Koronabirusa denen ahotan dagoen hitza da. Ez dago telebista edo irrati saiorik nahiz familia edo laguntarteko bilkurarik hitz hori falta denik. Badakigu koronabirusa birus bat dela. Baina zer da birus bat? Gizakiok, gure harrotasunean, uste dugu bizi garen Lur planeta gurea dela. Gizakiok, baina, animalia bat besterik ez gara, eta gurekin batera Lurrean hamaika espezie ezberdin bizi da, eta tartean birusak. Izaki bizidun txikienak dira birusak, eta Lurrean gizakia baino lehenagotik bizi dira; gu baino zaharragoak dira.
Birusek beste espezien zelulak behar dituzte bizirauteko, zelula horiek inbadituz bakarrik erreplika daitezke. SARS COV-2k (koronabirusaren izen zientifikoa) erreplikatzeko behar dituen zelulak gizakiarenak dira; gizakitik kanpo ez du bizirauten. Beraz, tokatu egin zaigu. Eta horrek osasunean, ekonomian eta moralean eragin digu. Bat-batean, gure bizimodua, eguneroko lana, portaera eta jokatzeko modua apurtuta ikusi ditugu; beldurtiak, sentiberak eta zuhurrak bihurtu gara. Birusak gure izatearen sakonenean eragin digu.
Infekzio biriko baten aurrean immunitatea lortzeko bi era daude: gaixotasuna pasatzea edo gaixotasunaren aurkako txertoa jartzea. Koronabirus honen aurrean, birus berri bat denez, ez daukagu inolako immunitaterik. Ez dut uste kutsatzea aukera hona izan daitekenik, egun tratamendu eraginkorrik ez daukagulako. Badakigu birusareriko zaurgarria den pertsona talde bat dagoela, hala nola adinekoak eta oinarrizako gaixotasunak dituztenak. Infekzioaren aurrean eboluzio larria izan dezakete horiek. Baina badakigu, halaber, inor ez dagoela birusaren ahalmen infektibotik salbu. Pertsona bat infektatzen denean —bere adina edo egoera fisikoa edozein izanda ere—, ezin da aurreikusi zein izango den bere eboluzioa. Esaterako, ikusi ditugu heriotzak oinarrizko patologiarik izan ez eta egoera fisiko ona zuten gazteen artean. Baita "sendatu" ondoren (positibo izan ondoren negatibo izan direnak), oraindik osasun arazoekin jarraitzen dutenen kasuak ere; batzuetan, gainera, ez arazo samurrak. Beraz, gizaki denok izan gaitezke birusaren kanoi-bazka. Bestalde, txertoa izateko oraindik denbora falta da; datorren urteko lehen hiruhilekora arte izango dugunik ez dut uste.
Ondorioz, geratzen zaigun aukera bakarra gure burua babestea da. Horretarako, kontuz eta tentuz ibili beharko genuke, eta ibili behar dugu, lehen normaltzat jotzen genituen kontuetan, hots, elkar besarkatzeko, elkar ikusteko edota elkarrekin afaltzeko. Izan ere, birusak gure artean jarraitzen du, eta jarraituko baitu. Horregatik, ez zait atsegina egin irakurri izana, horretara behartu gaituzten arte, Gipuzkoa izan dela maskara gutxien erabili duen lurraldea. Ez zait atsegina egin Azkoitian maskaradun hain jende gutxi ikustea. Ez zait atsegina egin maskara erabiltzen zuenari zomorro arraro gisa begiratzea, eta arrisku jarrerak saihesten ahalegindu denari "koldarra eta beldurtia" deitzen entzutea. Ez da beldur eta koldar kontua, norberak bere buruarekiko erantzukizunez eta besteekiko elkartasunez jokatzea da babes neurriak hartuta ibiltzea.
Edonor, sintomarik dugula jakin gabe ere, izan gaitezke birusaren eramaile. Beraz, diztantziak mantentzea, eskuak garbitzea eta maskarak erabiltzea behar-beharrezkoak dira immunitatea lortzen ez dugun bitartean; izan ere, birusari pertsonatik pertsonara pasatzeko bidea mozteko dauzkagun tresna bakarrak dira, inork nahi ez duen konfinamenduarekin batera. Neurri horiek lasaitzeak, azken asteetan ikusi dugun bezala, kutsatukoen kopurua areagotzea dakar.
Hori dela eta, uztailaren 15ean, maskarak erabiltzeko eta gazteen lonjetan eta antzekoetan jarduerarik ez egiteko, legezko agindu bat kaleratu zuten. Horrek gutako bakoitzaren gogoeta bat merezi du: norbanakoaren erantzukizunetik eta gizartearekiko elkartasunetik, geure buruari ezarri beharko geniokeen agindu bat zergatik ez dugu egin legez ezarri arte?