Kolorearen zientzia

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2022ko ots. 4a, 11:49

Kari Alberdik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Kolorearen zientzia'.

Urdin, arrosa, zuri, bat ere ez edo guztiak norbere eran, norbere martxan". Entera daitezela (Bulego). 70eko hamarkadan, etxeetako telebistetan irudiak koloretan atera ziren lehenengo aldiz. Hogei urte beranduago, XXI. mendearen atarian, Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik atera zuen azkenik. 2021eko uztailaren bueltan, "marikoi" oihupean jipoituz kendu zioten bizitza Samueli. Gaur norbait atera dute indarrez armairutik eta bihar nork daki eguzkia aterako den hemendik.

Definizioetan sartuz, uhin luzera ezaguneko uhin elektromagnetikoek gure ikusmenean sortzen duten sentsazioetako bakoitza kolore moduan izendatzen dela dio Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoak. Ikusten dugun kolore bakoitza objektuak xurgatzen eta islatzen dituen uhinen araberakoa da. Hori dela eta, arrosa den objektu batek, adibidez, gainerako koloreen erradiazioak xurgatzen ditu, eta arrosa bera islatzen du soilik. Etxeko txikienek ingurutik jasotako iruzkin nahiz keinuak xurgatu eta islatzen dituzten modu berdintsuan.

Magia (eta zientzia ere) hiru kolore primariorekin hasi ohi da, eta gainerako koloreak horien nahasketetatik sor daitezke. Gorria, urdina eta horia badira ere ohikoenak eta ezagunenak, telebistan gorria, berdea eta urdina (RGB ingelesez) erabiltzen dira nahasketen hastapenetarako. Inprimatze lanetan, berriz, magenta, zian eta horia dira urrezko hirukotea. Gizartearen kasuan, errespetua, maitasuna eta bakea diren hiru kolore primarioekin hasi, eta gainerakoa horien nahasketetatik sortuko dela esango du Mr. Wonderfulen agendaren batek seguruenik.

Urte berriak, 2022 honek, aukera berriak dakartzala diote, ilusioa eta esperantza tarteko

Haurtzaroan eguzkia irudikatzeko biribil hori bat margotzen genuen, eta teilatuek kolore gorria zuten. Zerbait geroago zebra- bideak semaforoak berdetzen zirenean gurutzatzen ikasi genuen. Orain egun tristeei, egun euritsuei, egun grisak deitu ohi diegu, astelehenei gehienetan. Ingelesez ere bada urteko egun tristeenari erreferentzia egiten dion koloredun egun bat, Blue Monday moduan ezaguna. Guk berriz, urdina ausardiarekin eta inklusioarekin lotzen duen marea bat dugu gure artean. Urte berriak, 2022 honek, aukera berriak dakartzala diote, ilusioa eta esperantza tarteko. Berdeak dira horiek, gure bailara den moduan. Laranja da laranja eta zuloa beltza. Umorea horia zen telebista saio hartan, eta edalontzian gardena den urak urdin guztiak hartzen ditu itsasoratzean.

Koloreak desberdintzeko zailtasunari edo ezintasunari daltonismo deitzen zaio. Koloreak desberdintzeko gogo faltari beste hainbat izen jarri ahal dizkiogu. Erromako zubia den bizitza honetan ez baita tokirik zuri-beltzean ulertu nahi duenarentzat. "Norbere kolore, norbere eran, norbere martxan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide