Telebista objektiboki zer den denok dakigu, gutxi gorabehera behintzat, gaur egun definizioa konplikatzen hasita badago ere, telebista bere ohiko etxetresnatik jauzi egiten hasi zenez geroztik. Baina telebista ez da inondik ere gauza bera pertsona guztientzat, ezta pertsona berarentzat ere garai batean edo bestean. Telebista ikusteko modu asko daude. Baita telebista irudikatzeko ere.
Kutxa ergela, tonto-fabrika eta droga-banatzaile eskrupulurik gabea izan da urte askoan eta askorentzat telebista, euskaldunen frantsesteko eta espainoltzeko tresna eraginkorra izateaz gain. Deabru zitala. Ez zuen arrazoirik gabe bereganatu ospe txar hori guztia. Ezin da ukatu, nondik begiratzen zaion, kalte handiak egin dituela bere historia oraindik ere ez oso luzean.
Baina, gaur egun, izatekotan, behea jotako deabrua da telebista, kaltegabea bere ondoan etengabe hazten ari diren beste infernuko etsai elektronikoen aldean, tamainaz txikiagoak gehienak baina ez horregatik ahulagoak, ez horregatik asmo eta burubide zintzoagokoak. Telebista bera ere aldatu da, zabalagoa du eskaintza eta eskaintza horretan ez da dena droga eskrupulurik gabe banatuz tontoak fabrikatzen dituen kutxa ergel zital bati dagokiona. Tira, lehen ere ez, jakina, baina gaur egun are gutxiago. Hori dena aintzat hartuta, panorama berrian alderaketak egiten hasiz gero, harrapari arriskutsutzat geneukana, telebista, etxeko maskota bihurtua dugu gaur egun.