Paper zaharretan begiratuta ohartzen gara XVI. mendetik aurrera sastre eta jostun ugari izan dela gure herrian, baina gauzak asko aldatu dira. Duela gutxi arte, besteak beste, Martin Zahar, Lekeitio eta Aldalur sastreen ateak irekita ezagutu baditugu ere, Aldalurrek itxi ondoren ez da sastreriarik geratzen gure herrian.
Aurreko mende erdi aldera arte, herritarrak sastrearengana joan beharra izaten zuten trajea egitera. Aurrez egindako arroparik saltzen ez zenez, guztia neurrira egin beharra zegoen. Urte haietan, trajea egiterakoan kolore grisa, urdin iluna eta beixa egon ziren modan. Orduan jendeak, normalean behintzat, gutxienez bi jantzi izaten zituen, bata udakoa eta bestea negukoa. Jantzia estreinatzeko, berriz, baziren halako egun berezi batzuk. Azkoitian Aste Santuko elizkizunetarako egin ohi zen jantzi berria.
Atzera egin eta atzerriko jendeak idatzitako kronikei erreparatzen badiegu, berehala ohartuko gara euskaldunak pertsona txukun eta garbi bezala deskribatzen zituztela; gizonak bizarra kenduta, emakumeak ilea jasota... Nahiz eta janzkera xumea edo apala izan, beti txukun eta behar bezalako itxurarekin janzten zirela diote. Kronika haien arabera, beste kontu batzuen artean, euskaldunek sekula ez zituzten mukiak alkandoraren mahukan garbitzen; horretarako "mihise zuri bat" eramaten zuten poltsikoan.
Joan gaitezen, ordea, gizon-emakume azkoitiarrak lehen nola janzten ziren ikustera. Herriko festetan jantzi ohi dugun baserritar arropa euskaldunon jatorrizko janzkera tradizionala dela pentsatzen badugu ere, hori eraldatzen joan gara lehengo berezko janzkerari esentzia kenduz.
Gizonezkoen jantzi tradizionala
Alkandorak, txalekoak, brusak, prakak, gerrikoak, txapelak, galtzerdiek eta abarkek osatzen zuten duela gutxi arte gizonezkoaren jantzi tradizionala. Prakak beltzak edo grisak izan ohi ziren, eta brusak beltzak gehienetan, milarraiazkoak edo karratu txikikoak. Txalekoa zen janzkerari kolorea ematen ziona. Esan dezakegu, alkandora —al-qandura izen arabiarretik dator—, zela baserritarrek erabiltzen zuten barruko arropa bakarra. Horren luzea izanik, ohikoa zen lotarako ere hura janztea. Emaztearen arreoan gizonarentzako alkandora ugari izaten zen, eta horietako gehienak beraiek etxean liho finez jositakoak izan ohi ziren. Txapelak, berriz, txikiak ziren, buruan ondo sartuta janzteko. Lasaiera pixka bat baldin bazuen txapelak, atzealdera eramaten zuten. Orain ikusten ditugun txapel handiak betidanik erabili direla pentsatzen badugu ere, horiek 60. hamarkadatik aurrera azaldu ziren, orduko dirudunen eskutik. Guretzat txapel ezagunenak beltzak badira ere, XX. mende hasieran txapel urdin iluna zen nagusi. Gerrikoa gaur apaingarri moduan bakarrik janzten da, baina orduan lan astun asko egiten zenez, gerrikoa estututa giltzurruneko mina ekiditeko ere balio izaten zuen. Lanerako gerriko beltza erabiltzen zuten, eta zuria elizkizunetarako. Aitzitik, mutil baserritarrek ez zuten koadrodun ez bestelako zapirik eramaten lepoaren bueltan. Egun baserritar janzkeretan azaltzen zaigun bezala, zapi hori arrantzaleek bakarrik janzten zuten. Kaikuak batez ere arrantzaleek erabiltzen omen zituzten, baina koadrorik gabekoak, oihal lisozkoak, alegia. Bada beste kaiku mota bat ere, ordea: Euskal Herriko ezkutu gorriak dituzten artile urdinezkoak. Lehen elastiko izenez ezagutzen ziren horiek. Kronikek diote aturkesatu kolorea zutela elastiko horiek, eta besterik gabe, lerro gorri batzuk zituztela inguruan.
Azoketan eta erromerietan abarketa erabiltzen zuten gizonek eta baserriko lanetan betiko abarkak. Baina horiek narruzkoak izan ohi ziren eta ez kautxuzkoak; 1920. urtearen inguruan hasi ziren saltzen kautxuzko abarkak Tolosako denda batzuetan. Baserri bakoitzean egiten ziren familia osoarentzat abarkak, txahal eta behi narruarkein eginda. XVIII. mendeaz geroztik, ordea, horien erabilera asko murriztu zen, abarketen erabilera gehitzen joan baitzen. Abarkekin batera, polainen antzeko ardi ilez egindako mantarrak edo bestela galtzerdiak janzten zituzten. Galtzak ez zikintzeko, galtzerdiak kanpotik janzten zituzten. Ez beti, ordea; herrira sartzerakoan galtzak galtzerdien gainetik jartzen baitzituzten galtzerdi zikinak ezkutatzeko. Galtzek adabatutako petatxu asko izan ohi zituzten. Esan daiteke galtza luzeek XIX. mende erdi aldean hartu zutela ordura arte erabiltzen ziren galtza motzen lekukoa. Bi horiei "prakamantala" ere deitzen zitzaien, aurrealdean pixa egiteko irekitzen zen amantal txiki moduko bat zutelako, gerrian hiru botoirekin lotzen zena.
Arropa tradizionalean ezezagunak egiten bazaizkigu ere, XVIII. eta XIX. mendean kapusaia, txaketa motza, kapa, galtza motzak, polainak, zapatak eta forma ezberdinetako kapelak ere erabiltzen zituzten azkoitiarrek. Kapusaia oso zaharra da, eta euskaldunen artean asko erabiltzen zela agertzen da aspaldiko paper zaharretan. Kapa, berriz, janzten zuenaren duintasun eta erreputazioaren adierazle zen; ospakizun berezietan erabiltzen zen batez ere. Kapela, aldiz, normalean punta zorrotza eta hegal-zabala izan ohi zen, eta horren azpian babesten zuten herritarrek beraien ile luzea lan egunetan, ondo trentzatuta eta bilduta. Jai egunetan, ordea, adats luzea ondo orraztu eta solte uzten zuten. Gizonezkoen artean adats luzea erabiltzeko ohitura Independentzia Gerraren ondoren hasi zen galtzen.
Emakumeen jantzi tradizionala
Alkandorak, brusak, korpinoak edo gorantzak, pololoak, azpiko gonak, gona gorriak, gaineko gonak, buruko eta lepoko zapiak, amantalak, galtzerdiek eta abarkek osatzen zuten emakumearen jantzi tradizionala. Mantelina eta aparteko osagarriak ere erabiltzen zituzten, elizkizunetara joateko adibidez. Emakumeen kasuan ere, aldaketa nabarmena da gure antzinakoek erabiltzen zituzten janzkeretatik egun festetan janzten ditugun baserritar jantzietara. Jantzi beltz ttanttaduna egungo belaunaldiek betidanik geurea balitz bezala ezagutu badute ere, berria da, 1930eko hamarkadakoa hain zuzen ere. Duela gutxi arte emakumeek alargunak ziruditen, gona eta brusa beltz edo urdin ttanttadunak jantzita, aurreko janzkera koloretsu eta alaiak alde batera utziz. Beharbada, zati desberdinez eta petatxuz adabatutako gonak izango ziren askotan, baina kolore bizikoak. Gaineko gona ezaguna zen XVI. mendean, baina XX. mende hasierako ospakizun erlijiosoetarako eta zeremonia handietarako gordetzen zen batez ere. Orduan, kasu gehienetan, beltza izan ohi zen. Gaineko gonaren azpitik, berriz, euskal dantzetatik ezagutzen dugun gona gorria eramaten zuten, baina hori janzkera berria da besteekin alderatuta. Azken hamarkadetan, amantaltxo txikia eta dotoreak ere ezagutu izan ditugu, batzuentzat politagoak edo finagoak izango zirelako. Aintzinan, ordea, baziren gona ez zikintzeko aurrealde osoa estaltzen zuten amantalak; zuriak izan ohi ziren, lanean asko zikintzen zituztelako eta garbitzeko egokiagoak zirelako. Bestalde, gizonek baino galtzerdi finagoak janzten zituzten emakumeek, izterretarainokoak. Goian ponpoi edo soka batzuekin lotzen ziren horiek. Kuleroen ordez, berriz, pololoak jantzi ohi zituzten, bi hankako prakak bezala gerrian lotzen zituztelarik. Bitxia bada ere, lehen pololoek zulo bat zuten hankartean, edonon hankak zabaldu eta pixa egin ahal izateko. Horien gainetik azpiko gona zuria janzten zuten, baina inolako koloredun zintarik gabe.
Rosmithalek 1466an eta Navajerok 1525ean —biak ibiltariak— zioten, inguru hauetan emakumeek ezkontza egunean ilea larru-arras mozten zutela, eta ondoren buruko oihala janzten zutela. Kasu askotan oihalak buru gainetik metro erdi baino luzeago ateratzen ziren eta punta aurrealdera okertuta izaten zuten. Beste batzuk, aldiz, konkorrik gabekoak edo tamaina eta forma desberdinetakoak erabiltzen zituzten. Mende batzuk beranduago, beste ibiltari batzuk azaldu zuten hemengo emakumeek ilea beti ondo orraztuta eramaten zutela; antza, artesia edo arraia erdian egin eta bi trentza luzeen ertzetan bi lazo handi lotzen zituzten edota ilea motots batean bildu eta gero hori zapi batekin estaltzen zuten.
Buruko zapi hori janzteko erarekin adieraz zitekeen emakumea ezkondua, ezkongabea, alarguna edo ezkondu gabe haurdun gelditutakoa zen. Ezkonduek, zapi zuria eraman ohi zuten elizak horrela aginduta. "Bekatua" egiten zuen emakume orok zapi zuria eraman behar izaten zuen buruan; ziurtzat jotzen zen ezkondu ondorengo egunean jada bekatua egina zuela, birjinitatea galtzean. Ezkongabeek, berriz, zapirik gabe trentza edo ile mototsa bistan eraman zezaketen, eta bestela zapi estanpatuarekin estali behar izaten zuten. Alargunek, bestalde, zapi beltza eramaten zuten. Ezkondu gabe haurdun gelditutakoek, azkenik, zapi zuria inguru beltzarekin janzten zuten—bekatuaren sinboloa— ondoan marra berde bat zutela —itxaropenaren kolorea—. Emakume horiek bizitza sozial normala egin zezaketen, baina ez zuten emakume ezkongabeekin harremanetan jartzeko baimenik azken horiek birjinak baziren.
Burua estaltze kontuekin jarraituz, mantelinak aipatu behar. Horiek ez ziren erabili XVII. mendearen bukaerara arte. Mende horren hasieran Calahorrako (Errioxa, Espainia) apezpikuak zirkular baten bidez agindu zuen emakume guztiek derrigorrez elizan sartzeko mantelina beltza jantzi behar zutela. Ohitura hori joan den mendeko 60. hamarkadara arte ezagutu da. Lepoko zapiak ere baziren, ordea. Lepoaz gain, korpino edo gerruntzeak bistan uzten zituzten bularraldea estaltzeko. Horrez gain, aurrealdea gerriraino estaltzen zuten zapi handiak ere erabiltzen ziren, eta horiekin batera handiagoak ere bai, atze eta aurre biak estaltzeko modukoak.
Arropa bereziak
Non bizi garen ikusita, hotzari eta euriari aurre egiteko arropa bereziak ere baziren. Mutilek, aurrez aipatutako arropa bera erabiltzen zuten, baita negu gorrian ere. Janzten zuten alkandora luze xamarra bazen, gerria ere ondo estaltzen zuten. Txalekoa normalean alkandoraren gainetik janzten bazuten ere, jakina da hotz handiak zirenean txalekoa brusa gainetik estututa janzten zituztela batzuk. Euritik babesteko beti eduki ohi zuten kapusaia. Neskek, berriz, manta moduko batzuk zituzten sorbalda gainetik janzteko. Euriari aurre egiteko baziren gona barruak koipearekin bustitzen zituztenak ere, euria egiten zuenean buru gainean aterki moduan jartzeko.
Ezkontzetarako jantziak
Azkenik, ezkontzetarako erabiltzen ziren jantziak aipatu behar. Gizonek jantzi xumea janzten zuten, baina kalitate onekoa. 1860. urte inguruan, belaunetara zintaz lotutako oihal beltzez edo kolore ilunez egindako galtza motzak janztea ohikoa zen, kolore bereko jakatxoarekin. Gainera, kolore gorri, berde, more eta bestelako tantoz apaindutako txaleko beltza eraman ohi zuten, setazko gerriko gorriarekin. Horiez gain, kapa, xistera eta hebiladun zapatak janzten zituzten.
Emakumeek, berriz, hiru gona mota janzten zituzten batera: azpiko gona zuria, gainetik gona lila-gorrixka bere xingola zuriarekin eta gaineko gona beltza. Burua ondo apaindutako zapi zuri batekin estaltzen zuten, eta bizkar eta gorputz erditik gora, berriz, jakatxo estu bat. Gainean Damaskoko kasaka eramaten zuten, eta arropa guztia estaltzeko berriz, kapa, mantu edo gerrirainoko zapi handia. Mantelina ere erabiltzen zen ezkontzetan. Apaingarri moduan, berriz, belarritakoak bakarrik erabiltzen zituzten, eta horiek arruntak edota kalitate txarrekoak izaten ziren normalean.
Ordutik asko aldatu dira gauzak, eta ikusten den moduan baita janzteko modua ere. Bere garaian, Elizak ezarritako dezentzia eta moralitate giroak bazuen lotura orduko janzkera itxiarekin eta estaltzailearekin. Horrela izan zen Azkoitiko herrian ere. Dena den, ibiltari atzerritarren arabera hemengo gizon-emakumeak dotore eta txukun janzten ziren. Ziur nago gure birraiton-birramonak eta haien aurrekoak ere apain janzten zirela ahal zuten neurri eta umiltasunean.
Goiko koadro honen izena Hábitos y tocados antiguos de las Provincias Vascongadas da. Koadroaren egilea ezezaguna izan arren, Francisco de Aizkibel y Munibe azkoitiarraren jabetza zuen. Gipuzkoako Aldundiari erregalatu zion hark.