Azkoitiko bide eta zubien kontu zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2018ko ira. 23a, 09:11

Argazkian, Ibai Ondo kalea.

Denboran atzera egiten badugu, Azkoitiko hiribildua irudika dezakegu sarrera-irteerako bi ate handi dituen harresiaz inguratuta, bere hiru etxe ilara eta kale estuekin. Orduan ere, ate horien bestaldetik batetik bestera mugitzeko eta inguruko herriekin harremanak izan eta bat egiteko, derrigorrezkoa zen bideak egitearekin batera ibai eta errekak zeharkatzeko zubiak ere eraikitzea.

 

Herritarrek lan handiak hartu zituzten bide eta zubi berriak egiteko. Dena dela, bide eta zubi haiek ez ziren egun ezagutzen ditugun modukoak: bide nagusiak galtzada modukoak ziren, eta zubiak, berriz, egurrezkoak. Bide eta zubi haiek, mando, zaldi, gurdi handi eta antzekoak ibiltzearen ondorioz, eta eguraldi zakarra zela eta, hondatu egiten ziren. Hori horrela, Azkoitiko agintariak behartuta zeuden neurri batzuk hartzera kalteak saihesteko. 1623ko azaroaren 5ean hartutako neurria horren adibide dugu: «Acordaron que ningún carro herrado entre en las calzadas y caminos públicos de esta dicha villa, so las penas de la ordenanza y decreto provincial». Era berean, agintariek, ahal zutenean behintzat, diru bat izendatzen zuten bide eta zubietarako. Horrela gertatu zen 1675eko maiatzaren 5ean; Azkoitiko agintariek, bideak konpontzeko lanak banatzeko, herriko eta auzoetako taldeak izendatu zituzten. Deialdia ez zen nolanahikoa, gonbitari erantzun gabe geratzen zen oro atxilotu eta herriko kartzelan sartzeko ordena baitzegoen.

Herri barruko sarrera-irteerako bideei begiratzen badiegu, konturatuko gara Goiko Kalek markatzen duela Azkoitiko herriak Bergara eta Zumarragarekin duen bide lotura. Baina ez da beti horrela izan: antzinako errege bidea Ibai Ondo bidetik pasatzen zen, ondoren Jausoroko lur eremutik igaro eta bertako zubitik bestaldera pasatuz, Altzibar aldera bideratzeko. Ondoriozta dezakegu garai batean Jausoroko zubia izan zela herriko zubi nagusia, Bergara eta Zumarragarekin lotura izateko zuen garrantzia ikusita; izan ere, denborak aurrera egiten zuen bezala, Azkoitia Goierrirekin lotzeko baliatzen zen, Martitteko bidearen erabilpena baztertu egin baitzen. Jausoroko zubi hura hasieran egurrezkoa zen, eta 1522an harrizkoa eraiki zuten, baina bitartean izan ziren halako tirabira katramilatsuak; bere garaian hain zubi garrantzitsua eta Arrietamendirako pasabidea bera izanik, udalak jakin zuen zubi berria 300 dukat kostatuko zela eta haietatik 100 dukat herriak berak ordaindu behar zituela. Orduan, herriak zubi hori hain beharrezkoa ez zuela eta, Valladolidetik jasotako baimenaren ondoren, inolako ordainketarik ez egitea erabaki zuen. Hori horrela, Jausoroko nagusiak, haserre, biztanleek zubia zeharkatzeko debekua ezarri zuen. Hori ikusirik, herriko agintariek lur zati bat erosi zuten zubiaren bestaldean, bertan ermita bat eraikitzeko, eta, horrela, berriro ere zubitik pasatzeko eskubidea lortu zuten.

Argazkian, Jausoroko zubia.

Bestaldetik, herria handitzean, beharrezkoa ikusten zen parrokia aurrean ere zubi bat eraikitzea. Zubi hura egin zen; alabaina, Urola ibaiak tarteka ekartzen zituen ur handiak egindako kalteei aurre egiteko, herriak diru asko gastatu behar izan zuen behin eta berriz zubia konpondu eta eraberritzen. Horren ondorioz, 1661ean, harrizko zubia egiteko proposamenak indarra hartu zuen, baina, orduan ere, proiektu hori gauzatzeko arazorik handiena dirua lortzea zen. Baina, antza denez, Iruñeko gotzainaren ordezkaria herrian zebilen, eta herriko agintariak hari zuzendu zitzaizkion, ia erorian zeuden Errazu eta Ebola baserrien errentak erruki etxeko kaxara bideratu beharrean zubi berria egiteko erabil zitezela eskatzeko. Baiezkoa jaso zuten erantzun moduan, eta horrek bideratu zuen harrizko zubi berri haren eraikuntzari ekitea.

Duela bi mende, udalak herria inguratzen zuen harresiaren bi ate nagusiak eraistea erabaki zuen; alde batetik, gurdiak erosoago pasatu ahal izateko, eta, bestaldetik, orduan ziren bi kale eta barriken iturria kokatuko zen plaza txikia apaintzeko. Rekalde Dorrea edo Errexilenekoaren kontra zegoen Beheko Portala, Azpeitikoa deitzen ziotena, 1830ean bota zuten, eta Goiko Portala, Idiakezkoa esaten ziotena, hurrengo urtean eraitsi zuten. Beheko Portala botatzearen ondorioz, Santa Klara kalerako pasabidea irekita geratu zen. Etxe Beltzen eta parrokiaren artean zegoen Goiko Kaleko atea eraisteak, berriz, Erdi Kaleko igarobidea libre uztea ekarri zuen.

Azkoitiko herriak, bere garaian, oso bide ezegonkorrak zituen ondoko herriekin lotzeko, Azpeitirako bidea izan ezik. Herriko agintariak, arazo horri erantzun nahian, 1568an galtzada bat egiten hasi ziren Egurbide errotatik Elgoibar aldera, eta, era berean, Legazpirako bidea egiteari ekin zioten Errezola errotatik aurrera. Aldi berean, buruhauste handia zen agintarientzat bide zaharren erabilgarritasuna ziurtatzea. Horrelako arazoak saihesteko, 1577an, Azkoitiko alkatea, sindikoa, eskribaua eta bi mendi zaintzaile bildu ziren Zumarragako beste ordezkaritza batekin, Martitte, Olaeta eta Aginaga inguruetatik Zumarragara eramaten zuen bidea itxiturarik gabe libre izateko, hura Zumarragarako irteera izateko egindako bide publikoa baitzen. Arazoari benetako konponbidea ematerako beste hiru mende igaro ziren, 1860 eta 1862 bitartean eraiki baitzuten egun Azkoititik Urretxura doan errepidea.

Azkoitia eta Azpeitia lotuko zituen lehen bide nagusia eta azkarrena, bakarra ez esateagatik, Santa Klarako errebaletik pasatu, egun Santa Kruzko gaina esaten diogun mendixkatik igaro eta Munategitik zehar Loiola aldera bideratzen zen. Denboran aurrera eginda, 1746an bukatu zen gaur ezagutzen dugun bide nagusia, hau da, Zubietako zubitik hasi eta Intxaustiko jauregi aurretik igaroz Etxe Zuriko zubitik Loiola aldera doana. Azkoititik Munategira bitartean agertzen diren lau santutxuen eraikinek garbi nabarmentzen dute bide horrek lehen zuen trazadura. 1800. urtearen inguruan egindako bidaiaren harira, Wilhelm Freicher Von Humboldt hizkuntzalari eta idazle prusiarrak ere aipatu zuen bide berri hori, Azkoitia eta Azpeitia batzeko Urola ibaiaren ertzetik oinezkoentzat egindako harrizko espaloi luzea gogora ekarriz.

Argazkian, Azpeitirako bide berria.

Ezin aipatu gabe utzi Azkoitiko mendi auzoetara egindako bideak: herriko orografia edo erliebe malkartsuak eraginda, lan gogorrak egitera behartuak izan dira bertako auzotarrak. Bide horiek, orain ezagutzen ditugun itxuran behintzat, aurreko mendean eginak dira. Marixakoa egiteko, adibidez, 1922ko urriaren 29an bertako baserritar komisio batek alkatearengana jo zuen, Azkarate gainetik Marixara bitarteko errepidea egiteko laguntza eske. Komisio hark baiezkoa jasoko zuen, eta, dirudienez, auzokoen laguntzarekin batera Burgostik etorritako jende batek egin zuen errepide zati hori. Beste auzoetako errepideak gerora egin ziren, horien artean Urrategikoa, Martittekoa eta Elosukoa. Azkoititik Elosurako bidea, adibidez, 1963ko ekainaren 9an inauguratu zuten, bertako baserritarrak auzolanean gogor aritu ostean. Hala eta guztiz ere, Martitte auzora egin zen errepidearen eraikuntza izan zen hemen inguruan entzutetsuena. Bertako auzotarrek eskulan ikaragarria egin zuten auzolanean, eta bi urtean baino gutxiagoan bukatu zuten errepidea. Aitzurrarekin eta pikatxoiarekin lurra kendu eta zabalguneak irekiz hasi ziren. Ondoren, harriarekin eta lurrarekin egonkortu, eta garai hartan potetan ekartzen zen galipotarekin tapatu zuten guztia, segidan txilindroa pasatu eta guztia ondo zapaldu eta finkatzeko. Diputazioaren eta herriko udalaren gain egon zen errepide horren sustapena, baina Martitteko bertako apaiza ibili zen bi instituzio haiek mugiarazten. Apaiz hark bideratzen zuen bi erakunde horien dirua, eta auzoko jendea lan astun hark eragindako izerdiarekin libratu zen, bestelako ordainketarik egin gabe. Auzotarrek nolabait esker ona adierazi nahi zioten apaizari, beraien alde egindako lan guztiagatik, eta azkenean motorra oparitu zioten.

Bide nagusietatik urruti geratzen ziren baserriek aparteko arazoak izaten zituzten eta dituzte. Esate baterako, bidean elur asko pilatzen bazen, derrigorrezkoa zen haiek irekita edukitzea gutxienez larunbat gauean, igandean nahitaez mezatara joateko. Baserrietara heltzeko, bigarren mailako bideak ere egin izan dira urteetan, eta oro har auzolanean egin dira inolako diru laguntzarik gabe. Kasu gehienetan, lurra ebaki eta ondoren aitzur eta pikatxoiarekin moldatu dira, segidan adreilu kaskoekin edo Zubillagatik ekarritako eskoriarekin gaina hartu eta finkatuz. Otsolarreko bidea, adibidez, era horretan egin zen, 1975ean, gerora masarekin gaina hartu bazioten ere.

Egun, bideek eta zubiek beste itxura bat dute, eta horietan mugitzen diren ibilgailuek ez dute zerikusirik garai bateko gurdi, karroza eta bestelakoekin. Gezurra dirudi, baina duela gutxi arte ez zen ez zeharbide edo barianterik ez semafororik, eta errepidea herri barrutik pasatzen zen. Orain ez da horrelako konturik, garapen eta ongizatearen izenean egindako edonorako errepideek guztiz aldatu baitute gure inguruko paisaia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide