- Irudipena dut modu arriskutsuan ari dela zabaltzen bainoren ordez baina erabiltzeko joera nire gusturako oso zatarra. Euskal Herriko irrati esataririk onenetakoei ere entzun dizkiet dagoeneko honelakoak: «Urlia ez da Sandia baina zaharragoa» («Urlia ez da Sandia baino zaharragoa» esan beharrean). Sinonimoak ote dira ba baina eta baino? Gipuzkoa ia osoan baina esan ordez baino (edo baine) esaten denez, onargarria iruditzen zait, ahozko hizkeran bederen, adibidez, «Urlia zaharra da, baino Sandia zaharrago» esatea («Urlia zaharra da, baina Sandia zaharrago» esan beharrean), pentsatu gabe atera daitezkeelako horrelakoak edonoren ahotik; bainoren ordez baina erabiltzea, ordea, pentsatzea eta ahalegin bat egitea eskatzen duen oker bat dela iruditzen zait, ezin zaiola hiztunari modu naturalean atera horrelakorik ahotik. Oker ote nago?
- Antzeko gisan, ezin dut ulertu zergatik tematzen diren esatari asko, azpeitiar batzuk tartean, Azpeitiako esaten Azpeitiko esan ordez, Euskaltzaindiari ez ezik beren berezko joerari eta erabilera zabalduenari ere uko eginez, auskalo noren aginduari men eginez. Urrrrrteak daramatzate horrela. Zer premiarekin?
- Hirugarren gaiaren inguruan zalantza handiagoak dauzkat, eta galdera huts moduan formulatuko dut: zuzenak al dira gisa honetako esaldiak: «Urliak astakeria jo du Sandiak esandakoa» («Urliak astakeriatzat jo du Sandiak esandakoa» beharrean)?
Hiru kontu txiki dira, baina harritu eta ezinegona eragiten didatenez, zuen iritzien berri jakin nahi nuke.
Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak martxoaren 4an 31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hau. Iritzi artikuluaren ondorengo iruzkin guztiak loturan bertan irakurri ditzakezue.