Bestaldetik, egoera prebentiboan atxilotuta zeuden emakumeentzako Casa de Recogidas izeneko aparteko kartzela bat ere izan zen: korrejidorea herrian egoten zen bitartean, epaitzen ari ziren emakumeak leku seguruan edukitzeko erabiltzen zen. Azkenik, 1936ko gerra zibilaren garaian, udaletxean zegoen kartzela narrasa eta txikia zenez, Juingo jauregia prestatu zuten kartzela moduan erabiltzeko. Azken kartzela horretan, lehenengo, nazional bandokoak egon ziren preso, oso denbora laburrean, eta ondoren, abertzale eta errepublikanoen bandokoak.
Duela mende batzuk, Gipuzkoako herri nagusiek kartzela propioa zuten, eta Azkoitikoak aparteko garrantzia zuen; izan ere, Azkoitikoan, Espainiako delegatu erreala zen korrejidorearen egoitza kokatzen zen, hari bere txandetan herri hau egokitzen zitzaionean. Gipuzkoako korrejidoreak egoitza gure herrian zuen urte horietan, Azkoitia probintziako hiriburu bilakatzen zen, eta bertako kartzelak kartzela probintzialaren kategoria hartzen zuen.
Udaletxeko kartzela haietan, hala epaiketaren nola ondorengo sententziaren zain zegoen jendea giltzapetzen zuten, askotan aste luzeetan eta beraien kontra zituzten karguak jakinarazi gabe, beren burua defendatzeko aukerarik gabe alegia. Egoera horretan zeuden atxilotuek arazo handiak izaten zituzten janariarekin, berauek ordaindu edo lortu behar izaten baitzuten. Dirurik ez zutenek, zorte handiarekin, beren pobretasuna aditzera ematen zuten hiru testiguren laguntzari esker, hainbesteko bat lortzeko modua izaten zuten egunero zer edo zer jateko.
Altzibar jauregia
Kartzeletako baldintza gogorrak
Bestalde, garai bateko gizon eta emakumeen kartzela baldintzak alderatzen baditugu, ez dugu aurkituko tratu aldetik halako desberdintasun handirik. Emakume izateagatik, defendatzaileek kasu batzuetan haien behin-behineko askatasuna eskatzen zuten, baina epaileek ez zuten irizpide hori kontuan hartzen, emakumea goi posiziokoa ez bazen behintzat. Alderantziz, bada zepoz lotuta erabateko iluntasunean eta janaririk gabe edukitakoen berririk, baita aitorpena behartzeko torturatutakoenik ere. Azkoitiko kartzelak, denbora luzez, ez zuen fama edo izen onik izan; izan ere, beste arrazoi askoen artean, 1710ean preso asko larri gaixotu eta batzuk hil egin ziren, hango garbitasun eta bestelako baldintza txarrengatik. Egoera gogorrean egon zirenen artean Julián de Urquina jauna aurki dezakegu; haren defendatzaileak azaldu zuen moduan: «mi parte ha estado como un ladrón facineroso en un cepo que le han resultado varias dolencias que le han obligado a sangrar…». Izan ere, Azkoitiko kartzelan, oraindik epaiaren zain zeuden atxilotuek ere kondenatutako presoen bizi baldintzak zituzten. 1629an Joan Antzia Azkoitiko kartzelako alkaideak bere tokia Antonio Zubikoeta jaunari utzi zionean zer tresna laga zizkion ikusita, ondoriozta daiteke presoak zein egoera jasangaitzetan egoten ziren: «…más cuatro pares de grillos, más una cadena grande que llaman Chanchaguarda, más un cepo con todo su aderezo…».
Baina, nahiz eta Azkoitiko kartzelak gogor fama eduki, ezagutu zen bere klase sozialagatik edo beste arrazoi batengatik herriko Casa de Recogidas eraikinean hain egonaldi deserosorik izan ez zuenik ere; Ursula de Retten, adibidez. Hark, izan ere, bere aurkako prozesua irekitzean bahitu zizkioten ondasunen parte bat bueltatzeko eskatu zuen, preso zegoen bitartean erabili ahal izateko. Beste gauza batzuen artean, bere arropetatik soinekorik ederrena, lau atorra, zapatak, galtzerdi pare bat, leporako hiru edo lau zapi, bi izara, bi koltxoi eta arrosario batzuk eskatu zituen. Antza denez, orduan zegoen korrejidoreak baimendu egin zion eskaria, eta kartzela egonaldia erosoago eta eramangarriago bilakatu zion emakume hari, ohikoa ez zen moduan.
Antzinaroan, agintariek aparteko garrantzia ematen zioten herrian preso zeuzkaten gizon-emakumeen erlijio zaintzari. Horren adibide bat 1712ko irailean aurki dezakegu, herriko agintariek Igartua apaizari ordaintzeko agindu bat eman ziotenekoa: «…el estipendio de 26 misas rezadas por el vicario Igartua, de dos de los presos, desde 8 de mayo a 18 de agosto en que fueron enviadas a Soria…». Atxilotutako emakumeen kasuan ere, garrantzi handia zuen erlijio formakuntzak, eta nabarmena zen, nagusiki, Miserikordia Etxean giltzapetuta egoten zirenek jasotzen zuten heziketa. Izan ere, puntua egiten, josten eta brodatzen eguneko zortzi ordu pasatzen zituzten, eta beste lau ordu erlijio heziketan aritzen ziren: ordu bat formazio espiritualean, beste bat kristau dotrinan, beste bat arrosario errezoan eta azkena santuen bizitzen irakurketan.
Juingo jauregia
Emakume presoak
Hortik aparte, herri handietan zeuden miserikordia edo erruki etxeak ere prestaturik zeuden kasu askotan emakume “gaizkileak” hartzeko, kartzela funtzioa bete zezaten. Hori horrela izanik, 1789an Gipuzkoako agintariek araudi berri bat ezarri zuten, emakumeek egindako delituak bereizteko eta emakumeok kartzeletan banatzeko asmoz: «Se os ordena y manda que: Las reas de vida licenciosa y libertina sean destinadas a la Casa de Misericordia de San Sebastian, las Alcahuetas a la de Tolosa, las Contrabandistas a la de Mondragón, las Ladronas o Rateras a la de Azpeitia, y las indicadas de Homicidios u otros delitos atroces a la de Azcoitia». Beste emakume askok, erbesteratuak eta antzeko zigor gogorretara kondenatuak izan arren, Euskal Herrira bueltatu ondoren lapurretan eta bestelako lege haustetan jarraitzen zuten, eta, horren ondorioz, Gipuzkoako Batzarrak honako neurri hau hartu zuen:«se pagara a cada pueblo 50 escudos de plata por cada muger de mala vida que condenaren a la galera». Hemengo kartzeletan emakumeentzako ziega gutxi egoteak bultzatu zuen Gipuzkoako Batzarra neurri hura hartzera, nahiz eta 1734an Peñafloridako konde azkoitiarrak hemengo emakumeak Valladoliden zegoen emakumeentzako kartzelan sartzeko aholkua eman zuen. Hori bai, haiek umerik bazuten, diputazioa arduratzen zen umeak amarengandik banatzeaz eta ondorengo zaintzaz.
Epaia izan bitarteko egoerak latzak eta errukigabeak ziren, eta epai ondorengo zigorra, oro har, are eta gogorragoa izaten zen. Zigorrak ez ziren nolanahikoak XVI eta XVII. mendean; esate baterako, ohikoa zen asko eta asko galeretan arraun egitera kondenatzea, eta horrekin batera, 1749tik aurrera, Ciudad Realeko Almadengo meategian lan egitera zigortzea. Horiek ziren gaztigurik gogorrenak heriotza zigorraren atzetik. Bestalde, ohikoa zen zigor arinagoak zituztenak Afrikako Orán eta Ceutako kartzela militarretara bidaltzea, hango obra zibiletan eta defentsa eraikuntzetako brigadetako lan gogorretan aritzeko.
Heriotza zigorra ere ohiko epaia zen, eta zer esanik ez hilketa bat tartean bazen. Bahiketa edo eraso sexisten egileak ere urkatuak izatera zigortzen zituzten. Dena dela, heriotza zigor hori, apelatu ondoren, galeretan arraunean aritzeko kondena bihurtzen zen gehienetan.
Heriotza zigorrari dagokionez, 1573an gertakizun berezi bat izan zen. Dirudienez, Esteban Ganao frantziarrak Domingo Larresoro eta haren iloba hil zituen Azkoitian, eta ondoren atxilotua izan zen. Egun horietan, korrejidorea Azpeitian zen, eta Gipuzkoako merino nagusia egin zen atxilotutakoaren arduradun. Azkoitiko agintariek herrian bertan epaitzea nahi zuten gaizkilea, eta, gastu batzuk tarteko, azkenen bertan epaitzea lortu zuten. Urkatzera kondenatua izanik, kanpotik borrero bat ekarri zuten epaia betetzeko. Horrela, herriko urkamendian zirgilo bat ipini, eta, zaldi baten laguntzarekin, Esteban Ganao jaunari lepoa moztu zioten azkenean.
Dirudienez, kartzelek lehen ere ez zuten balio inor gizarteratzeko, gupidagabe zigortzeko baizik, eta, antza denez, indarrean zegoen bat zigortu, bost beldurtu atsotitza.