat, ez zitzaion medikuari deitzen. Umea erditu ondoren, garrantzi handia ematen zitzaion plazenta azkar botatzeari, eta sabela estutzearekin batera, sarritan, botila baten muturra ematen zitzaion erditu berriari, bertan putz eginez plazenta arinago kanporatu zezan. Horren ondoren, ohikoa zen plazenta eta zilbor-hestea baratzean edo ukuiluan pilatutako simaur azpian lurperatzea. Zilbor- hestea ebaki ondoren, jaioberria barreinu baten garbitu, lehortu eta paxa bat janzten zitzaion gorputzean ondo batuta. Ondoren, ilunetan ipintzen zuten, argira pixkanaka ohitzen joan zedin.

Ama Birjinaren irudia Errexil tabernaren fatxadan.

Pasa den mendearen erdialdera arte, isilean gordetzen ziren erditzearen uneko nondik norakoak, horiei buruz hitz egitea bekatuaren hurrengoa baitzen. Bataiatu aurretik haurra musukatzea ere gaizki ikusia zegoen, baina ez umeari kutunak edo irudi erlijiosoak jartzea. Batzuetan, zilbor-hestearen zatitxo bat sartzen zen liho telazko poltsatxo batean, eta umearen paxari lotzen zitzaion kutuna moduan. Bestalde, haurrak nondik zetozen galdetzen zutenean haurrek, senideei gaia desbideratzea besterik ez zitzaien geratzen. Dena den, umeen sinesmenean, haurrak zikoinak Paristik ekartzen zituela zabaldutako istorioa baino aurrekoa da, amari erditzen laguntzen ibilitako emaginak edo medikuak berak etxera etortzean ekartzen zutela jaioberria.

Duela gutxira arte, ohikoa zen haurdunaldiaren azken egunera arte lanari gogor ekitea, eta baserritarra izanda, are eta gehiago. Dena den, umea jaio eta gero, beraien etxeko eta auzokideen laguntza izaten zuten lehenengo egunetan. Ama berriek oilo salda asko hartzen zuten, eta zopa, oilo egosia, arrautzak eta sagar erreak ere jaten zituzten. Ondo elikatu beharra zegoen, indarberritzeko eta umeari bularra emateko, amaren esnea izaten baitzen, denbora batean behintzat, jaioberriaren elikagai bakarra. Batzuetan, amak ez zuen behar beste esne izaten, eta orduan, auzoko beste ama berri bati eskatzen zitzaion bularra emateko ardura har zezan. Elosuan, duela mende bat, umeak esnea xurgatzeko nahiko indar ez zuenean edo umea hil eta amari esnea erretiratu behar zitzaionean, bertako baserri bateko gizon bat arduratzen zen amari esnea bularretik ateratzeaz.

Bularretik esnea ateratzeko ontzi zaharra.

Eper kaleko Ama Birjinaren irudia.

Jaioberriak fisikoki zuen itxura ez bazen etxekoen gustukoa, desatseginak ziren parte horiek moldatzeko joera zegoen. Horrela, umeak buru desitxuratua bazuen, hura borobiltzeko benda bat lotzen zitzaion, eta gauza bera egiten zen jaioberria belarri zabala bazen. Sudurrak ere luzanga eta estua izan behar zuen, eta hatzekin zapaldu eta luzatuz ematen zitzaion nahi zen forma. Azkenik, gerri zuzena eta tentea izateko, liho gogorraz egindako gerriko edo faxa bat janzten zitzaion.

Aurreko mendeak aurrera egin bezala usadio hori galtzen joan bazen ere, lehen umeak jaio eta gutxira bataiatzen zituzten, batzuetan jaiotza egunean bertan, eta emaginak berak janzten zuen umea bataiorako. Garai hartan, umeen heriotza tasa handia izaten zen jaio berrietan edo handik gutxira, eta hori zen umea ahalik eta azkarren bataiatzeko ohituraren arrazoi nagusia. Horrela, bataioaren bitartez jatorrizko bekaturik gabe geratzen zen, eta bataioa baino lehen hilez gero, berriz, ezin izango zuen kristau moduan lur sakratuan atseden hartu. Aldi hartan, baratzean edo etxeko teilatu-hegalaren parean lurperatzen zen umearen gorpua, askotan sekretu handiz, ume horietaz hitz egitea tabua baitzen. Elosuan ohikoa zen ume hori oihal zuri baten bildu eta saski batean sakristauari ematea, hark lurperatu zezan.

Denborarekin, jaio eta segituan bataiatzeko usadioa galtzen joan zen, eta normalago bihurtu zen egun batzuk itxarotea. Eta, ahal zenean, igandez egiten zen bataioa. Umeari elizara aita eta ama besoetakoek, aitak eta auzoko andreren batek laguntzen zioten, azken hori emagina gehienetan, eta berak ematen zuen besoetan eliz atariraino. Bataiotik ateratzerakoan ohikoa izan da duela gutxi arte, aita eta ama besoetakoek, eliza atarian zain egoten ziren mutiko eta neskatoei txanponak eta gozokiak jaurtitzea, hauek "peto, peto" deiadar egiten zuten bitartean.

Parrokiako bataiarria.

Gaur egun ulertezina egiten bazaigu ere, ama berria ez zen normalean bere haurraren bataiora joaten. Haurra izandakoan halako zeremonia bat egin beharra izaten zuen, eta etxetik kanpo eginiko lehen irteera elizarakoa izaten zen, baina hori umea erditu eta berrogehi egunera-edo izaten zen. Ez zuen izaten igande eta bestelako jaietako mezetara joateko aginduen betebeharrik ere. Bitarte horretan, senitarteko eta auzoko andreak "ermakeriak" izeneko opariekin joaten zitzaizkion. Ama berria etxetik lehen aldiz atera eta elizara joateko ospakizuna "eliz sartzea" izenaz ezagutzen zen, eta ama berriarekin batera, umea besoetan zeraman etxekoren bat edo emagina joaten ziren. Eliz atarian apaizak hartu ondoren, post partum izeneko erritu motz eta xume baten bidez bedeinkatzen zuten ama. Usadio honen nondik norakoak jatorri erlijiosoa du, umea erditutako ama berria izpirituz zikinduta zegoela uste baitzen, eta ezin izaten baitzuen etxetik irten, harik eta garbikuntza erritua bete arte.

Ekintza sinboliko asko egiten zen sasoi batean, eta kristau sakramentuen eskema barruan egituratu izan dira gizaldiz gizaldi hainbat erritu, horien artean bataioarena. Urteak aurrera egin ahala, ohiturak aldatzen doaz, eta egun sinestezinak egiten bazaizkigu ere, ez pentsa duela mende batzuk atzerago jasotakoak direnik, gure aiton-amona azkoitiarrek bizi eta kontatutakoak baitira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide