Azkoitiko lurren mugak eta Txalintxoko auzia

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2017ko mai. 15a, 11:24

Horiz, gaur egungo Azkoitiko lurren muga. Berdez, izan beharko lukeen lurren muga.

Herriko jende adinduak oro har bai, baina bertako gazteek ziurrenik ez dute jakingo Munoanditik azpialdera dagoen Txalintxoko gurutzea eta haren lur eremua Azkoitiko lursailen beste parte bat izan zirela joan den mendearen bigarren hamarkadan, 1928 eta 1930 artean, hain zuzen ere.

 

Txalintxoko lursailen auzia ez da berria azkoitiarrentzat; izan ere, disputa hori dela eta, liskar eta istilu ugari izan da azpeitiarrekin. Kontuan eduki behar da berez Loiolako aterpetxea baino pixka bat lehenago dagoen errekatxoak markatu beharko lukeela bi herrien arteko muga, eta egun Azkoitiko San Juango bainuetxea kokatzen zen lurretaraino eta Txerloiko futbol zelaiaren ondoan pasatzen den Urola ibairaino luzatzen direla Azpeitiko lurrak. Baina jar gaitezen atzera begira eta ekar ditzagun geurera berriro ere istorio honi buruz memoriaren ganbaran ahaztuak eta haustuak ditugun kontu batzuk, herritarrek behintzat jakin dezaten bere garaian gertatutakoaz.

Eztabaida honen jatorria 1927. urtean koka dezakegu, Primo de Riveraren diktadura garaian, gobernadore zibilak herrien arteko mugak egokitzeko agindua eman zuenean. Horren ondorioz, apirilaren hasieran Azkoitian egindako udalbatzarrak, orduan bertoko alkatea zen Ricardo Otaño jauna buru zuelarik, gai hori aztertzeko komisio bat osatzea erabaki zuen. Horren ostean, udaletxeko paper zaharrak arakatzen hasi ondoren, 1458. urteko agiri bat aurkitu zuten, non adierazten zen Arrupe edo Munategiko errekak markatzen zuela Azkoitia eta Azpeitia banatzen zituen muga. Dokumentu horren balioa ikusirik, eta Azpeitiko agintariekin harremanetan jarri ondoren, Azkoitiko alkateak gertatzen ari zenaren inguruko zenbait azalpen eman zituen:

“…dio cuenta de una carta-partida original del año 1458 que otorgaron las villas de Azpeitia y Azkoitia y obra en este archivo municipal, fijando los términos jurisdiccionales y señalando como línea divisoria de ambos pueblos el arroyo de Arrupe que baja a Munategui, y resultando que en la actualidad Azpeitia viene ocupando hasta el Balneario de San Juan, se habían hecho algunas gestiones y entrevistado oficiosamente una comisión de este ayuntamiento con otro del de Azpeitia, por si en el archivo de aquella villa existía algún otro documento que desmintiese el de este municipio, pero como al parecer no existe, o al menos no han dado cuenta de poseerlo a pesar de haber transcurrido ya un mes desde que tuvo lugar la entrevista, lo ponía en conocimiento de la corporación para su conocimiento y efectos que proceden”.

Azpeitiko agintariek ez zuten aurkitu agiri horrek zioena ukatu edo indargabetuko zuen frogagiririk, eta, gauzak horrela, Azkoitiko Udalak aho batez onartu zuen herriaren eskubideen alde egitea. Gai hori aurrera arrakastaz ateratzeko posibilitateaz gorteko abokatu batekin kontsultatu ondoren, herriko alkatea eta idazkaria Madrilera joan ziren auzi hura nolabait bideratzeko asmoarekin.

Azkoitiarren eta azpeitiarren arteko desadostasunen ondorioz, gero eta giro nahasiagoa sumatzen zen, eta, 1928ko martxoan, bi herrietako ordezkariek bilera bat egin zuten Institutu Geografiko eta Katastraleko zuzendaria zen Felix Ortiz ingeniariarekin, bi herrien arteko mugak non jarri erabakitzeko. Ingeniari hark hilabete geroago aurkeztutako txostenak zioen XV. mendetik ezagututako mugak aldatzea ez zela egokia, eta horrela, maiatzaren 31n, Lete eta Larrume baserrien inguruan, Arrupe erreka mugatzat hartuta, Azkoitiko eta Azpeitiko agintariek mugen akta sinatu zuten.

Espainiako Gobernazio Ministerioak ere ontzat eman zuen erabaki hura uztailaren 11n, agindu erreala sinatzeari bidea emanez. Horrela, Azkoitian 1928ko abuztuaren 6an egindako batzarrean agindu erreal honen berri eman zen:

“…fijando como línea divisoria de los términos municipales entre esta villa y Azpeitia, el arroyo de Arrupe o Munategui, y quedando en consecuencia para esta localidad los caserios de Berrosuetas y Mandiolazas, sobre las que hasta ahora ejercía jurisdicción la villa de Azpeitia”.

Azkoitiarrek berri on hura pozez hartu bazuten ere, ondoko herrian ez zen horrelako konturik. Hala, Azpeitiko Julian Elorza eta Inazio Pérez Arregi abokatuekin auzi hura beraien alde ateratzeko aukerarik ba al zegoen aztertu ondoren, Azpeitiko herriak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzea erabaki zuen aho batez. Gero, Azkoitiko agintariek apelazio horren berri jakin zutenean, Madrilen zegoen José Gascón y Manis abokatuarekin jarri ziren harremanetan, auziaren jarraipena egin zezan.

Helegiteak bere bidea egin zuen, eta 1930eko apirilean eman zen auzi haren sententzia. Azpeitiarren aldekoa izan zen, azkoitiarren kaltetan, eta aurreko erabakia hankaz gora ipini zuen. Erabakia hartuta zegoen, eta azpeitiarrek festa handiak antolatuz ospatu zuten epai hura. Azkoitiko herriak, berriz, ezusteko handia jaso zuen, eta, 1930eko ekainaren 6an, bertako udalbatzarrak honen berri eman zuen:

Fallamos: …que procede aprobar el deslinde practicado por el ingeniero geógrafo D. Félix Ortiz, de los términos municipales de Azcoitia y Azpeitia, según resulta de su informe de 11 de abril de 1928 y del plano anejo al mismo, con excepción de la zona respecto de la cual no hubo conformidad entre ambos ayuntamientos contendientes, y mandamos que se rectifique dicho deslinde en esta zona en el sentido de que quedan dentro del término municipal de Azpeitia. Los caserios de Mendiolaza y Berrosuetas,…”.

Horrela, Azkoitiko Udalak ontzat eman zuen hartutako erabakia, eta gauzak lehengo egoerara bueltatu ziren: beste lur eremu batzuekin batera, Mendiolaza eta Berrosuetas baserriak berriro ere Azpeitiko lurretako parte bihurtu ziren. Urte batzuk geroago, 1949ko apirilean, azpeitiarrek gurutze berria jarri zuten Txalintxon. Harrezkero, alde batetik gurutze kontuagatik eta beste aldetik jende batek mugarriak lekuz aldatzeagatik, izan dira bi herrien arteko halako tirabira batzuk, baina, denborak aurrera egin duen bezala, kontu hauek ere bere horretan geratu dira.

Txalintxoko kontuak ez dira berriak, eta, zauri zaharrak zirikatzeko asmorik gabe, merezi du gogoratzea Azkoitiko herriak berea den lur zati bat galdu zuela Azpeitiko agintarien momentuko gaitasun edo trebetasunagatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide