Gertaera jakina da eta dokumentatuta dago, duela mende batzuk, Nafar Erreinua zatika konkistatua izan zela, baita erreinu hura osatzen zuten herrialde desberdinek harrezkero Espainiako eta Frantziako estatuen menpe jarraitzen dutela ere. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) osatzen duen lurraldea, 1200. urtean izan zen konkistatua. Nafarroako Foru Erkidegoaz ezagutzen dugun konkista, berriz, 1512. urtetik 1530. urtera arte gertatu ziren hainbat gatazkaren ondoren egin zuten Gaztela-Aragoiko Koroek. Gertakari horiek paradoxa moduan har ditzakegu, hiru mende beranduago aurrez Gaztelak konkistatu zituen Nafarroa mendebaldeko lurraldeak erabili baitzituen Nafarroa Garaia suntsitzeko.
Aldi hartako errealitate politikoan pixka bat kokatuta, Gaztelako erregearen menpeko figura otzan bat besterik ez ziren Gipuzkoa, eta, oro har, lurralde horretako jauntxoak eta agintariak. Gaztelaren aginduei beti leial erantzuteagatik eta kanpaina militar desberdinetan laguntzearen ordainetan, hainbat dohaintza, titulu eta ondasun jasotzen zituzten horiek behin eta berriz. Gaztelako erregearen menpekoak izanik, Gipuzkoak oso parte hartze garrantzitsua izan zuen Nafarroako konkistan, ermandade bezala eta bertoko Ahaide Nagusiak indar militar moduan. Gerran parte hartzeko erabakia hartzen zuen kontzejua, hiribilduetako jauntxo aberatsez eta boteretsuez zegoen osatua, eta horien erabakiak Gaztelako monarkiaren aldekoak ziren, beraien interes pertsonalak tarteko. Horiek horrela, Fernando errege gaztelarrak garai hartan Gipuzkoako Batzar Nagusiekin zuen sintonia onaz baliatu zuen, 1512. urtean gauzatu zen Nafarroaren konkista antolatzeko. Horren ostean, azkoitiarrek ere zuzeneko eskuhartzea izan zuten inbasio hartako bataila desberdinetan.
Gaztelako monarkia bera zen Gipuzkoako lurraldearekin harremanetan jartzen zena, gerrarako milizia urbanoak antolatzeko aginduz. Gipuzkoako korrejidoreak, monarkiaren ordezkari moduan, orduko Batzar Nagusiei ekintza militarrak gauzatzeko gizonezkoen eskaera egiten zuen. Ondoren, ekarpen fiskalaren arabera erabakitzen zuen herri bakoitzak ekintza militarrera bakoitzak zenbat pertsona bidali behar zituen. Hori erabakitakoan, berriz, udala bera arduratzen zen etxez etxe eta baserriz baserri joanda herriko milizia osatzeaz. Deialdi haiek ez ziren boluntarioak izaten, alderantziz; derrigorrezkoa zen milizia haietan parte hartzea, bestela, isun latzak jasotzeko edo ondasunak konfiskatzeko arrisku handia baitzuten agindua betetzen ez zuten herritarrek. Milizietara deitutako gizonezko ia guztiak langile xumeak ziren, eta ez zuten prestaketa militarrik. Egoera horretan, herritar askok beren arma eta halamoduzko arropak eramaten zituzten batailetan parte hartzeko, beste batzuen artean eskopetak, espingardak eta narruzko koraza arinak.
Ikusten denez, garai hartan udalek zuten betebeharretako bat militarra zen, eta haiena zen herriko soldaduak antolatzeko ardura. Horregatik, Azkoitiko milizietako soldaduek alardeak egiten zituzten urtero, eta bertan, ikuskapen orokorrarekin batera, armen kontaketa eta horien egoera aztertzen zuten. Milizia haien kapitain bezala, Udal Gobernuko kide edo arduradun bat izendatzen zuten, eta harekin batera, alfereza eta kaboak. Soldaduak hamar-hamabi gizonezko taldeetan banatzen zituzten, eta kaboak ziren talde horien kargudunak. Era berean, herriko udalbatza arduratzen zen alardeetara edo gudu eremuetara armak, jatekoa edo bestelako hornidurak garraiatzeko behar ziren idiak, mandoak edota astoak kontratatzeaz edo bestela konfiskatzeaz.
Dena den, herritar xumeek borrokatzeko inolako prestakuntzarik ez zutela-eta, errege gaztelarrak argi jokatu zuen, Ahaide Nagusiek lur horietan zuten boterea bere aldera jartzea lortuz; horiek gerrarako zuten eskarmentua eta borrokarako grina oso baliagarriak ziren Nafarroako legitimisten aurka erabiltzeko. Laguntza haren ordez, erregeak hainbat pribilegio eskaini zizkien gizon boteretsu haiei. Garai hartan oso ohikoa zen halako laguntzaren ordezko kontzesio moduan, elizetako zergen kobrantzak egiteko baimena ematea, eta mendien ustiapen kudeaketarekin batera errota eta burdinolen onuradun izendatzea. Horrela gertatu zen aldi hartan ere, eta bertako Ahaide Nagusiak pribilegio gehiagoren jabe egin ziren. Gipuzkoako jaun boteretsu haiek protagonismo handia izan zuten Nafarroako inbasioan, eta horien artean Juan Garcia Baldakoa eta bere seme Fernando Baldakoa; biak buruzagi azkoitiarrak, hain zuzen ere. Aita, Baldako oinetxe eta jauregiko jauna zen, 1475. urtean Errege Katolikoak horrela izendatu baitzuen. Semearekin batera, parte zuzena hartu zuen 1512. urteko konkistaren ondoko istiluetan. Fernando Baldakoa, berriz, errege gaztelarraren morroi leiala izan zen Nafarroako konkistak iraun zuen bitartean. Hark eta bere zerbitzura zituen gizonek, parte hartze zuzena izan zuten 1512ko Belateko borrokaldian, 1521eko Noaingo batailan eta 1524ko Hondarrabiko gazteluaren errendizioan.
1512an, Fadrique Alvarez de Toledo Albako dukearen gidaritzapean, Fernando II. Aragoiko erregeak zuzendutako inbasioak gauzatu zuen Nafarroako Erresumaren okupazioa. Urte horretako lehen seihilabetekoan hasi ziren inbasio hura antolatzeko azpiegitura prestatzen, bai soldadu errekrutatze eraketan, bai logistika eta hornikuntza lanetan ere. Hori horrela, gerrarako mila peoien banaketa egitea onartu zuten Azkoitiko Basarten ospatutako Batzar partikularrean. Kontuan hartu behar da, inbasio hartan laguntze aldera, Basarten oso erabaki garrantzitsuak hartu zituztela Nafarroako konkistak iraun zuen bitartean.
Azkoitiarren parte hartzea ez dago oso dokumentatua 1520. urtera arte, nahiz eta jakin, adibidez, gure herrian, 1515. urteko ekainean bi deialdi izan zirela Gaztelako erregearen alde borrokatzeko. Dokumentatuta dago, era berean, 1519. urtean, Azkoitiko udalbatzak Nafarroako erregeordea zen Najerako dukearen korreo bat jaso zuela, herriko armak eta armadurak prest edukitzeko aginduz.
1520. urtea tentsio handiko garaia izan zen. Alarde bat baino gehiago egin zituzten herrian, gizonak eta armak prest edukitzea komeni baitzen edozein unetan jaso zitekeen errekrutatze deialdiari ondo erantzuteko. Esate baterako, azaroan deitutako alardean 393 gizon armatu bildu ziren Azkoitiko kaleetan. Urte hartan altxamendu bat egin zuten herrian. Egun bakarrean Elgoibartik joan-etorria egiteko, 118 gizonek osatutako zortzi eskuadra mobilizatu ziren, horien artean alferez eta danbolin jotzaile lanak egiten zituzten kapitaina eta bere morroia. Beste hamabi garraiolarik ere parte hartu zuten zamalanetan, beren mando, zaldi eta gurdiekin. Azpeitiar talde batek ere parte hartu zuen altxamendu hartan. Bi herrietako milizianoen artean egun bakarrean zer jan eta edan zuten ere azaltzen da dokumentu zaharretan. Dirudienez, goiz partean Azpeitiko gizonak etorri zirenean, 680 ogi jan zituzten, eta Azkaratera talde osoa heldu zenean, taia erdiko beste 400 ogi banatu zituzten, 1.706 litro ardo zurik eta txakolinek lagunduta. Horrez gain, lau otarra sagar zituzten, eta antza gauean herriratutakoan afaria eman zioten tropari. Bildu zen miliziarentzat jateko eta edateko askotxo dirudien arren, horrela diote izkribu zaharrek.
1521. urteko maiatzaren 10ean, nafar soberanistek kontraerasoa jo zuten, Andre Foixkoa Asparrotseko jaunak zuzendutako nafar-gaskoien espedizio baten bitartez. Armada indartsu hau, 12.000 infante, 800 zaldun, eta 23 artilleria piezaz osatua zegoen. Armada horrek erresumaren errekuperazioari ekin zion. Hori horrela, armada inperiala berrantolatu egin zen, eta 30.000 soldadu errekrutatu zituen, horietatik 5.000 inguru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, gehienak oinaztarrak ziren. Gipuzkoan beste hainbeste herritako 22 kapitain elkartu ziren, eta horien artean Juan de Ochoa Yribekoa azkoitiarra, herriko beste 75 gizon ondoan zituela. Ekainaren 10ean, armada biek topo egi zuten Noainen (Nafarroa), eta bertan izan zen borroka Nafarroako armadak galdu zuen; bataila zelaian 6.000 lagun inguru gelditu ziren hilda. Bitarte horretan, Hondarribiko defentsan parte hartzen zuten Mutrikuko, Elgoibarko eta Azkoitiko kapitainen diziplina falta zela-eta, Gaztelako armadak plaza hura galdu zuen. Francisco Perez Idiaquez zen Azkoitiko kapitaina.
1522an, herriko milizia osatzeko bost deialdi berri egin ziren. Deialdi horien helmugak, Hernani, Irun, Hondarribia eta Behobia izan ziren, eta guztira 430 azkoitiar mobilizatu ziren. Kapitain moduan hautatu zituzten Juan Ibañez Jausorokoa –alkatea–, Francisco Perez Idiacaizkoa eta Martin Ubayarkoa. Alferez moduan, berriz, Blasio Lapazarangoai eta San Juan Ezquidikoak parte hartu zuten. Irunera joan zena izan zen urte horretako deialdirik gogorrena, han 36 egun igarotzeaz gain, bi azkoitiarrek galdu baitzuten bizia, Martin Eiçaguirrekoak eta Juan Larramendikoak, hain zuzen ere. Urte horretan miliziano moduan parte hartu zuten azkoitiarren artean aipa ditzakegu, Juan Ormaolakoa, Chritoual Atanokoa, Juan Aldaçabalgoa, Martin Miguelez Ypinçakoa, Pedro Urruçolakoa, Juan Eguinokoa, Lope Larrumekoa, Martin Çumeetakoa, Miguel Urraateguikoa, Juan Churrucakoa, Marti Mekolaetakoa, Pedro Erraztikoa, Juan Alcibarkoa, Domingo Çuaçolakoa, Juan Gibraltarkoa, Martin Picoagakoa, Domingo Albiçurikoa, Martin Ayzpurukoa, Juan Aztarbekoa eta Martin Urruseluskoa.
1523. urtean beste hiru deialdi egin zituen Azkoitiko herriak. Guztira 118 gizon mugitu zituzten, Ochoa Olaberriagakoa, Johan Mecolaetakoa, Urtuño Lasaldekoa eta Pedro Beltraoçakoa kapitainen agindupean. Urte horretan, deialdietan parte hartu zuten beste azkoitiarren artean, Pedro Arrietakoa, Johan Aldacokoa, Pascual Ucingoa, Miguel Hurraateguikoa, Iohan Malmadikoa eta Martin Epeldekoa izan ziren.
1524an, aldiz, Irunera joateko deialdia egin zuten, eta hogei lagun bildu ziren bi hilabeteko egonaldia bertan egiteko. Urte bat geroago, 1525ean, armada gaztelarrak Nafarroako eta Frantziako erregeen aurkako garaipena lortu zuen, eta azkoitiarrek alarde handi bat antolatu zuten berri hura ospatzeko.
Nafarroako konkistako parte hartze hark ez zion aparteko onurarik ekarri Azkoitiko herriari. Alderantziz, hiribildua guztiz zorpetuta geratzeaz gain, salneurrien garestitzea eta garia zein beste funtsezko elikagaien gabezia ekarri zuen. Gerra hartan izandako deialdi desberdinek eragindako gastuen kargu Azkoitiko herria bera egin zen. Izatez, Gaztelako monarkiari zegokion gastu horiek ordaintzearen ardura, baina ez zen kasu gehienetan horrela izan. Azkoitiko Udalak ordaindu zituen gerrarako gizonen prestaketak, elikagaien eta arma horniketak, logistikak eta deitutako gizonen soldatak eragindako gastu guztiak. Horren ondorioz, udala zorpetu egin zen denbora gutxian, eta nolabait aurrera egiteko, udalaren jabetza zuten lurrak saltzen hasi zen. Horrez gain, herriko aberatsei maileguak eskatu zizkien behartuta. 1524. urteko ordainketak egiteko, adibidez, hamazazpi herritarren mailegua jaso behar izan zuen. Egoera hartaz baliatuta, aurrez aipatutako Fernando Baldakoa Ahaide Nagusia bera izan zen, probetxu ona atera nahian mailegu emailerik garrantzitsuena, 50 anega gari mailegatuz.
Ondorio gisa esan behar da, Gaztelako errege inperialistaren interes aseezinak zirela-eta, Nafar estatu zaharrean oraindik ere libre eta independientea zen lurraldearen inbasioari ekin ziola 1512. urtean errege hark, eta konkista hartan parte hartze zuzena izan zutela garaiko azkoitiarrek aldi hartan herrialdean zeuden agintarien esanetara jarrita. Gerra hark zorigaiztoko ondorioak besterik ez zituen ekarri Azkoitiko herritarrentzat, bertako jauntxoen eta Ahaide Nagusien mesedetan onuragarria eta haiek aberasteko baliagarria izan bazen ere.