Eskola zaharretako jarduerak eta diziplina

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2019ko ira. 22a, 17:00

Kepa Alberdi Egañak abuztuko Maxixatzen aldizkarirako egindako artikulua: 'Eskola zaharretako jarduerak eta diziplina'.

Duela mende batzuk, herrian ziren eskoletako maisuei moral onekoa izatea, irakurtzen eta idazten jakitea, ariketak egiten ondo konpontzea eta, batik bat, doktrina jakitea eskatzen zitzaien. Nahiz eta orduan hemen inguruan eskola erlijiosorik ez izan, gizartean kristau fedea hain barneratuta egonik, erlijioa zen eskoletako ikasgai nagusia. Dena den, 1858. urtean, 163 eskola zeuden Gipuzkoan, eta horietako bakarra zen erlijiosoa, haietatik 136 publikoak eta 26 pribatuak baitziren. Baina, 1904tik aurrera, gauzak zeharo aldatu ziren: urte horretan, Frantzian irakaskuntzan jarduten zuten institutuak kanporatu ondoren, haietako asko muga pasatu eta lur hauetan kokatu ziren. Horren ondorioz, Hermanos de las Escuelas Cristianas institutuak, salletar anaiak ere deituak, 10 urteko tartean 9 eskola kokatu zituen Gipuzkoan, horietako bat Azkoitian.

Denboran oraindik atzerago egiten badugu, berehala jabetuko gara gizartean zenbateraino zegoen errotuta kristau erlijioa, eta zer-nolako eragina zuen garai hartako eskoletan, ikasgai guztien muin bilakatu baitzen. Horren adibide gisa, hona hemen Azkoitiko Udalak 1768an maisuen jarduera arautzeko ateratako erregelamenduaren atal batzuk:

  •       Maisuaren betebeharra da arrosarioa errezatzen irakastea, egunero arratsaldez eta irten baino ordu erdi lehenago.
  •       Ikasleak jaietan mezetara eta bestelako elizkizunetara joanarazten ahaleginduko da, eta joaten ez denari edo behar den debozioarekin egoten ez denari zigorra ezarriko dio.
  •       Zapatu arratsaldean kristau doktrina hartuko zaie ikasleei.

Floreaga Ikastetxearen inaugurazioa.

Aurreko mende hasiera arte ez zen ohikoa eskoletan maistrak izatea, irakasle lanak normalean gizonezkoek betetzen baitzituzten. Maistrei, lanean jarduteko, oso baldintza bereziak ipintzen zizkieten emakume izate hutsagatik. Horren harira, 1923an, Eskolako Hezkuntza Kontseiluak, itun baten bitartez, betebeharren zerrenda hau ipini zion Azkoitiko maistra bati hurrengo zortzi hilabetez eskola emateko:

  •       Ez ezkontzea. Itunak ez du ez baliorik ez eraginik izango, maistra ezkontzen bada.
  •       Gizonekin ez ibiltzea.
  •       Arratsaldeko 20:00etatik goizeko 06:00etara arte etxean egotea, lana dela-eta eskolan jardun behar ez badu.
  •       Pasieran ez ibiltzea hiri erdiguneko izozki dendetatik gertu.
  •       Hiritik inondik inora ez ateratzea ordezkari kontseiluaren baimenik gabe.
  •       Zigarretarik ez erretzea. Itunak ez du ez baliorik ez eraginik izango, maistra erretzen harrapatzen badute.
  •       Garagardorik ez edatea, ezta ardorik eta whiskirik ere.
  •       Kotxean edo autoan gizonekin ez bidaiatzea, nebekin edo gurasoekin izan ezik.
  •       Kolore biziko soinekorik ez erabiltzea.
  •       Ilea ez tindatzea.
  •       Bi gonazpiko janztea gutxienez.
  •       Orkatilatik bost zentimetro baino gorago geratzen den soinekorik ez erabiltzea.
  •       Gela txukuntzea: zorua egunero erraztatzea, gelako zorua ur beroarekin astean behin gutxienez garbitzea eta goizeko 07:00etan sua piztea, haurrak gelan 08:00etan sartzen direnean beroa izateko.
  •       Aurpegi hautsik ez erabiltzea, ez makilatzea eta ezpainak ez pintatzea.

Miserikordiako ikasleak.

Errepublika garaian, 1931tik gerra zibila bukatu zen arte, ekarpen pedagogiko berritzaile eta aurrerakoiak izan ziren, baina Franco diktadoreak, erregimen diktatoriala ezartzearekin batera, berehala zapuztu zituen hezkuntzarako aire berri haiek. Horretarako, eta lehenengo momentutik, sistema berriarekin bat ez zetozen maisu eta maistrak depuratzeko edo garbitzeko prozesu ankerra jarri zuen martxan. Katolizismo integristaren modeloa ipini zuten martxan, irakaskuntza modeloaren eraketa eta kontrolaren aginte eta eskubide osoa Elizari emanaz. Horren ondorioz, Errepublika garaian eskoletako gurutzeak eta bestelako sinbolo erlijiosoak erabat erretiratu baziren ere, berehala bueltatu zituzten aurreko kokalekuetara. Urasarri baserriko eskola nazionalera etorri zen Victoria Sanchotena maistrak, adibidez, honela hasten zuen eskola hornitzeko bere eskakizunen zerrenda: «un crucifijo, un cuadro del Generalísimo, una bandera nacional…». Herriko eskola nazionaletako zuzendariak, berriz, 1949an, besteak beste honako testu liburu hauek eskatu zizkion udalari: «‘El libro de las maravillas’, ‘Catecismos Luz’, ‘Franco’, ‘Una vida al servicio de España’, ‘Santos españoles’, ‘Vida de la Santísima Virgen’, ‘María la muy amada’, ‘Formación del Espíritu Nacional’…». Ildo beretik, Martirietako eskola nazionaleko eskaeraren zerrenda, Espainiako bandera alde batera utzita, honako hauekin hasten zen: «un crucifijo, un cuadro de la Inmaculada, un cuadro del Corazón de Jesús, un cuadro de Franco, un cuadro de San Juan Bautista…». Eskolako paretak behintzat ondo apainduta geratuko ziren. Garbi dago zer-nolako giroan murgilduta zegoen duela hamarkada batzuetako eskola, eta haien funtzionamendua eta ematen ziren ikasgaiak ere bide beretik ibiliko ziren garai haietan.

Ikasgaiari buruz, doktrina ikasteari eta errezatzeari ematen zitzaion garrantzirik handiena. Miserikordian, Mentor izeneko liburu batetik ikasten zuten dena; Floreagan, berriz, Enciclopedia izena zuen batetik, eta Martirietan, azkenik, Catón liburua erabiltzen zuten. Orduan eta geroago ere, irakurtzen, idazten eta kontuak ateratzen irakasteari ematen zitzaion lehentasuna, eta, horretarako, diktaketak, problemak eta kaligrafia ziren ikasgai nagusiak. Miserikordian, berriz, ohiko ikasgaiak ematetik aparte, neskak josten eta antzeko lanetan ere ipintzen zituzten arratsaldetan, bitartean errezatzeko aprobetxatuz.

Miserikordioako umeen prozesioa.

Auzoetako eskoletan, normalean, neskek eta mutilek batera ikasten zuten, eta, askotan, bost urte edo gehiagoren aldea zuten gazteak batzen zituzten baserri bateko gela bakarrean edo ganbaran. Horrela gertatu zen, adibidez, Martirietan, Olason, Elosuan eta Agarre baserrian kokatuta zeuden eskoletan. Ume asko pilatzen zen leku haietan; Elosuan, esate baterako, 47 ume batera egoten ziren gela berean. Kaleko eskoletan ez zen horrela izaten: plazako eskola nazionaletan, adibidez, bi gela handi zeuden, bata neskentzat eta bestea mutilentzat. Gau eskolak ere baziren; horietako bat Astarbe Azpikoan izan zen, eta herriko neska bat joaten zen hara eskola ematera.

Bitxikeria moduan, aipa daiteke nola gerra denboran eskoletan ohikoak ez ziren zeregin batean baino gehiagotan aritzen ziren ikasleak. Esate baterako, plazako eskola nazionaletan, soldaduen alkandora botoiak josten aritzen ziren. Eskola hartatik behin baino gehiagotan ateratzen ziren umeak ibaiko zubiaren azpian ezkutatzera, gerrako hegazkinak zetozela eta. Han egoten omen ziren errezatzen, hegazkinen burrunba urrutiratu artean.

Garai gogorrak ziren haiek, eta azkoitiarrek ere oso diziplina ankerra ezagutu zuten orduko eskoletan. Hemen, Azkoitian, beste leku askotan bezala, eskoletan euskara erabiltzeagatik izandako errepresioa da ezagunena guztien gainetik. Hemen ere, euskaraz hitz egiten harrapatzen zuten ikasleari eraztuna jartzen zitzaion, eta eraztun hori, norbait euskaraz mintzatzen entzuten zuten heinean, ikaslez ikasle pasatzen joaten ziren, eta egun bukaeran edo astearen bukaeran eraztun hori zeukanari era desberdinetako zigorra jartzen zitzaion. Floreagan merzedaixoak egon zirenean, adibidez, makilatxo bat erabiltzen zuten eraztunaren ordez, eta klase bukaeran hura zeukanari erratza eta pala eman, eta eskola garbitzera gaztigatzen zuten, beste lagunen burla eta iseka zirela tarteko. Olasoko eskolan, berriz, kontu beragatik, liburuak eskuetan zituztela belauniko jartzen zituzten umeak. Hori horrela, eraztunak helburu bikoitza betetzen zuen: alde batetik, eraztuna zuena lagunen artetik banandua sentitzea, beste ikasleak beregana hurbildu eta euskaraz eginarazteko beldur baitziren; eta, beste aldetik, nola ez, gaztigua zegoen. Bestalde, miserikordiako eskolan, eskola nazionaletan eta Elosuko eta Martirietako eskoletan, garai baten derrigorrezkoa zen egunero Cara al sol eta Viva España kantak abestea.

Urte haietan, maisu-maistrak eskua erraz dantzatzen zuten, eta belarrondokoa edo kaskarrekoa hartzea normaltzat ikusten zen eguneroko eskola jardunetan. Baina horiek ziren zigorrik arinenak; Martirietan, adibidez, baba aleak jartzen zizkieten gazteei belaun azpietan, belauniko jarri eta besoak zabalduta zeuzkaten bitartean. Baina ez dago denboran hain atzera joan beharrik: duela 40-50 urte, Floreagako ikastetxea merzedaixoen zuzendaritzapean zegoela, ohikoa zen ikasleei zigor fisikoak jartzea eta umiliazioak egitea, eta hainbat istorio ezagun dira horren erakusgarri. Alberto Pio-ri, esaterako, hanketatik helduta buruz behera ipini, eta burua sartu zioten patioan zegoen Espainiako maparen formako putzuan. Iñigo Kaxka-ri, berriz, gelako leiho petrilera igoarazi, eta bost metro eta erditik kanpoaldera salto egiteko agindua eman zioten. Azkenik, Beñat Pattana-ri, besoak pupitrearen gainean ez edukitzeagatik, denboratan eduki zioten besoa mahai berari lotuta.

Berrogei urtetik gora ditugunok ondo asko dakigu, bai, garai bateko maisu-maistra, moja eta apaizen heziketa diktadurako erregimenaren euskarri ideologikoan oinarritzen zela, eta metodologia, berriz, beldurra eta neurriz kanpoko diziplina eta zigorrak zirela.

Parrokia aurrean zen eraikineko eskola. Eskola 1843an eraiki zen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide