Inguru hauetan, kristautasuna sartu eta finkatzearekin batera, hildakoen ehorzketak elizen kanpoaldean egiten hasi ziren. Hildakoak eliza barruan hilobiratzeko usadioa geroago nagusitu zen, XIV eta XV. mendeetan batik bat. Enterramenduak parrokiako zoruan zeuden hilobietan egin ziren 1809. urtera arte, eta, familientzako hilobiak izanik, etxeko sendi guztiak hilobiratzen ziren bertan, aurrez gotzaindegiaren baimena jaso eta diru kantitate bat ordaindu ondoren. 1988 eta 1989 bitartean, hezetasunak zirela eta, Azkoitiko parrokiako zoru guztia altxatzeari ekin zitzaion. Orduan aurkitu ziren lur azpiko hilobiak, Erdi Aro bukaeran ohikoa zen moduan kokatuak. Azkoitiko parrokian aurkitutako hilobi bakoitzean, gutxienez hamar gorpuren hondakinak azaldu ziren, guztiak ekialdera orientatuta. Haien lehen banaketa edo partiketa 1520an dokumentatuta dago, eta herriko familia eta baserri bakoitzak adreiluzko ehorztoki bat zuen bere sendia hilobiratzeko. Adreiluz banatutako oso hilobi gutxi ezagutzen dira, eta Azkoitikoa da horietako bat. Zulo bakoitzak egurrezko tapa zuen, zenbaki eta guzti, eta guztira 310 hilobi baino gehiago azaldu ziren. XIX. mendearen hasieran, zurezko zoru berria egin zen elizan, eta hilobietatik kendu ziren tapa haietako batzuk San Martinen aurki ditzakegu.
Arazoak eliza barruko hilobiekin
Bada pasarte bat parrokia barruko zoruko hilobiekin izandako gorabehera baten berri ematen duena. Itxura denez, bertako hilobiak altuera berean egoten ziren, baina, 1607an, sendi batzuk beren hilobiei altuera handiagoa ematen hasi ziren. Horrela, bertan zen hilobi erreal bat besteen gainetik azaltzen zen elizako zoru ordekan. Azkenean, herriko agintariek parte hartu zuten, bikarioak ere agintariei aditzera emana baitzien nola eliza barruko prozesioetan estropezu egin eta min hartzeko arriskua zegoen. Horrela, 1715ean, hilobi hura kendu edo berdintzea erabaki zuten. Arazo bat baino gehiago sortu zituzten eliza barruko hilobiek, baina 1787an Karlos III.a Espainiako erregeak ezarritako zedula erreal batekin amaitu ziren haiek eragindako auzi eta buruhausteak. Izan ere, urte haietan izurriteak kalte handiak egin zituen, eta, gaitz haren eragileetako bat eliza barruetan hilobiratutako gorpu ustelduak zirenez, erregeak handik aurrera eliza barruko ehorzketak debekatu, eta gorpuak herritik kanpora eraikitako kanposantuetan ehorzteko agindua eman zuen. Hasiera batean, agintariek elizako kanpandorrearen eta Floreaga etxeko kaperaren artean hilerri berria eraikitzeko lizentzia eta ahalmenak eskatu zituzten, baina, azkenean, egun ezagutzen dugun Baldatxo kanposantua eraiki zen, Azkoitiko herritar guztiei lur emateko. Neurri horrek ez zien nolanahiko buruhaustea ekarri herritarrei; izan ere, haien sinesmen kristaua kontuan hartuta, ulergaitza eta ezmorala egiten zitzaien elizako lur eremu sakratuan hilobiratuak ez izatea.
Azkoitiko parrokian ez ezik, San Jose eta Aingeru Guardako elizetan ere antzinatik daude hilobiak. Duela hamarkada batzuk, irizartarrek haurtxo bat hilobiratu zuten Aingeru Guardan zuten panteoian, eta Granada de Egako sendiak, berriz, errebaleko San Jose elizan zuen panteoia. Santa Klarako eta Karmeliten komentuek eta beste eraikin erlijioso batzuek ere bertan zituzten elizetatik kanpora atera zituzten hilerriak. Egun, bi hilerri daude Azkoitian, bat Baldatxokoa eta bestea Aizpurutxokoa. Parrokiako zoruan egiten ziren hilobiratzeak amaitzea erabaki zenean, Santa Klarako kapilauaren gorpua izan zen Baldatxoko Andre Maria kanposantu berrian lehena hilobiratzen, 1809an. 1186ko dokumentuetatik dakigu gaur egun Baldatxoko kanposantua dagoen lekuan zegoela lehengo Azkoitiko parrokia zaharra. Garai bateko hilobiratzeak han egin ziren, egun ezagutzen den parrokia 1510ean eraiki zen arte. Duela gutxi Baldatxon aurkitutako pareta zaharren kokalekuak eta bertako horma zaharren lodierak garbi erakusten dute garai hartan han zegoen elizak zer dimentsio zituen. Horrekin batera, ondoriozta daiteke bertatik zer harri pila atera zen gaur egungo parrokia eta barriketako iturria eraikitzeko, besteak beste.
Denetariko errituak
Hilerri edo hilobi lekuetan, mendeetan zehar halako zeremonia ohitura batzuei jarraitu izan zaie; bada, hildakoaren gorpua etxean egoten zen denboran, erritu desberdinak ere egin izan dira duela gutxi arte. Horrela, garai batean, gorpuaren eskuak eta hankak zetazko lokarriz lotzen zituzten, eta hildakoaren gorpua zegoen gelako leihoak irekitzen ziren, haren arima bertatik irteteko. Horrekin batera, zapi beltzez estalitako mahai txiki batean, Kristo gurutzatua ipintzen zen, eta haren ondoan buldak, senitarte eta auzotarrek hildakoaren oinetan ipintzeko. Beste ontzi txiki batean, ura eta erramu bedeinkatuaren adartxoak ipintzen ziren, eta ohikoa zen tartean senide batek haiekin hilaren gorpua zipriztintzea.
Oraintsu arte, gorpua etxean izaten zen hileta egunera arte, eta bisitariak etxera etortzen ziren dolumina ematera. Bisitariei jatekoa eta edatekoa eskaintzeko ohiturari begiratzen badiogu, gehienetan gailetak eta ardo goxoa ateratzen ziren hileta bezperako arrosarioan, ondoren nahi zuenak gaubeila egiteko. Ohikoa zen, halaber, hiletatik zortzi egunera bazkari handi bat egitea (bederatziurrena). Horren ondorioz, familia pobre edo behartsuek lanak izaten zituzten hiletari, bederatziurrenari eta hildakoen alde egindako bestelako meza, otoitz eta osterantzekoengatik emandako jan-edan oparoei aurre egiteko. Izan ere, horrelakoetan normala zen hildakoaren inguruko jende andana biltzea sabela bete truke. Horren ondorioz, familia bat baino gehiago, egoera larri hura ezin jasan, eta lehenaz gain gorriak ikustera behartuak izan ziren. Azkenean, Gipuzkoako Foruak, XVIII. mendean, bisitara etorri eta jan-edana emateko senidetasuna hirugarren mailara mugatzea erabaki zuen, neurrigabeko usadio zaharretan oinarritutako egoera latz hari bukaera emateko. Baina, erabaki haiek hain zorrotzak izan arren, neurri haren eraginkortasuna oso eskasa izan zen, herriak antzinatik ondo barneratutako ohitura baitzen hura.
Gorputz bideak eta segizioak
Beste herrietan bezala, Azkoitian ere baziren gorpuak etxetik elizara eramateko bideak. Baserri guztiak ondo markatua zuten beren gorputz bidea, eta, sakratuak zirenez, begirune handiz zaintzen ziren, eta ezin ziren inolaz ere itxi. Gorpua etxetik atera eta hiletara eramatean, hau da, segizioan, ordena batean joateko ohitura zegoen duela hamarkada batzuk. Gorpuaren atzetik, hildakoaren seniderik hurrekoena joaten zen, lehen apaizak erabiltzen zuten kapa beltz zabalarekin bildurik; ondoren, beste senideak banaka, mailari zegokion moduan, eta atzetik gizonezkoak; haiei jarraian, zapi beltz zabal batekin burua eta bizkarra estalita eta guztiz beltzez jantzita, hilaren sendiko hiru emakume, eta tarte bat utzita, gainontzeko emakumeak. Serora ere atzealdean kokatzen zen, zapi beltz batez babesturiko otarre batean hildakoaren etxeko argizariak eramanaz. Zenbat eta senidetasun hurkoagoa izan, dolua eta lutoa are eta ageriagoa zen soineko eta jantzietan, horrek hildakoarekin zuten lotura erakusten baitzuen. Hiletak amaitu ondoren ere, elizatik irtetean, ordena bati jarraitzen zitzaion: lehenik hilaren seniderik hurrekoena joaten zen, apaiz batek lagunduta; atzetik, banaka eta binaka, sendiko ahaide eta gizonak ateratzen ziren, eta azken horiek ondra-etxera zuzentzen ziren, kale ertzetako espaloian ilaran. Ondra-etxera heldutakoan, apaizak errespontsua eta estazioa errezatzen zituen, eta, horrela, bukaera ematen zion dolu eta segizioari. Horren ostean, bazkaritarako zirenak bertan geratzen ziren, eta besteak sakabanatu egiten ziren. Baserri askok, elizatik urruti geratzen zirenez, herriko etxe bat aukeratzen zuten ondrak egiteko.
Aizpurutxo auzoko eliza Elosuko elizaren jabetzapean egon zen harik eta Aizpurutxon bertako eliza eta kanposantua eraiki ziren arte. Ordura arte, auzo horretako biztanleak Elosura joaten ziren hiletara, bakoitzean hilkutxarekin bide aldapatsua eta gogorra igoz. Goraino igo ondoren, egun Elosuko Andres Deuna elizaren ondoan dagoen Hil-harria izeneko mahaiaren gainean uzten zuten hilkutxa, segizioan etorritakoak elizara sartu aurretik atseden hartu, apaindu eta oinetakoak aldatzeko. Etxe edo baserri bakoitzak bere bidea zuen auzoraino, eta, hortik elizaraino, auzokide guztiek bide bakarra erabiltzen zuten. Sakristauaren etxean, mantila-lekua izeneko estalki bat zegoen, eta, leku hartan, emakumeek beren burua apaintzen zuten eliza barrura sartu baino lehenago. Garai hartan, hiletak goizeko bederatzietan edo hamarretan egiten ziren, eta Azkoitiko beste auzoetan ere, gorpua urrutiko baserri batetik ekartzen bazen, elizarako bidean geratzen zen baserri bateko kanpoaldean mahai bat prestatzen zen, bertan hilkutxa ipini eta hura eramaten ari zirenek bitartean atsedenalditxo bat hartzeko.
Aspalditik ohitura izan badugu ere ehortzitakoari lurpe hotzean bakezko atsedena emateko, ez dira gutxi gertakari horren bueltan herri honek ezagutu eta erabili izan dituen usadio zaharrak, denborarekin horietako asko galtzen joan badira ere.