Merixuen hautaketa eta kargutik kentzea udalaren ardura izan da beti. Dena den, aukeraketa era eta beste baldintza asko aldatu egin dira denborarekin; esaterako, XVI. mendean, merixuak urtean behin izendatzen zituzten. Prestaketa aldetik ere gero eta baldintza zorrotzagoak eskatu izan zaizkie merixuei. XIX. mendetik aurrera epaitegirako udaltzain berezi bat izendatzen zuten, azterketa idatzia tarteko, eta 1922. urtetik aurrera, berriz, udaltzain inspektorea izendatzen hasi ziren.
Bada, azken bi mendeetan merixuen lan edo betebeharrak asko aldatu dira. Garai batean ez zegoen orain adina trafikorik, eta horien ardurarik nagusiena herria zaintzea zen. Aspaldiko idatzi batean azaltzen denez, duela hiruzpalau mende merixuei zegokien herriko harategiko kontrapisuaren erabilera ona zaintzea eta Azkoitian zegoen kartzelaren zaintza. Modu berean, 1877. urte inguruan, haien ardura zen kaleak astean bitan garbitzea. Bestalde, beti lotu da merixuen lana herriko agintarien zaintzarekin, eta hori ez da oraingo kontua bakarrik: duela mende batzuk ohikoa zen alkateak ilunabarrean herrian buelta bat ematea, eta jardun horretan merixua laguntzaile eta zaintzaile izaten zuen.
Merixuek konfiantzazko pertsonak izan behar zuten, baina askotan okerreko bidetik ibiltzen zirenak ere izaten ziren. 1884. urteko dokumentuetan honakoa esaten da: Jose Mari Lapazaran merixuari egun bateko soldata kentzeko isuna ezarri zioten, tabernak ixteko orduak jo zuenean Avenida kafetegian zegoelako. Itxura denez, Lapazaranek ez zuen eskarmenturik jaso orduan; izan ere, urte berean beste zortzi eguneko soldata kentzeko isuna ipini zioten, bederatziak jo eta gero, Jose Azkoitia merixuarekin batera tabernan egoteagatik. Bigarren aldi horretan, Udaltzaingotik kaleratuko zuten mehatxua ere jaso zuen Lapazaranek.
Azkoitiko udal agintariek, 1893. urteko udalbatzar batean, udaltzainen arautegi berria onartu zuten, eta hainbat neurri hartu zituzten. Besteak beste, alkatearen eta udal idazkariaren zerbitzutik kanpoko orduetan udaltzainak kalean ibiliko zirena erabaki zuten istiluak saihesteko, zalgurdien abiadura zaintzeko eta eskolako denboran umeak pilotan edo bestelako jolasetan ibiltzea eragozteko. Bestalde, goizeko zortziretatik aurrera, kalean txerriak ibiltzea ere debekatu egin behar zuten merixuek, eta espaloietan jendeak pasabidea libre izateaz arduratu beharko ziren.
Arautegi berriaren arabera, merixuek kalean pasatzen ziren gurdiek eta karroek zeramaten zama miatzeko ardura ere bazuten, eta galarazi egin behar zuten herriko iturrietan arraina edota arropa garbitzea.
Lanegunetan eta jaiegunetan merixuek janzkera desberdina izan behar zutela ere arautu zuten udal agintariek: lanegunetan, urdin ilun koloreko oihalez egindako eta botoi horidun trajea eta txapela jantzi behar zituzten, eta jaiegunetan, berriz, lebita, prakak eta txapela.
Zerbitzu orduetan tabernetan eta jatetxeetan sartzea galarazita zuten merixuek; bakar-bakarrik beren lanarekin lotutako zerbaitetara sartzeko aukera zuten.
Merixuen araudi berria onartu eta hamabi urtera, 1905eko urtarrilean, eguneko eta gaueko udaltzain ordezko lanpostua sortu zuen udalak, eta merixu hari bere egitekoak jarri zizkion. Batik bat, eguneko merixuaren edota gauzainaren ordezkapenak egin beharko zituen hark, hala nola gauzainak bere ordutegia bete eta erretiratu ondoren, ordezko merixuaren ardura zen goizeko seiak arte herria zaintzea. Igande eta jaiegunetan, berriz, herriko zaintzaleari lagundu behar zion lanean ilunabarretik erretiratu arte.
Garai hartan, merixuak estuki lotuta zeuden Azkoitiko Udalari, eta bizitokia ere udaletxeko goiko solairuan izan zuten haietako askok. Baina, gertaera istilutsu bat izan zen 1660ko martxoan. Garai hartan, udaletxean Domingo Otaegi merixua bizi zen, eta udaletxean zuen etxetik bere bi alaba kanporatzeko eskatu zioten agintariek, alabak "bizi txarrekoak" zirela esanda. Agindu hura ez bazuen betetzen, udaletxetik kanpo gelditu beharko zuela mehatxu egin zioten Otaegiri. Azkenean, bi alabak etxetik bota zituen. Udalak merixuei etxebizitza uztea abantaila izan arren, betebehar asko eta gabezia ugari ere bazituzten; esaterako, soldata baxua. Hori horrela, 1745eko idatzi batean esaten denez, herriko enparantzan zen bolatokian jokatzen zutenei txanpon batzuk kobratzea eskatu zion Nikolas Labaia udaltzainak udalari, era horretan, bere soldata pixka bat hobetzeko aukera izateko. Agintariek onartu egin zioten eskatutakoa.
Beren janzkera berezitik aparte, txapel gorria eramaten zuten Azkoitiko merixuek, eta 1882an txapel haiei intsignia bat ipintzea erabaki zuten agintariek. Errespetu pixka bat ezartzeko, berriz, makila bat eramaten zuten. XIX. mendearen bukaeran, ordea, kontrabandisten lanak asko ugaritu zirelako, udalak udaltzainak edo poliziak izendatu zituen, eta haientzat lau Remington eskopeta erosi zituen. Garai hartan, istilu asko izaten zen eta atxilotutako gaizkile, lapur eta bestelakoak udaletxe azpian zegoen kalabozoan sartzen zituzten. Herriko zaharrenek ederki gogoratzen dituzte kalabozoko jendearen zaintzan ibiltzen ziren Txato merixue, Bixer eta Bernardino Kapittana.
Gerora, Azkoitian lapur eta antzekoak izan dira, baina baita merixuek parte hartu behar izan duten aparteko iskanbila zalapartatsuak ere. Esate baterako, duela hiru hamarkada pasatxo, La Polla Records musika taldea ekarri zuten Azkoitira. Orduan, nahiko matraka izan zen Durangoko (Bizkaia) eta inguruko talde batzuen aldetik. Jende multzo horietako kide batzuk gasolindegiko komunetan entzerratu ziren eta merixuek han atxilotu zituzten. Handik gutxira, hogei lagun inguru bildu ziren Udaltzaingoaren aurrean haiek askatzeko eskatuz. Gauzak okerrera ez egiteko, proposamen bat egin zien merixuek Udaltzaingoaren aurrean bildutakoei: hiru lagun haiek askatu orduko, denek herritik alde egitea. Merixuek jarritako baldintza onartu eta hor bukatu ziren gau hartako liskarrak. Aurretik aipatutako gertaera hori baino lehenago, 1975ean, hamabi merixu eta gauzain zeuden Azkoitian. Batzuek egunez eta besteek gauez jarduten zuten lanean, baina lan antzekoa egiten zuten. Dena den, merixuen betebeharrak ez zeuden oso argi, eta egoerak eskatzen zuen kasuetan, zaborraren kamioia gidatzen eta antzeko lanetan ikus zitezkeen. Garai hartan, Lambretta motozikletak zituzten herria zaintzen aritzeko. Udaltzainentzako lehenengo autoa 1980. urtean erosi zuen udalak, Seat 124 familiarra.
Gauzainak
Gauzainen lana oso lotuta egon da betidanik merixuenekin. 1579an agertzen da Azkoitiko gauzainei buruzko lehen berria: udalak, arautegi bat tarteko, 1867an heldu zion gaiari serio. Diru baten truke beren laguntza emateko prest agertu ziren herritar batzuk, eta sei gauzain izendatu zituen udalak, haien buru merixuak ipiniz. 1869tik aurrera, herriko argiztapena zaintzeko ardura eman zitzaien gauzainei, eta 1878tik aurrera, berriz, kaleak garbitzen ere jarri zituzten. Bi hamarkada geroago beste agindu bat jaso zuten, eta handik aurrera, hamarrak, hamabiak eta beren erretiroa kantuz adierazi behar zituzten, Kale Nagusiko 54 zenbakia zuen etxetik hasi eta 65a zuenaren artean. Ordua esatearekin batera, "Ave Maria purisima" ere esan beharra zuten. Agur hori gazteleraz egiteko ohitura zuten gauzainek, baina 1910. urtean egindako udalbatzar batean, adierazpen horiek euskaraz egitea proposatu zuen Fermin Goenaga herritarrak. Juan Jose Alberdi alkateari, ordea, ez zitzaion zuzena iruditu ohitura hura aldatzea, eta eztabaida handia sortu bazen ere, zortzi boto gazteleraz segitzearen aldekoak izan ziren, eta bi boto euskaraz egiten hastekoaren aldekoak. Gerora, 1914an, 1922an eta 1925ean proposamen berdina egingo zuten udalean, baina alferrikako ahalegina izan zen hiru aldi haietan ere.
Atzera-puntada gorriko beroki urdinak jantzita betetzen zituzten gauzainek beren betebehar garrantzitsuenak: herriko argiteriaren ardura eta gauez pertsonen nahiz gauzen segurtasuna zaintzea. XIX. mendearen bukaeran, gaueko hotzetik eta euriteetatik babesteko, longaina edo kapotearekin batera, arma bat ere eramaten zuten soinean gauzainek. 1897an, gauzainek armak erabiltzeko eskaera egin zuten, eta agintariek errebolberrak eta txuzo izeneko burdinezko punta zorrotza zuten makilak eman zizkien. Merixuez eta gauzainez gainera, Azkoitiko Udalak kudeatzen zuen beste lanbide bat pregoilariena izan zen. Haiek interes orokorreko informazioa eta udal akordioak jakinarazten zizkieten herritarrei. Ohiko pregoi-lekuetara iritsi eta han ezagutarazten zituzten albisteak, danbor baten errepikez lagunduta. Normalean, txapela kendu ohi zuen pregoilariak berri ofizialak emateko orduan. Gainera, ohikoa ere bazen tartean iragarki komertzialak ematea; esaterako, "sagarrak hainbestean daude halako lekuan", eta antzekoak. Galdutako gauza edo objektu baten berri ematerakoan, berriz, "sarituko da" esan ohi zuen pregoia bukatzean.
Merixuak, gauzainak eta pregoilariak lanbide horiek herritarrekin harreman desberdina eduki izan dute. Adibidez, pregoilarien mezuek jakin-mina sortzen zuten herritarren artean, merixuen esanak, baina errespetuz edota beldurrez entzuten ziren herritarren aldetik. Gauzainak edo serenoak, aldiz, begirunez ikusiak ziren herritarren aldetik, gaueko zaindariak izateaz gainera, konplizitate puntu bat ere izaten zutelako herritarrekin; alegia, hainbat herritarren ezkutuko muxuak edota gehiegi edan ondorengo zelebrekeriak edota gehiegikeriak isilean gordetzen zituztelako behin baino gehiagotan.