Txollo bat

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2024ko abu. 22a, 10:09

Jose Ramon Aranbarrik uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Txollo bat.

Orain dela gutxi, Anoetara futbol partida bat ikustera nindoala, nire alboan zihoazen mutil gazteen arteko elkarrizketa bat entzun nuen; haietako batek esan zuen bajan zegoela, eta esan ziotela inork ezin zuela behartu hemezortzi hilabete bete arte alta hartzera. Honako hau entzun nion: "Es un chollo y se van a enterar. Voy a estar de baja dieciocho meses".

Esandakoa egia ez bada ere, hura entzun izanak pentsarazi zidan gizarteak zer ulertzen duen laneko baja batez eta bajari buruz zer pertzepzio dagoen. Aldi baterako ezintasuna, lanerako baja, Gizarte Segurantzako sistemaren prestazio bat, beharrezko osasun laguntza eta sorospen ekonomiko bat barne hartzen dituena. Osasun prestazio bat da osasun sistema publikoko mediku batek, gure kasuan Osakidetzak, botika bat izango bailitzan agintzen duena, pertsona bati bere lana egin ahal izatea oztopatzen dion gaixotasun bat duela uste duenean, nahiz eta kontzeptu hori hainbeste okertu den. Izan ere, oso normaltzat jotzen da 'baja hartzeaz' hitz egitea, adierazpen horrek dakarren karga guztiarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan, aldi baterako ezintasunak eragindako bajagatiko lan absentismoak goranzko joera argia erakutsi du azken urteotan, eta horrek, zuzenean eragiten du produktibitatean eta, beraz, enpresen lehiakortasunean. Horren arrazoiak ez dira soilik osasun faktoreak, beste gizarte faktore asko ere badaude, eta horren ondorioz, baja, aldi baterako ezintasuna, gizarte arazo bihurtu da.

Bajagatiko lan absentismoak goranzko joera argia erakutsi du azken urteotan

Pentsa daiteke langileen zahartzea elementu erabakigarria dela absentismoa areagotzeko, eta langile zaharrenak direla laneko bajen intzidentzia handiena dutenak, baina ez da horrela. 2023an, gaixotasunagatik baja prozesu gehien 41 eta 45 urte bitartekoen artean hasi ziren, eta ondoren, 45 eta 50 urte bitartekoen artean; era berean, 36 eta 40 urte bitartekoen arteko bajak 61 eta 65 urte bitarteko langileen ia bikoitzak dira. 60 urte edo gehiagoko langileak Gizarte Segurantzako afiliatuen %7,9 dira, eta baja guztien %3,9 sortzen dute; 30 urtetik beherakoak, berriz, afiliatu guztien %16,8 dira, baina bajen %26,2 sortzen dute. Gazteak dira, teorian, osasuntsuenak, baina agerian gaixoago daudenak.

Bitxia da, gainera, bajak ez direla modu homogeneoan banatzen asteko egunetan; izan ere, astelehena da prozesu gehien hasitako eguna, eta ostirala, gutxien hasitakoa; analisi epidemiologikoari nekez eusten dioten datuak dira. Bajak sortzen dituzten gaixotasun ohikoenak hezur eta artikulazio sistemakoak dira, baina deigarriena buru nahasmenduen ondoriozko prozesuen hazkunde handia da; gizartearen medikalizazioak eguneroko bizitzako arazoak gaixotasun ezgaitzaile bihurtzearen eragina, apika.

Datuen arabera, badirudi gizarte gaixo baten aurrean gaudela, edo, behintzat, gaixo itxura daukan gizarte baten aurrean; horrela ote edo gaixotasunarekin zerikusirik ez duten beste egoera batzuk babesteko erabiltzen da aldi baterako ezintasuna? Horrela balitz, kezkagarria izango litzateke, iruzur baten aurrean egongo baikinateke.

Aldi baterako ezintasuna gizarte izaerako eta gizarte erantzukizuneko arazo bihurtu da, eta baliabideak amaitu egiten direla kontuan hartuta, gizarte bezala, horren garrantziaz kontzientziatu behar dugu; ezintasun iragankor egoerak osasun prestakuntza gisa behar diren egoetarako soilik erabili behar dira, nahi ez badugu behintzat, norbaitek egunen batean ezintasun iragankor egoerek murrizteko neurriak hartzea eta, ondorioz, bekatariengatik justuak ordaintzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide