Duela gutxi arte, Gipuzkoan Burdin Aroko asentamendurik ez zela egon esaten zen, garai hartako jendeak ez zuela izan hemen bizitoki finkorik; artzain eta nomadak besterik ez zirela hemengo lurretan. Baina, antza denez, azkenengo urteetan egindako ikerketek teoria hori hankaz gora bota dute, Gipuzkoan garai hartako dozena bat herri baino gehiago azaldu baitira. Aurkitutako Burdin Aroko herri horien artean, Txalintxo mendiaren atzean, Azkoitiko eta Azpeitiko udalerrien lursailetan kokatzen den Munoaundi herri harresitua dago.
Duela milaka urte, hemen inguruko biztanleak kobazuloak utzi eta aire libreko espazioan biltzen hasi ziren, eta horren ondorioz, Munoaundi herri antolatua eraiki zuten gutxi gorabehera duela 2.500 urte. Erromatarren esanetan, garai hartan barduliarrak bizi ziren Iraurgi bailaran, orain Azkoitia eta Azpeitia herriek hartzen dituzten lursailean, alegia. Gure aurrekoek defentsari ematen zioten lehentasuna, lurraldea kontrolatzearekin batera komunitatea babestea behar baitzuten, eta horren ondorioz, harresi gotor batez babestutako herria eraiki zuten mendi muino horretan, nahiz eta bueltan sakabanatutako habitata ere bazegoen.
Munoaundik zazpi hektareako azalera du, hau da, ia hamar futbol zelairen gainazala. Azken ikerketak dioenez, esparru osoa babesten zuen harresia eraiki zuten, guztira, 900 bat metroko perimetrokoa. Harresi horrek bi metro eta erdi inguruko zabalera zuen, eta hori egiteko harrizko bi horma eraiki zituzten; bi hormen tartea, berriz, lur eta harri-koskorreko betelanarekin indartu zuten. Altuera ere ez zuen nolanahikoa izan; hiru edo lau metrokoa zuen, eta goiko aldean enborrez osaturiko hesia zuen. Bestalde, bi dorrek babestutako sarrera ikusgarria zuen, baita pasabide horretara eramaten zuen bide perpendikularra ere. Dorreak zutik zeudenean oso altuera handikoak izango ziren; izan ere, gaur egun dagoen bezala, zortzi metroko distantzia dago beheko aterrazamendutik goiko egituren aztarnetara. Halako ezaugarriak dituen bakarra da Munoaundiko harresi sarbidea, ez baita ezagutzen berdinik beste inon. Herri harresitua ondo prestatua zegoen kanpoko erasoaldiak saihesteko, izan ere, oldartu nahi zutenek sarrera nagusira hurbildu behar zuten, eta horretarako harresiaren ondotik bide luze bat egitera behartuta zeuden; hau da, harresiko zaintzaileen edo defenda-tzaileen jomugan zeuden beti. Sarbideak berak ere defentsarako diseinu berezia zuen, estutu egiten baitzen, talde jendetsuak kolpetik sartzea eragozteko asmoz. Honenbestez, argi dago bertako biztanleek eraikuntza eta defentsarako tekniken eta ingurumenaren ezagupen zehatzak izan behar zituztela halako lan bat egiteko. Munoaundin, erasoak aipatu arren, gerra edo borroka aztarnarik ez da aurkitu. Baliteke, ordea, hainbat kasutan nekazal produktuen soberakin handiak egon izatea, eta horiek lapurtzeko eta apilatzeko arriskuaz arduratuta, beste giza taldeetatik babesteko harresi bat eraiki izana. Harresiaren babesean, etxebizitzak eraiki zituzten, eta horietako batzuk lokalizatu dituzte. Horien hormak altxatzeko, egurra eta buztina bezain material galkorrak erabili zituzten, batzuetan harrizko oinarriak bazituzten ere. Teilatuak egiteko, berriz, lastoa erabili zuten. Etxebizitzaren barnean hainbat gune zuten, otorduak prestatzeko, lo egiteko eta eguneroko beste eginkizunetarako. Horrez gain, funtzio anitzeko beste eraikuntza batzuk ere bazituzten, horien artean, biltegia. Bertan, zerealak eta bestelako jakiak gorde-tzen zituzten zeramikazko ontzi handietan. Harresiaren barruan baratzeak ere baziren, eta zenbait abere ere bertan ibiltzen ziren. Harresitik kanpo, garia, artoa edota artatxikia landatzen zituzten, eta kanpoko beste lur batzuk abereentzako gordetzen zituzten. Izan ere, ahuntzek, ardiek eta abelgorriek bertako ekonomiaren beste zati garrantzitsua osatzen zuten. Beste aurkikun-tza batzuen artean, sua egiten zuten eremu borobil bat ere aurkitu dute. Ura ere, nola ez, oso garrantzitsua zen, eta inguruan gaur egun dauden iturriak ez bazeuden ere, ura egon, bazegoen.
Harresi barruko bilgunea ez ezik, kanpoan sakabanatutako etxalde gisako bizilekuak eta asentamendu txikiak ere baziren, eta hango biztanleak nekazariak eta abeltzainak izanik, urtaroko mendi-bizitokiak ere izango ziren horiek. Inguruko bizitokiei edo asentamenduei dagokienez, Txalintxon eta Altamiran garai hartako aztarnak aurkitu dituzte. Txalintxon bizitoki baten aztarnak dokumentatu dira, eta Altamiran, berriz, burdinaren ustiapenarekin lotutako gune baten arrastoak antzeman dituzte. Garbi dago ondo antolatutako bizimodu komunitario bat zutela harresiaren barrukoek eta kanpoko asentamenduek. Hori horrela, garai zailetan eta arazoak zetozenean, komunitate osoa herri harresituan sartzen zen. Beraz, Munoaundi gotorlekua zen, eta harresi barrua inguruko biztanleek bilkurak eta ospakizunak egiteko, merkataritzarako eta beste hainbat eginkizunetarako erabiliko zuten.
Iraurgi bailara inguruko bizimodu guztia Munoaundiko herri harresituaren bueltan mugitzen zenez, bertan aztarna asko berreskuratzeko aukera izan da: eskuz zein tornuz egindako tamaina eta funtzio anitzeko ontziei dagozkien zeramika zatiak, burdinezko aizto bat, errota zirkular baten zatia, burdin xafla bat, brontzez egindako apaingarriak, urdin argiz egindako beirazko bi lepo ale eta burdinezko txurroa (lantzari sendotasuna emateko beheko muturrean ipintzen zitzaion puntadun metalezko pieza), besteak beste. Topaketa horiek interes handia piztu badute ere, badira ikerlarien artean aparteko arreta eragin duten beste bi aurkikuntza, aztarnategietan oso bakan agertzen diren materialak direlako: bata, brontzezko fibula bat da (arropari eusteko erabiltzen zuten kateorratz moduko bat), eta bestea, neurketa markak dituen kono-enbor formako pisu bat. Azken horrek sortu du txundidura handiena, eta hiru marra txiki dauzka, liberan oinarritutako pisu-sisteman hiru ontzako pisua duelako, (orain neurri moduan kiloa erabiltzen dugun bezala, orduan libera erabiltzen zen). Pisu hori, nola ez, merkataritza praktikatu ohi zutenaren adierazle garbia da. Garai horretako elementuen artean Gipuzkoan aurkitutako aztarna zaharrenetakoa izateaz gain, hemengo protohistorian agertu den gauzarik bitxienetariko bat ere bada.
Aurkitutako elementu horietako asko ez dira bertan egindakoak, beste nonbaiten ekoiztutakoak baizik. Izan ere, distantzia luzeetara bideratutako merkataritza sarearekin lotura zuen hemengo jendeak. Dena den, bertan ere egiten ziren ekoizpen lanak, fundizio-hondakinekin batera, tornuan erabilitako mota desberdinetako zeramika aztarnak aurkitu baitituzte. Bestalde, zereal, ezkur eta bestelako hazien aztarnak ere aurkitu dituzte, baina ez animalien eta gizakien hezurrik, bertako lurraren ph azidoak, euriaren laguntzaz, desegin egin baititu horiek mendeetan zehar.
Garai hartako hildakoak non hilobiratzen zituzten berriz, ez dakigu, eta ikerlarientzat ere misterioa da hori. Euskal Herri osoan ez dute aurkitu Burdin Aroko nekropolirik edo hilerririk, nahiz eta zerbait badakigun orduko herrixkaz eta bizimoduaz. Hori guztia benetan bitxia da, aurretiazko Neolitiko bukaeran eta Brontze Aroan ez baitakigu non bizi ziren, baina bai hildakoak non hilobiratzen zituzten. Bestalde, San Martingo eliza kokatuta dagoen muinoan, Erromanizazio edo Goi Erdi Aroko hilerri bat aurkitu izanak bailara honetan populazioaren nolabaiteko jarraipena egon zela erakusten du. Beraz, esan daiteke, San Martinen eta Munoaundiren arteko lotura bat egon, badagoela.
Azken denboraldi honetan, urtero elkartzen dira ikerlari eta laguntzaile batzuk Munoaundiko aztarnategian, bertan indusketa lanak egiteko. Kontuan izan behar dugu azkoitiarrak izan aurretik, Munoaundiko herri harresituan eta bere inguruetan sakabanatuta bizi izan ginela. Horregatik, gure historiaren lehen urratsen berri bertako lanen bidez jakitera eman zaigunez, hemen uzten dizuet idatzi hau, Azkoitiko protohistoria ezagu-tzeko sarrera modura baliagarria izango zaizuelakoan.