Herriko erruki etxe eta ospitaleak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2019ko eka. 22a, 11:35

Floreagako eraikin zaharra.

Azkoitiko herria sortu zenean, bertako biztanleen bizi baldintzak oso kaxkarrak ziren, eta herritar gehienek lan handiak zituzten bizimodua kondizio duinetan aurrera ateratzeko.

Garai hartan, urritasuna eta eskasia nagusi izateaz gain, bakarrik geratutako pertsona adintsuek, ezer gabe geratutako pobreek eta nork zaindu ez zuten gaixoek oraindik eta egoera etsigarriagoa zuten. Hori horrela, bertako gaixo, elbarri eta zaurituei laguntza eta zainketa zerbitzua emateko, eta aldi hartan izurri beltza deitu zitzaion epidemiaz gaixotutakoak artatzeko asmoarekin, Azkoitiko lehen ospitalea ireki zen XV. mendearen hasieran. Ospitale hari Sebastian Donea izena ipini zioten, eta egun Azkoitiko parrokia dagoen lekuan kokatzen zen. Parrokia, Julio II.a aita santuak 1509an idatzitako bulda batek bideratuta, Baldako eliza eraitsi ondoren eraiki zen.

Ospitale hura herriko agintariek kudeatzen zuten, baina, historian beti gertatu den moduan, bazen orduan ere zerbitzu horri etekina atera nahi zionik; kasu honetan, Azkoitiko Baldako Andre Mariaren elizako ugazaba, Juan Garzia Balda. Garziak ardura hartu nahi izan zuen Sebastian Donearen ospitaleak herritarrengandik jasotzen zituen laguntzak eta limosnak kudeatzeko eta bertan lana egingo zutenak aukeratzeko. Alabaina, errege katolikoak 1486. urtean idatzitako mandatu batek kendu zizkion hartu nahi zituen ardura horiek guztiak.

Herriak 1561ean jaso zuen ospitale berria eraikitzeko baimena, Iruñeko gotzainaren aldetik. Ospitale berriak Pietateko eta Bakardadeko Andre Maria izena hartu zuen, eta herritar batzuek beren testamentuan utzitako ondasunei esker atera zen proiektu hura aurrera. Ospitale hura eraikitzeko zuzendutako testamentuen artean aurki ditzakegu Ipinza jaunaren alargun Maria Aranbururena, Francisco Zabalarena eta Floreagako Pedro Zuazola jaunaren alargun Maria Idiakezena.

Ospitalea ireki ondoren, denbora luzez, ohikoa izan zen ospitaleak ematen zuen laguntza jasoko zuten behartsuen zerrenda udalak izendatzea. Behartsuoi jaten ematea, janztea eta gaixo zeudenak zaintzea izan zen ospitalearen betebeharra. Baina, horretaz aparte, urte haietan baziren herrian gurasorik gabeko gazteak, alargunak, etxea erosteko dirurik ez zutenak eta bestelako egoera larri franko sufritzen zutenak. Egoera latz horiei aurre egiteko, 1602ko dokumentu batek dioenez, behartsu haiei hileko limosna bat ematen zitzaien, bi dukat gizonei eta dukat bakarra emakumeei. Garai hartan, herritarren gutxieneko beharrak betetzeko ere zailtasun handiak zeuden, eta ospitalea ere txiki geratu zen berehala, eta, herritar gehiago artatzeko asmoarekin, eraikinaren ganbara haientzat egokitzea erabaki zuen udalak 1624. urtearen inguruan.

Erdi Aroan, sendatzea ogibide bezala hartzen zutenen artean, medikuak, zirujauak, zauri sendagileak, praktikanteak, emaginak, odol ateratzaileak, hezur konpontzaileak eta abar zeuden. Azkoitiko ospitalean ere, medikua bezala zirujauak izan ziren urteetan arduradunak. Ospitale hartako zirujau edo barbero izandako Joseph Zubizarreta 1665ean hil zen, eta haren alargun Catalina Bikendi izendatu zuen garai hartako udalak, bere senarra zenaren lana betetzeko asmoz, ume asko izanik diru sarrerarik gabe geratzen zela ikusi ondoren. Baina Catalina ez zen agintari batzuen gogokoa, haiek gizonezko baten beharra ikusten baitzuten lan hura betetzeko. Horrela, udalbatzarrak berehala erabaki zuen Catalinaren ordez gizon bat jartzea postu hartan. Jakina da garai hartan ere emakumezkoei ez zitzaiela ikusten gizonezkoen aldetik osasun ofizioetan ardurak hartzeko gaitasunik, emagin gisa ez bazen behintzat.

Mende erdi bat geroago, egoera bitxi bat izan zen ospitale hartan. Ospitalearen goialdean Andre Mariaren irudia zegoen, eta dirudienez, hark mirariak sortzen zituelakoan, izugarrizko sinesmen giroa sortu zen 1720an. Horrela, Azkoitian zabaldu zen irudi mirarigile hark erabat elbarritua zegoen Teresa Enbil sendatu zuela, eta inguruko herrietan ere oihartzun handia izan zuen albisteak.

Baina mirariak mirari, 1753. urtean, egoera larrian zegoen berriro ospitalea, zaila egiten baitzen herriko behartsu guztiak zaindu eta haiei erantzun egokia ematea. Herriak, 1545etik, Juan Insausti apaizak egindako testamentuari esker, jende pobreari gariaren eta bestelako errazioen bitartez jaten emateko miserikordia kutxa bat zuen, baina ospitalea bera erruki etxe bihurtzea aztertzen hasi ziren agintariak.

Hala, ospitalea erruki etxe bihurtu zen, baina diru arazoa hortxe zegoen artean ere: herritar asko arroparik eta jatekorik gabe eta muturreko menpekotasun larrian bizi ziren. Horrela, bada, agintarien laguntzaz aparte, herritarren laguntza ezinbestekoa zen; izan ere, 1793an, gero eta laguntza handiagoa behar zuten 39 lagun zeuden erruki etxean. Horren ondorioz, eta egoera nolabait samurtu nahian, agintariek pattarra salduz jasotzen zen zerga erruki etxera bideratzea erabaki zuten, eta, horrekin batera, Jesusen Lagundiak izan zuen ikastetxea ere saltzea erabaki zuten, lehen ere herriak erregearen agindu batez eskuratua zuela eta. 1867an, udalak eskakizuna egin ondoren, Karitateko Ahizpak jarri ziren erruki etxea zuzentzen, eta Guardia kaleko Miserikordia Etxean jarraitu zuten zeregin horretan 1981era arte, jarduera hura San Jose Egoitzara pasatu zen arte, hain zuzen ere. Edonola ere, denbora batean egoera zertxobait hobetu bazen ere, 1880an antzeko egoeran zegoen erruki etxea, eta agintariek herritarren artean hilean behin diru bilketa bat egitea erabaki zuten.

Azkoitiko Miserikordia Etxea.

Ez zen nolanahikoa erruki etxearen betebeharra. Udalak, 1898an, Probintziako Komisioaren eskakizun bati erantzunez, honako adierazpen hau egin zuen erruki etxeak zer ekintza betetzen zuen eta laguntzak nori ematen zizkion azaltzeko:

  •       Indarrak akituta dauden, elikagairik lortu ezin duten eta lagundu diezaieketen seme-alabarik edo ondorengorik ez duten herritar adinekoei, eta, izatekotan, beren familia aurrera ateratzeko adina diru bakarrik irabazten badute.
  •       Adinekoa ez izan arren, pobrea izanik gaixotasun kroniko batengatik eta bere egoera nardagarriagatik bere burua mantentzeko gauza ez denari.
  •       Pubertasun adinera heldu ez diren umezurtzei, beraiez arduratuko den seniderik ez badute.
  •       Aitaren aldetik umezurtz geratzen direnei, alarguna seme-alaba batzuekin geratzen bada. Horrelako egoeretan, etxeko txikiak hartzen dira erruki etxean, eta han jarraitzen dute, bertan hezi eta lehenengo jaunartzea hartu arte.

Ordurako, martxan zen San Martingo ermitak ondoan zuen eraikineko sendategia. Bertan, bereziki, herrian baliabide gutxi zituzten gaixoak artatzen ziren; gaixotasun kutsakorrak zituztenak, batez ere. 1881eko dokumentu batek jakitera ematen du eraikin horrek ordurako nola betetzen zuen sendategi funtzioa, eta horretan jarraitu zuen XX. mendeko 50eko hamarkadan ondo sartu arte. Han tratatutako gaixotasunetatik bortitzena tuberkulosia izan zen: kalte handiak eragin zituen gerra zibilak iraun bitartean eta gerraostean. Garai berean, batik bat tuberkulosiari aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak sendategi bat eraiki zuen Asteasuko Andazarraten. Baliabide gutxi zituzten gaixo azkoitiar dezente joan ziren hara; Azkoitiko Udalak, haien pobrezia egoera egiaztatu ondoren, herritar haien gastuen karga hartzen zuen. Udalarentzat karga handia zen gaixo haiek mantentzea, eta San Martingo sendategia eraberritzeari eta tuberkulosiak eta hetikak jotako gaixoentzat egokitzeari ekin zion. 1945ean bukatu zituzten lanak, eraikin zaharrari gehitutako terrazak barne, eta, handik 1956ra bitartean, gaitz kutsakorraz erialdian zeudenentzako sendategia izan zen.

San Martingo sendategi eraikina.

San Martingo ospitalea martxan egon zen garaian, gure herrian izan zen funtzio hori bete zuen beste eraikin bat: Floreagako ospitale militarra, hain zuzen ere. Izan ere, errepublikanoen eta frankisten arteko frontea Eibarren kokatu zen 1936ko irailean. Bertan, zaurituak artatzeko asmoz, Azkoitiko Udal frankistak Floreagako ospitale militarra jarri zuen martxan. Egun ezagutzen dugun Floreaga ikastetxeko eraikin zaharra eraberritu zuten ospitale militar gisa, eta 1937ko martxoaren 1ean hasi zen ibilbidea egiten, baina ez zuen asko iraun: urte bereko apirilean desegin zen, bertako ohe, izara eta bestelakoak Markinako ospitale militarrera eramateko agindua jaso ondotik. Lekualdatze hura, baina, ez zen gauzatu garai hartako agintari militarrek nahi bezain azkar, eta komandantziak adierazpen gogorrak egin zituen Azkoitiko herritarrei buruz, gerran ere izan zuten axolagabekeria aurpegiratuz: «(…) dando en ella una prueba más del desinterés que ese pueblo de Azkoitia ha mostrado constantemente para los heridos de guerra». Ospitale hari Hospital de sangre deitzen zioten, eta, martxan egon zen bitartean, 10 langile inguru egon ziren han: egunero kirofanoa garbitzen eta plantxatze lanetan aritzen ziren lau emakume, lau erizain eta sukaldeko laguntzailea, eta azken horri laguntzen zion neskatxa bat.

Azkoitiko ospitale, erruki etxe eta sendategien kontu zaharrez aritu eta gero, ondorio argi bat atera dezakegu beste batzuen artean: Azkoitiko herriak, bere historian zehar, beti izan du etxegabeei, adindu behartsuei, umezurtzei nahiz gaixoei laguntza, babesa eta jana emateko sentiberatasuna eta lagundu nahia.

Ekaineko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide