Eguberriak nola bizi genituen

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2020ko abe. 31a, 15:18

Eguberriak asko aldatu dira urteen joan-etorrian, eta horren harira idatzi hau osatu du Kepa Alberdik:

Gabon ospakizunak aspalditik datozen usadioekin lotu izan dira betidanik, eta 'erritu' horiek, denbora joanagatik, ondo sustraiturik mantentzen dira gurean. Eguberriek paganismoan ospatzen ziren neguko solstizioko jaietan dute jatorria, izenak berak dioen bezala, Eguberrietan hasten baita egunak luzatzeko zikloa. Eguzkiaren jaitsieraren amaierarekin batera, antzinatik ospatzen da eguna luzatzearen hasiera, eta ospakizun hori Kristo aurreko sineskerietan errotuta badago ere, kristautasunak bere kutsua erantsiz bereganatu du, eta horren ondorioz, gaur egun kristauen ospakizun propioa bailitzan ezagutzen dugu.

Antza denez, duela mende batzuk, euskaldunek Eguberrietan kokatzen zuten urtearen hasiera; hau da, abenduaren 25ean. Hori aspaldiko kontua bada ere, festa horiek aldaketa asko izan dute azkenaldian. Garai batean, janari berezien prestaketak, familia osoak mahai bueltan biltzeak, elizkizunak, gabon kantak, etxean jaiotza ipintzeak eta beste ohitura gutxi batzuk ziren egun horietako ospakizunen adierazle nagusiak. Baina gauzak asko aldatu dira azken hamarkadetan, eta Azkoitian ere, ondo sustraitutako usadioak sendo mantendu diren arren, neurri gabeko kontsumismoak eta horrnekin zuzenean lotutako Gabon ohitura berriek goitik behera aldatu dute gure aurrekoek bizi izan zuten Gabon ospakizunen kutsua.

Galdu ez diren ohituren artean Eguberrietako Gabon kantak eta kanta eskea daude. Azken hori Gabon egunean izaten da, eta gaur egun ere jende asko ibiltzen da kaleetan barrena zein etxez etxe baserritar arropak jantzi eta Gabon kantak abesten. Gabon egunean ohikoa izan da, betidanik, herriko kuadrillak edo bestelako taldeak goizean goizetik herriko bazter guztietako txokoak alaitzen ikustea. Oraindik ere gogoratzen gara Azkoitiko mendizaleek duela gutxira arte antolatutako kanta eskeaz, kantzelin izaten zituzten entseguez, eta nola ateratzen ziren azkoitiarren belarriak goxatzera Errebaleko Txokoa elkartetik. Duela gutxira arte, kanta eskean jaiotza ateratzeko usadioa bakarrik ezagutzen zen Azkoitian, baina egun Olentzerok hartu du haren lekua, eta pertsonaia horren irudia da gaurkoan herriko ikastetxeek eta bestelako talde handiek herriko kaleetan paseatzen dutena. Bestalde, Gabon gauaren bezperan, Baztartxon izaten den abesbatzen arteko Gabon kanten lehiaketa ere oso ezaguna da herrian. Ez da oraingoxea, Azkoitiko Gabon kanta sarien kontua, 1762ko dokumentu baten agertzen baita kanta horien aurrekaria. Gabon kanta hura Miserikordiako Sor Luisaren izenean agertu bazen ere, Telletxea Idigorasek aurkitu zuen Aita Manuel Larramendiren gutun bati esker jakin zen Peñafloridako Kondea izan zela kanta haren egilea. Honela idatzi zion Aita Larramendik Gernikako Gandarari: “Ordaña bialtzen dizut Azcoitian aurten contatu diranac, musica quihcora batean, Peñafloridaco Condeac eguin dituenac, eta berac musican paratu dituenac”. Bertsoak zortziko txikian idatzita daude, eta Jesusen jaiotzari buruz aritu zen horietan: “Ezagun du munduak / Jesus jaio dena; / Ain dago mudatua, / Ez dirudi lena; / Len guzia zan pena, / Negar, naigabeak, / Ta oraiñ atsegiñ gusto, / Algara, parreak”.

Jaiotzek ere ibilbide luzea dute gure herrian. Honako hauek dira azkenaldian ikusi izan ditugunak: Santa Klarakoa, Santa Kutzekoa, parrokikoa, San Jose egoitzakoa, eta horiekin batera, Etxe Beltzeko azpian ipintzen zena eta duela hamarkada batzuk eliz atariko lorategian ezagutu genuena. Lau herritar sortzaileen lanari esker, 2000tik 2004ra Etxe Beltzen ipinitako jaiotzak izan du arrakastarik handiena azkenaldian. Handik urte batzuetara, 2016an hain zuzen ere, beste lantalde baten lan eskerga tarteko, jaiotza berreskuratu eta apaindu ondoren, parrokian ipini zuten. Santa Klarako jaiotza ere oso ezaguna da herrian, eta 1960tik oraintxe arte ipini izan da, baina jaiotza horrek ere badu aurretiko historiatxoa. Jose Luis Arrieta txokolateruek Kale Nagusiko 26an zuen txokolategian jartzen zuen, eta urtetik urtera ikusgarriagoa zen jaiotzan du jatorria. Jaiotza hura ur korronte eta guzti prestatzen zuen, eta jaietan dendako ateak zabal-zabalik uzten omen zituen, kalean pasieran zebilen jendearen begien gozagarri. Jaiotza hari ateratako lehen argazkia 1926an San Martin kaleko lokal batean ipini zuenekoa da. Denborarekin txokolategiko lokala utzi egin behar izan zuen, eta orduan, 1960. urtean, hasi omen ziren jaiotza hura Santa Klaran muntatzen.

Azkoitiko kabalkada ere herritarren gogoko bilakatu da 1948 inguruan bertako apaiza zen On Anastasiok kantzeleko emakume taldearen herritar laguntzarekin sortu zuenetik. Gerora, Accion Catolicako emakumeek antolatzen zuten. Pixkanaka, aldaketa batzuk izan dira kabalkadan, eta erromatarren jantziak geroagokoak dira; On Joakin Larrañaga apaizak Donostiako Artzain Onaren elizatik ekarri zituenekoak dira, han ez zituztela erabiltzen eta. Pajeek umeen gutunak jasotzeko eliz atarian erabili zuten lehen aterpe gorri hura, berriz, garai batean obispoei harrera egiteko erabiltzen zen, eta Altzibarko komentutik ekarri zuten, bertako mojek emanda. Normalean, desfilea herriko kaleetan egin bada ere, urte baten eliza barruan egin zen, parrokoa On Jenaro zenean; alde batetik, eguraldi txarra egiten zuelako, eta, bestetik, apaizari ilusioa egiten ziolako jaiotza aldarean jarrita ikusteak. Kabalkadak beti izan du herritarren partaidetza handia, eta erregeek Azkoitiko hiru elkarteetako bazkideak izaten jarraitu dute: Iturri elkartea, Gaspar Errege Magoaz arduratzen da, Beti Pozek Meltxor jartzen du, eta azkenik, Xoxote elkarteak hartzen du Baltasarren kargua.

Herrietan, lekuan lekuko usadioak izaten dira, eta Azkoitian ere bada atzetik datorren usadio bitxi bat: abenduaren 24an eta 31n tabernetan egiten den karten zozketa. Dirudienez, Eustakia Erriberanekuak aurreko mendean  sanandresetan herriko plazan egiten zuen zozketa baten aldaketaren ondorioz dator Gabonetako karten errifa. Antza denez, San Andres egunean mahai bat ipintzen zuen, eta bertan, Bartzelonatik ekarritako ontziteriak eta mota askotako tresnak zozketatzen zituen herrian, 1923an lege batek horrelako jokoak debekatu zituen arte. Ez dakigu zehatz-mehatz zein urtetan pasatu ziren zozketa horiek plazatik tabernetara, baina gure aurretikoek diote laugarren hamarkada hasieran jadanik ezaguna zela Azkoitian jarduera hori. Esan beharra dago harrezkero gauzak asko aldatu direla: orain taberna bakoitzak karta bakoitzaren prezioa zehazten du, baina hasieran bezeroek ez zuten kartaren truke ezer ordaintzen. Lehengo loteen osagarriek ere ez dute zerikusirik oraingoekin. Atraskua tabernan, adibidez, hasieran bi edo hiru botila ematen zitzaizkion irabazleari, eta gero, denbora batez, angula errazioak ere eman zituzten; dena dela, azken horiek prezio gorakada izugarria izan zutela eta, arkume laurdena banatzen hasi ziren.

Eguberrietako ospakizunetan, bereziki, Gabonetako eta Gabon zaharreko afariak eta Eguberrietako eta Errege eguneko bazkariak egin izan dira. Mahai bueltako ospakizunek ere eraldaketa nabarmena nozitu dute aurreko mende erdi aldetik hona, gaur egun ia etxe guztietan mahaia neurririk gabeko jaki ederrez betetzen badugu ere, antzina familia bakoitzaren baliabide ekonomikoen mende baitzegoen menuaren nondik norakoa. Gerra osteko gosetearen ondoren ohiturak aldatzen joan ziren, eta bakailao, zainzuriak oilaskoa eta pixka bat lehenago pentsaezinak ziren beste jaki batzuk hartu zuten jaki arruntagoen lekua.

Bestalde, Gabon egunean bijilia egitea derrigorrezkoa izan zen mendeetan, are eta 1917an Elizak nahitaezko bijili hura indargabetu zuen arte. Bijilia egiteko agindua indarrean zegoenean, haragia jatea debekatuta egonik, bakailaoa, bisigua eta angulak jateko ohitura zabalduta zegoen inguru hauetan. Bijilia zorrotz betetzen zen, eta olioaren ordezkoak ziren txerri-koipea edo ganadu-seboa ere ez ziren erabiltzen egun horretan. Bijilia egiteko agindua indargabetu eta gero, kostaldeko herrietan bisigua, txitxarroa eta antzeko arrainak jateko ohitura mantendu zen, eta Azkoitian eta barnealdeko herrietan, berriz, oiloa, kapoia, ardikia, arkumea edo antxumea jateko ohitura nagusitu zen Eguberrietako bazkari eta afari berezietan. Bazter hauetan ezagunak ziren, era berean, tomate saltsan prestatutako karakolak, danbolinean edo ekonomikako labean erretako gaztainak, eta etxean prestatzen ziren arroz-esnea, sagar erreak eta esne torradak bezalako postre goxoak. Azkoitiko sukaldeetan, nagusiki, negu partean izaten ziren lehengaiekin osatzen zuten Eguberrietako menua.

Azken hamarkada hauetan Eguberrietako ospakizunen pertzepzioa asko aldatu bada ere, Gabonak, betidanik, Jesusen jaiotza ospatzeko festarekin eta urtezaharra agurtzeko eta berriari ongietorria emateko ospakizunekin lotu izan dira. Azkoitian ondo sustraitutako ohitura horiek sendo mantendu dira eta sentsibilitate berezia piztu izan dute herritarrengan mendeetan zehar. Gure aitona-amonek aparteko sentiberatasuna ematen zieten jai horiei, erlijio errituak ospatzeaz aparte, etxeko giro ederrean familia osoa biltzeko egun bereziak izaten baitziren, eta oraindik ere sentipen hori nagusi da etxe askotan. Gauzak asko aldatu badira ere, eta Azkoitiko herritarrek sentimendu desberdinez osatutako iritziak badituzte ere, ondo amai dezagun urtea eta itxaropen osoz hel diezaiogun urte berriari.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide