Asko entzuten ari gara negazionismo hitza. Honela definitzen du hiztegiak hitz hori: "Zenbait errealitate eta gertaera historiko edo natural garrantzitsu ukatzean datzan jarrera".
Negazionismoa ez da berria, eta negazionista izatea ere ez, negazionismoa beti egon baita. 1663an, Galileo Galilei Inkisizio Santuak kondenatu zuen, Lurra eta planetak eguzkiaren inguruan biraka zenbiltzala esateagatik. Era berean, egun askok ukatzen dute Darwinen eboluzioaren teoria, Holokausto nazia, gizakia ilargira iritsi izana edota Lurra biribila dela; era berean, orain dela urtebete ikusi genuen nola batzuk adierazten zuten elurra plastikoa zela.
Negazionistek patroi bat daukate: zientifikoki frogatutako gertaerak ukatzen dituzte eta erabat egiaztagarri den errealitateari uko egiten diote. Beren artean mailak daude; batzuk oso negazionistak dira eta dena ukatzen dute; beste batzuek, aldiz, "bai, horrela da, baina ez da horrenbesterako" adierazten dute.
Negazionisten artean ikus daitezke lanbide eta profil guztietako gizakiak. Batekoak edo bestekoak, batek edo besteak, bere burua adierazpen askatasunaren eta errebeldiaren adalide izendatzen du, erakundeekiko eta sistemareriko mesfidantza adieraziz. Beraien artean "asmo oneko" jendea dagoela uste dut, pentsatzen duenarekin predikatzen duena; aitzitik, bere interesetarako negaziosmaren bandera egiten duten alderdi politiko eta botere- taldeak daudela ere zalantzarik ez dut, horretarako "asmo oneko" jendea erabiliz eta beraiez aprobetxatuz.
Baina ebidentzia zientifikoa ukaezina eta burugogorra da, arrazoimenaren eta zientziaren aurkako borrokaren historia amaigabea izango bailitzan aurrerapen berri guztiekin beti kontrako iritzi-korronte bat sortzen bada ere. Pesimista bat ongi informatutako optimista bat dela esaten den bezala, uste dut negazionista bat gaizki informatutako edo informatu gabeko gizaki bat dela. Eta ondo informatuta egoteko, informazio asko baino, kalitate handiko informazioa behar da. Informazio bonbardaketa baten aurrean gaude, eta asimilatzeko gai ez garen uholde informatibo bat daukagu eskuetan; horrek gaizki informatzera eta perzeptzio oker batera eraman gaitzake, kantitate handiko informazioa kalitate eskasekoa bihurtuz.
Mariano Jose de Larra idazleak honako hau idatzi zuen: "Errazagoa da gauzak ukatzea, haien berri izatea baino". Gauzen berri izateak ondo informatzea eskatzen du, eta beraz, ahalegina, analisia eta hausnarketa eskatzen ditu. Tamalez, uste dut askotan nahiago izaten dela gauzak ukatzea, haien berri izatea baino, hots, nahiago izaten dela informazioaren kantitatea kalitatea baino, eta informazio hori egi borobil bailitzan defendatuz, egiaztagarri den errealitateari uko eginez.