1881. urtera arte atzera egingo dugu. Orduan, herriko tabernek urteko lehenengo hiru hilabeteetan gaueko bederatzietan ixteko agindua zuten, eta gainontzeko hilabeteetan, gaueko hamarretan. Ez hori bakarrik: urte haietan, jaietako elizkizunak egiten ziren bitartean tabernak itxita egoteko ordena zegoen ezarrita, baina tabernariak ez zetozen bat agindu horrekin, eta ez zuten behar bezala betetzen. Hori zela eta, herriko agintaritzak besteak beste arrazoibide hauek eman zizkion gobernadoreari, aurrerantzean ere ordenantza hori betearazteko: «Como consecuencia del respeto con que aquí se ha mirado siempre la observancia de los días consagrados al Señor y la conservación de la moral, las posadas, cafés y tabernas han solido permanecer cerradas durante la misa conventual y las vísperas…».
Edarien prezioa, aspaldiko tirabira
Tabernariek edarien prezioak igotzeko neurria hartzeak ere sarritan eragin du, lehen eta orain, herritarren haserrea. Horren adibide, 1800eko abuztuaren 16an herriko agintariek hartutako erabakia dugu: urteak igarotzean, irabazi handiak zituztela eta, tabernariak ardo beltz eta klarete nafarrak erdi preziora jaistera derrigortu zituzten, bai eta Tuterako ardo zuria eta Erriberako ardo gorria merkatzera ere. Baina geroztik ere izan dira kontu beragatik hainbat kexu; esaterako, ardoaren prezioa pezeta batera igo zutenekoa. Hori gertatu zenean, orduko txikiteo kuadrillak, protesta moduan, tabernako ate ondora gerturatu, eta beraiekin zeramaten zahatotik tragoa egiten zuten, ondoren hurrengo tabernako atarira joan eta gauza bera egiteko… Bitxia benetan. Aldi hartan, tabernetan, orain ardo txikitoa ateratzen den bezala, baso bakarra goraino beteta ateratzen zen, kuadrillako guztiek handik edateko. Porroitik edateko ohitura ere arrunta zen. Txikitoaren salneurria durora igo zutenean ere izan ziren herrian hamaika kritika eta gaitzeste. Atraskua tabernako Tomas Xemek honela esan omen zuen herritarren esamesei erantzunez: «Nahi duenak edan dezala, eta nahi ez duenak bi aldiz pentsa dezala». Horrekin batera, Tomasek ondo askorik agertu zuen duro horren truke bere tabernak zer eskaintzen zuen txikitoa hartzearekin batera: aterpea, argia, berokuntza eta udaran aireztapena, hortzetarako zotzak, paperezko zapitxoak, metxeroentzako gasolina, sifoia, ura eta bikarbonatoa, aulkia, mahaia, lagunartea, egunkariak eta hilerokoak, kartak, arkatza, telebista, komuna eta komuneko papera, enkarguak, telefono deiak eta abar. Zerbitzu ugari benetan. Bueno, horrela ikusita…
Antzinan, ardoa mandazainek ekartzen zuten kanpotik, gehienetan Nafarroatik, eta ardoa hornitzeko baimena diru gehien eskaintzen zuenari ematen zion errentan herriko agintaritzak, ondoren herritarren artean saltzeko eta tabernak ere hornitzeko. Agintariek neurri zorrotzak hartzen zituzten ardo hornitzaileek lana ondo betetzeko, biztanleek ardorik ez bazuten herriak berak ekartzen baitzuen, baina betiere hornitzailearen kontura. Antza denez, mendeetan ardoari zerga bereziak ezarri zaizkio, eta, horiei esker, gure herria larrialdi asko saihesteko moduan egon da, zerga horiek izan baitira askotan era guztietako lanak burutzeko diru sarrera baliagarrienak. Adibidez, 1683an, herriko agintariek ardo hornitzaileekin egindako tratuari esker, zerga bidez jasotako dirua bertoko errepideak konpontzeko erabili zen. Horregatik, bitxia bada ere, esan daiteke herriko ardozaleek zerikusi handia izan dutela herriak zenbait momentutan izan dituen estualdietan aurrera irteten laguntzeko.
Sagardoa, antzinako edaria
Ardoak bezala, sagardoak ere oso estimu handia izan du gure artean, oraindik eta gehiago baserriko giroan. Baserrietan, dirurik ezagatik, ardoa jaiegunetako apartekoa izaten zen, eta, normalean, bertan egindako sagardoa edaten zuten. 1413ko agiri batek dioenez, garai horretarako jada sagardoa egiten zen gure herrian. Orduan baserrietan sagar asko izaten zen, eta ohikoa zen sagardoa egiteko zakukada sagar batzuk hartu eta dolarea zuen auzoko baserrira eramatea. Baserrian, bertarako lain sagardo izateko, ohikoa zen sagarra askara bota eta mazo kirtendunarekin goitik behera joz zapaltzea, ondoren barrikara sartu eta barrika urarekin betetzeko. Herrian bertan ere nahitaezko edaria zen sagardoa, eta bertoko autoritatea behin eta berriz ahalegintzen zen herriko sagarrarekin egindako sagardoari lehentasuna ematen, behin baino gehiagotan herrian kanpoko sagarrarekin egindako sagardoa saltzeari debekua ipiniz, 1601ean gertatu zen moduan. Sagar gutxiko urteak ere izan ziren, eta kasu horietan udalak berak ematen zuen urarekin nahastutako sagardoa egiteko baimena, betiere saltzera ateratzen zen sagardoari zenbat ur nahas zitzaiokeen neurria ipiniz; gainera, bide batez, zigorrak ezartzen zituen agindu hori betetzen ez zen kasuetarako. 1612an eta 1656an sagar gutxi izan zen, eta, 1656an, agintariek urarekin nahasi gabeko sagardorik ez egiteko agindua eman zieten sagardoa egiteko dolareak zituztenei. Baina orduan ere maila ezberdineko herritarrak zeuden, eta Pedro Idiakez jauntxoari urarekin nahastu gabeko sagardo garbia egiteko baimena eman zitzaion, bere baserrietako batean urarekin nahasitako sagardoa ere bazuela ikusi ondoren.
Garai batean sagardoak eta sagarrak gizarteko funtzionamendu arruntean zuten garrantziaz jabetzeko, aipatu beharra dago euskal foruek nola babesten zuten lege bidez sagarrondoa eta inguruko lursaila. Abereen erasoetatik ez defendatzeagatik, haien jabeei isunak eta zigorrak ezartzen zitzaizkien, eta, horrez gain, sagastiei nahita edo nahi gabe kalteak egiten zizkieten pertsonentzat ere oso gaztigu gogorrak zeuden. Esate baterako, 1457an, Gipuzkoako ordenantzek agindu zuten heriotza zigorra ezarriko zitzaiola gutxienez fruitu garaian zeuden txertatutako bost basa-sagarrondo moztu edo hondatzen zituenari.
Ardoa eta sagardoa aipatuta, ezin ahaztu txakolinarekin, are gutxiago Azkoitian Chacolin de San Martin izeneko txakolina egiten zela jakinda, XVI. mendearen hasierako dokumentu batean agertzen den bezala. Antza denez, Azkoitiko mahastien kontuak ere aspaldikoak dira, paper zaharretan aipatzen baita nola 1514an Floreagako jauregia eraikitzean hango arkitektoaren izkribuetan azaltzen den etxeko leiho batek mahastiei begira egon behar zuela. Bada 1750eko mapa bat ere, non Azkoitiko mendi inguruetan mahastiak zirela agertzen den.
Baina, denboran hurbilduz, ez da urte asko Mari fruteriñekuak azokako dendan koñaka eta anisa granelean saltzen zituela. Bistan da Azkoitiko historian ere halako giro bat sortu dela oraindik gure artean ditugun edari arrunten inguruan, antzinatik errotuta egon baitira herritarren eguneroko bizimoduan.