Azkoitia eta gerra zibilaren zorigaitzak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2016ko aza. 2a, 12:50

Francoren soldaduak herriko plazan.

Badira 80 urte altxamendu faxista egin zuen bando nazionalak Azkoitiko herria okupatu zuela, 1936ko irailaren 20an. Gerran sartuak ginen, eta hilabete lehenago, abuztuaren 24an hain zuzen, gure herria bonbardaketa baten jomuga izan zen.

Egun hartan, arratsaldeko bostak aldera, Olasoko bailara aldetik Azkoitiko plaza nagusi aldera hiru hegazkin biplano etorri ziren. Horrekin batera, kanpaien hotsa hasi, eta jendea gordelekuetara mugitu omen zen berehala. Ez zen izan hildakorik, ez eta zauriturik ere. Hona hemen bota zituzten zazpi bat lehergailuak erori ziren lekuak:

  • Floreaga ikastetxearen atzealdea.
  • Gregorio Zabala Patatero jaunaren etxea.
  • Bizkargiko lantegia.
  • Santa Klarako errebal zaharra.
  • Insausti eta Bizkargiko soroak.

Gipuzkoako herri gutxitan bezala, Azkoitiko guardia zibilen postua asaldatu egin zen Francoren eta nazionalen altxamendua zela eta, postuko buru zen Felipe Sainz Urtubi sarjentuaren agindupean, eta haiei herriko tradizionalista asko elkartu zitzaizkien. Faxisten aldeko altxamendu hura berehala menperatu zuten beste herritar batzuek; bide batez 13 lagun atxilotu zituzten, eta orduan kartzela moduan erabiltzen zen Juingo Dorrean giltzapetu.

Irailaren 20an, atxilotuta zeudenak Juingo Dorretik ihes egin ondoren, eta egunsentian herrira zetozen indar faxistekin bat egin nahian zebiltzala, CNTko milizianoek preso hartu zituzten haietako zazpi errekete Kukuerriko Larrume Txiki baserriaren ondoan. Handik Loiolara eta ondoren Iraetara eraman zituzten, eta segidan hango bazter batean tiroz hil. Fusilatu zituzten zazpi errekete gazte haien izenak honako hauek dira:

  • Jose Frantzisco Arrizabalaga, Biurri, 30 urtekoa.
  • Donato Azkoitia Aldalur, Potte, 22 urtekoa.
  • Juan Epelde Albizuri, Txorrote, 23 urtekoa.
  • Jose Gabriel Iriondo Segurola, Beixama, 32 urtekoa.
  • Felix Pedro Iriondo Segurola, Beixama, 31 urtekoa.
  • Juan José Iturbe Uranga, Zirkulo, 24 urtekoa.
  • Juan Sudupe Arrizabalaga, Mazeo, 22 urtekoa.

Irailaren 20ko eguerdia zen, Miserikordiako zubitik Plaza Berrin barrena “Lacar” tertzioko lehenengo errekete taldea gure herrira sartu zenean Pérez Salasen gidaritzapean. Alde egin ez zuten ia herritar denak kalera irten ziren okupatzaileei ongietorria ematera, kanpandorre zaharreko zortzi kanpaien zarata amaigabea tarteko. Ondoren, guda eresiak entzuten ziren bitartean, udaletxeko balkoian bandera gorri-hori handi bat zabaldu zuten, eta nafar erreketeen burua mintzatu zitzaion enparantza betetzen zuen jendetzari, Tercio de San Ignacio izeneko errekete talde bat sortzeko asmoa zuela adierazteko. Tertzio hori osatu ahal izateko, azkoitiar askok eman zuten izena.

Pelaioak herriko plazan.

Herria hartu ondoren, Karlista Guda Batzarrari pasatu zitzaion herriaren kontrola. Haiek herriko enparantzan dagoen Leturiondo jauregian kokatu ziren. Francoren armadako gudalburuek San Juango bainuetxea aukeratu zuten guda etxe moduan, eta soldaduentzako kuartela zena Gurea frontoian kokatu zen. Soldaduentzako jangela Zelaia jauregian jarri zuten, eta frontoian egiten zuten lo. Gerrako frontea hain gertu egonik eta Azkoitia atzeguardiako herria izanik, hiru konpainia egon ziren gure herrian. Hori horrela, Floreaga ikastetxean kokatu zen garai hartako ospitale militarrik nagusietariko bat. Horrez gain, errekete gazte berriek, armak erabiltzen ikasteko, Altzibarko futbol zelaia aukeratu zuten, eta Portu-neko pinudi azpira botatzen zituzten tiroak. Eskuko lehergailuak botatzen ikasteko, berriz, Zabale baserri ondoko zelai muinoa aukeratu zuten. Azkenik, Juin Dorrea jauregia erabili zuten, berriro ere, kartzela moduan. Han kartzelatutako gehienak abertzaleak eta ELAn izena emandakoak ziren.

Nazionalen bandoan parte hartu zuten 71 azkoitiarrek bizia galdu zuten (38 errekete eta 33 soldadu), eta beste 42 azkoitiar hil ziren errepublikanoen bandoan aritzean (gudari nazionalistak zeuden tartean). Aldi hartan, gure herriak zazpi mila biztanle zituen, eta horietatik guztira 113 mutil gazte hil ziren. Bestetik, ia mila gipuzkoar jarri zituzten gudu kontseiluaren eskuetan, tartean 21 azkoitiar. 21 azkoitiar haietatik zazpi fusilatu egin zituzten. Hona hemen gerra hasieratik 1937ko udazkenera bitartean hil ziren gudari azkoitiarren gaitzizenak: Albitxuri, Altzarte, Antxite, Arripusketa, Astapatxiko, Berde, Bolante, Burruntzi, Ebro, Egurbide, Enbortxo, Erme, Insausti, Jandalo, Kaminburu, Kamiñero, Kanobas, Katalotza, Kortatxo, Labe, Larraña, Luaxa, Maketue, Makiber, Maltzeta-Etxetxo, Manuel-txiki, Mokoroa, Muxu, Oñatibixe, Pallona, Panadero, Pipillo, Santikue, Santue, Torre, Txapel, Xarra eta Xeme. Gudari haietatik guda mailarik handiena lortu zuena Manuel Garate Unanue Manuel-Txiki izan zen, Amayur batailoiko teniente izatera ailegatu baitzen.

Bestalde, Francoren alde borrokatzeagatik hil zituzten azkoitiarren ezizenak hauek dira: Agiña, Agiñeta, Aittola, Aittube, Akolittue, Albizuri, Altzapraga, Altzibar, Amaya, Artetxe, Atxuitxo, Bakue, Barkillero, Basarte, Beixama, Bietakue, Biurri, Burruntzi, Etxabe, Faustinon semea, Floreaga, Gaintze-Luzie, Galo, Gaztelu, Goikoetxe, Herrerue, Igaraberri, Imuntxo, Insausti, Ipintze, Iraolaza-Etxeberri, Jandalo, Julin-Konsejuneko, Kapittana, Kortaberri, Margarita-Txikixenekue, Mazeo, Mendizabal-Astarbe, Moreno, Muxu, Okotza, Olaberrixa, Olan, Olantxo, Olaso, Orbegozo, Peru, Piko, Pipex, Pipis, Porrue, Potero, Potte, Susteta, Taita, Tapia, Txorrote, Txota, Urrategi, Xakarro, Zabaleta-Goikoa, Ziorra, Zirkulo eta Zuzula.

Hildako azkoitiar abertzaleei eta haien senideei ez zieten inoiz inolako errukirik eta laguntzarik eman herriko agintari eta herritar askok. Haietariko gehienek, katoliko jarraitzaileak eta fededunak izan arren, ez zuten ez meza kantaturik ez errespontsu berezirik izan. Herriko kanposantuan ezin hilobiratu, eskelarik ezin atera, herriko kaleetan hil mezurik ezin jarri, herriko bandak hildakoen eresirik jotzerik ez… Dena ezkutatu eta isiltzeaz gain, guztia debekua zen azkoitiar abertzaleentzat.

Francoren altxamenduaren alde hildako herritarrek oso bestelako tratamendua jaso zuten. Hala, 1937ko apirilean, herriko Uri Batzarrak honako erabaki hauek hartu zituen Francoren alde hildako herritarren alde:

  • Alkate eta zinegotzi guztiek atsekabea agertzea bai Iraetan bai gudalekuetan erori zirenekin.
  • Hildakoen gorpuak herriratzeko ahaleginak egitea.
  • Hildakoak herrira ekartzerakoan, San Frantzisko ermitara eta ondoren udaletxera eramatea hileta doinuak joz.
  • Udaletxean hil kapera jartzea eta hurrengo goizean, herriko dirutik ordainduta, lehen mailako hileta meza berezi bat eskaintzea. Mezaren ondoren, herriko agintariek, eresi bandak eta herri osoak hildakoei kanposanturako bideraino laguntzea. Kanposantuan, jakineko leku batean hilobiratzea.
  • Iraetako auzoan hil zituzten zazpi erreketeei buruzko argibide guztiak arretaz bilatzen ahalegintzea.

Bestaldetik, herrian bizi ziren familia abertzaleekin eta errepublikaren aldekoekin neurri gogorrak hartu zituen Azkoitiko Karlista Guda Batzarrak. Besteak beste, baziren espetxeratuak, herritik kanporatuak, lantokietatik botatakoak, isunez zigortutakoak eta herritik kanpora mugitzeko baimen txartelik gabe utzitakoak, beste neurri latz asko tartean. Isunei dagokienez, Karlisten Junta berehala hasi zen familia nazionalistei isun gogorrak ezartzen, eta, oro har, 15.000 pezetatik gorako ondasunak zituzten familia nazionalista guztiei aplikatu zitzaien zigorra.

Ez hori bakarrik: “hi etxera” esanda, noiznahi bidaltzen zituzten abertzaleak herriko kaleetatik etxera. Albaitariak, merixuak, emaginak, maisu-maistrak, apaizak… Inor ez zen salbu egon errepresio gordin hartatik, eta haietariko gehienak lanik gabe utzi zituen erregimen berriak. Edozein arrazoi zen balekoa; hona hemen, adibide moduan, herriko emagina lanetik botatzeko erabilitako arrazoi batzuk:

  • Senarra eta bera ezkondu gabe elkarrekin bizitzea.
  • Senarra eta bera abertzale porrokatuak izatea.
  • Semeari Joseba Mirena izena ipintzea.
  • Eusko abertzaleen batzar eta hitzaldi guztietara joatea eta hizlariak gogor txalotzea.
  • Paparrean euskal lauburuak ematea.

Hori nahikoa ez, eta 1937ko urtarrilean indar nazionalak Comision Central de Incautación de Bienes izeneko erakundea sortu zuen, altxamendu faxistari aurre egin zioten partidu eta pertsona partikularrei ondasun guztiak bahitzeko. Horretaz aparte, Francoren gudalburu nagusiek herri guztietan agindua eman zuten erregimenaren aurkako gudan aritutako kide bat edo gehiago zuten familien zerrenda osa zedin. Altxamenduaren aurka aritzeko herritik ihes egindako kide haiei etxeratu eta arma entregatzeko aukera eman zitzaien absoluzioaren truke; bestela, beren sendiak herritik kanporatuko zituztelako mehatxua zuten. Horren harira, otsailaren 9an, sei emakume (Esperantza eta Luxia Xexena, Arroita, Mandue, Tomao eta Erremota) eta bederatzi neska-mutil bidali zituzten Azkoititik Bizkai alderantz Maltzagatik; hau da, arrisku handiena zegoen gudalekuak zeharkatzera behartu zituzten. Jarraian, azkoitiar talde gehiago bidali zituzten handik. Haien artean baziren bularreko haurrak zituzten emakumeak ere, umeak berekin hartu eta joatea erabaki zutenak. Azkoititik Bizkai aldera 660 pertsonak ihes egin zuten batez beste, haietatik 47 sendi oso-osoak (200 pertsona inguru); gainontzekoek 440 pertsonako taldea osatzen zuten.

Gerra zibila bukatu eta hurrengo hamarkadetan ere, Azkoitiko abertzale askok egoera larri eta jasangaitz ugari bizi izan zuten, Francok zuzentzen zuen diktadurak hartutako neurriak zirela eta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide