Antza denez, ermiten erabilera, erritu desberdinei estu-estu lotuta egon da historikoki. Horrela, gaixotasun motaren arabera, ermita batera edo bestera mugitu izan dira herritarrak osasun aldetik osatzeko, eta tradizioak dioenez, sekulakoa da ermitetako santu eta Ama Birjinek duten sendatzeko ahalmena. Bertan, gorreria, buruko mina eta garatxoak sendatzeaz aparte, oinez ibiltzen, hitz egiten ikasteko edo haurdun geratzen laguntzeko gaitasuna ere aitortzen zaie.
Eskaera hauek egiteko, ezagunak izan dira denboratan Azkoitiko ermita edo santutegi ezberdinak. Esate baterako, mendez mende misterioz inguratutako San Martin muinoan egiten ziren zeremonien artean, uzta bermatzeko errituak daude, eta kanpaiak jotzeaz gain kandelak piztu eta kanpaiari gatza bota izan zaio. Bestaldetik, ohikoa izan da eskualde honetan, haurdun zeuden emakumeak Urrategiko Andre Mariaren ermitara joatea, hauek erditze ona izan zezaten. Era berean, Santa Klara komentura 13 arrautzako dozena eramateko ohitura aspalditik ezagutzen da gure herrian. Arrautza hauek, bertako lekaimeei entregatzen zaizkie ofrenda moduan, hauek eguraldi ona egiteko otoitz egin dezaten. Dirudienez, sasoi baten, ezkontzak eliz atarian ospatzen ziren, eta ohikoa zen egun horretan eguraldi ona egin zezan eskaintza hau egitea. Duela gutxi arte, ezkontza egunean euria eginez gero, ezkonduen bizitza desditxaz betetakoa izango zela uste zen. Nola ez, zoritxarrik latzenak emaztegaiari aurreikusten zitzaizkion, horien artean alferra eta ume askoren ama izatea. Hain zuzen ere, andregaia zen klarisei 13 arrautzako dozena eramateaz arduratzen zena.
Bestalde, santutegietatik kanpo zeuden Andre maria eta beste imajina batzuei ere luzatuko zizkien herritarrak bere eskakizunak. Esate baterako, Eper Kalen, eliza atzeko atearen parean dagoen pareta barruko kristalpean, bada Ama Birjinaren irudi bat. Gaur egun ere, badira imajina horri olioa eramatera joaten diren herritarrak, umea izan behar dutenean, hau erraz erditzeko eta ondo etortzeko. Olio hori, irudiak duen lanparatxoan ipintzen diote bertako bizilagunek. Lehen, elizatik etxe horretara, arku bat zegoen, argindarra ipini zen garaian kendu behar izan zutena, eta han omen zegoen egun paretan dagoen Ama Birjinaren irudi hori. Errezil etxeko kanpoko paretan ere bada funtzio berdina betetzen duen Ama Birjinaren irudi bat.
Usadioari jarraituz, prozesioak herriko jai handietan ospatu badira ere, garai baten, eskaerak egiteko ere antolatzen ziren. Horrelako baten berri jasotzen da 1605eko maiatzaren 30ean, agintariek elizgizonei eskatu baitzieten, herritarrekin batera, Santa Kruzko monasteriora prozesio bat egiteko, eguraldi ona eta fruituak gordetzeko eskatuz, urte hartan behar handia zegoela eta. Handik bost urtera, herriak eskatuta, errogatiba prozesio bat egin zen leku bertara.
Errogatiba, Jainkoari premiazko behar bat eskatzeko egiten den ageriko otoitza izanik, duela mende batzuk mota honetako eskaerak egiteko ohitura handia zegoen. Horrela, Azkoitian, 1649an izurriteei aurre egiteko, 1679n euria eskatzeko eta 1699an osasunaren alde eta eguraldi onak erregutzeko egin ziren errogatiba prozesioak azaltzen dira paper zaharretan. Era berean, ezaguna da osasunaren alde eta eguraldi onak eskatuz 1760an egin ziren iraupen luzeko bi errogatiba, 26 egunekoak guztira. Urte batzuk geroago, 1774ean, lehorte handiko urtea izanik, eta abereen izurritea kalte handiak egiten ari zenez, elizkizun handiak egin ziren Azkoitiko parrokian. Zeremonia hauetarako, Antzinako Andre Maria, Roke donea, Emeterio donea eta Antonio donearen irudiak beste elizetatik bertara ekarri ziren, hauei kandelak piztu, eta elizkizunak ospatzen ziren bitartean bertan izateko.
Madariaga auzoko prozesioa.
Azkoitiak, txingor jausi ikaragarria jasan zuen 1555eko ekainaren 18an. Horren ondorioz, 27 baserri guztiz suntsitu, eta beste askok kalte izugarriak izan zituzten. Denbora haietan, Jaungoikoarengan beldur handia zegoen, eta honen kastigutzat jotzen zen gertatutakoa. Honela zioten udaletxean gertatutakoaz: “… que Dios había permitido por nuestros pecados (…) como una llamada que nos hacía para una mayor práctica de la oración…”. Berriro horrelakorik ez gertatzeko, agintariek, San Martingo ermita aukeratu zuten handik aurrera konjuruak egiteko, muino hartatik herri osoa begiztatzen zela eta. Apaiz bat jarri zuten egunez eta gauez, maiatza hasieratik uztaila bukatzeraino, eguneroko meza konjuru bezala eskaintzeko eta horrela uzta eguraldi txarren aurka babesteko. Apaiz honek, zeruan laino beltzak ikusi orduko, San Martingo kanpaiak jotzeko agindua zuen. Hauek jotzen entzun orduko, herriko beste ermitetako serorak ere, bertako kanpaiak jotzeko agindua zuten.
Baserriko lana beti egon da estu lotuta eguraldiarekin, eta baserritarrek, tximista, trumoi eta bestelakoek okerrik ez egiteko, kandelak piztearekin batera, etxeko edo ukuiluko ateetan, eta lur sailetan, gurutzeak jartzeko ohitura izan badute ere, era berean, oso beharrezkoa ikusi dute bere uzta ona izateko, elizaren aldetik konjuruak egitea. Horrela, garai batean, apaiza auzoz auzo ibiltzen zen konjuruen bidez lurrak bedeinkatzen. Otoitz egiten zuenean, ohikoa zen, baserri bakoitzak apaizari opari moduan dozena edo dozena eta erdi arrautza ematea beste pare bat oilorekin batera, baserrietan hauetatik ederrenak gordeta egoten baitziren apaizari entregatzeko. Martirietako bailaran berriz, apaizari gabonetan oilanda parea, eta gurdika egurra oparitzeko usadioa zegoen, konjuruak egin eta meza ematearen ordain bezala. Ildo beretik, 1723tik aurrera, udalak, Gregorio Doneak ukitutako ura ekartzeari eta ordaintzeari ekin zion Iruñeko elizbarrutiko Berrueza bailaratik, herriko lursailak bedeinkatzen erabiltzeko.
Gure herrian, badira Konjuru kontuei lotutako bi pasadizo aipagarriak. Lehenengoak kontatzen du, baserri batetik On Domingo apaizari deitu ziotela, arbiak izaten dituen harrak ezkutatzeko konjurua egitera joateko. Konjurua egin eta bi egunera, baserriko etxekoandrea joan omen zen apaizarengana, harrak arbitan jarraitzen zutela ikustean. Apaizak honela erantzun omen zion: “Nik konjurua arrentzako egin nuen, orain emeak ariko dira”. Bigarrenak kontatzen du, nola baserritarrak deitu ondoren apaiza ez zen azaldu baserrira konjurua egitera. Baserritarra kexatu eta apaizak adierazi; “Han, gorosti sailetik egin nian konjurua”, eta orduan baserritarrak erantzun, “ Nik leihotik bidali nizkion oilaskoak”, apaizaren lotsagabekeria ikusita, honi oparia egiteaz libratuz.
Baldatxo baserriko sarrera.
Argi dago, beraz, duela gutxi arte oso hedatua zegoela gure herrian erritu desberdinen usadioa. Baina ezin ahaztu beste erritu batzuk ere, horietako batzuk, ezagunagoak egiten zaizkigunak, esate baterako, harria eta gaixotasunen aurka Erramu Egunean egiten diren bedeinkazioak, edota etxea eginda gero, teilatuan ipintzen den hostokoa. Elosun, etxea egiten hasi aurretik, ohikoa zen egurrezko gurutze bat lurrean sartzea, eta hostokoa moduan erramu adarra eta gurutzea ipintzea, babes-erregutza honekin batera: “Jaungoikoak bedeinka deitzela guriak eta beste guztiak, izanak eta izatekoak”. Ezaguna zen baita ere, ekaitzak jotzen zuenean, hau baretzeko kandelak piztu edo erramu hostoak sutara botatzea. Bestaldetik, etxe edo baserrietako ate edo sarreretan, duela gutxi arte, egurrezko gurutzetxoak jostea oso hedatua egon bada ere, azkenaldian asko zabaldu da eguzki-loreak jartzearen ohitura, antzinako sineskeren arabera, sorginkeria, aztikeria eta madarikazioen aurkako babesle moduan.
Ume jaio berriei zuzenki lotzen zitzaizkien errituen berri ere badugu. Horien artean, hauen arropa azpian, Azkoitiko edo Bergarako klausurako mojen komentuetatik ekarritako ebanjelio zatiak dituzten poltsatxoak, “kuttunak”, jartzearena. Era berean, jaio berriari zilbor-hestearen zati bat ere kentzen zitzaion, eta hiru punta zituen liho telazko poltsatxo batean sartzen zen, ondoren umearen faxara lotzen zelarik. Umea aldatzen zen bakoitzean, zinginarria ere aldatu, eta honi gurutze seinalea egiten zitzaion. Elosun, duela gutxi arte praktikatu izan dira jaio berriei lotutako bi erritu hauek.
Bistan da, deabruen, sorginen, lamien eta beste zenbait fantasiazko izakien presentzia uxatu nahiak ere, zeruari , santuei edo ikusten ez diren beste indar batzuei babesa eskatzeko beharra ekarri duela berarekin. Horregatik, hain denbora luzean derrigorrezkoak izan dira, kristau elementu magikoak eta antzinagokoak. Zer esanik ez, Azkoitiko partean askoz erritu gehiago daudela, gaur egun, lehengo federik gabe, keinu tradizional bezala bizi badira ere.
San Martingo ermita.