Bi albiste garrantzitsu eman ditu azken asteotan ikus-entzunezkoen katalanezko itzulpengintzak. Batetik, zinema aretoetan estreinatutako film luzeak katalanez azpidaztera eta bikoiztera bideratutako aurrekontua handitu du Kataluniako Generalitateak: 1,7 milioi eurotik, 2,7 milioi eurora. Bestetik, Disney Plus plataformak bi film jarri ditu, lehen aldiz, katalanezko audioarekin: Frozen 2 eta Espies disfressats; eta gehiago iritsiko omen dira.
Euskaraz, aitzitik, gero eta bakanagoa da ikus-entzunezko fikzio itzulia ikusteko aukera. Azpidatziei dagokienez, meritu handiko ekimen pribatuak daude, baina politika publiko ganorazkorik ez. Bikoizketari dagokienez, ezagunak dira Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen kezkak eta kexak. Inoiz ez da izan urrezko arorik arlo horretan, baina bai garai hoberik.
Euskarara itzulitako fikzio literarioan hobea da panorama, aukerei dagokienez; ez zabalkundeari dagokionez. Liburu asko eta onak itzultzen dira, aukera aberatsa dago, oihartzun eta itzal handieneko idazleek ere behin eta berriz esaten dute itzulpengintza sekulako ekarpena egiten ari zaiola euskal prosari eta jatorriz euskaraz sortutako literaturari... Baina itzulitako liburuen oihartzuna urria da, salmentak eskasak.
Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.