Emaiozu arrain bat gizon (pertsona) bati eta egun baterako jana izango du, arrantzan irakasten badiozu, bizitza osoan jan ahal izango du". Konfuzioren esaldi ospetsu hori garapenarekin lotu ohi dugu. Batez ere, herrialde pobretuen garapena du xede: beraien ibilbidea euren kabuz egiten irakatsi behar zaiela alegia, inori laguntzekotan, momentuko laguntza ematea baino askoz eraginkorragoa delako bizibide bat irakastea. Esan beharrik ez dago, herrialde pobretu horiek garapen ekonomikoan oinarritutako hegoalde globalekoak direla, zeintzuei iparralde globaleko herrialde aberatsek lagundu behar diegun. Alabaina, kontuan izan behar da "pobretu" adjektibo salatzaileak guregan duela hatz erakuslea: guk, herrialde aberatsok ehunka urtetan zehar pobretuarazi ditugulako. Azken mendeetan gure kolonia izan dira, lurreko erraietatik mineralak ostu dizkiegu, basoetatik zuhaitzak, euren kultura geureagatik ordezkatu dugu, eta gizon-emakumeak esklabo bihurtu ditugu.
Arpilatutako herrialde horietako jendeak bizitza duinagoa amesten du: elikadura, osasungintza, lana, etxebizitza… Eta zilegi den heinean baita luxu pixka bat ere. Beste upel bateko sagardoa da, ea baldintza horiek guztiak benetako errealitateari dagozkionak diren, baina tira, horrela saltzen dizkiogu munduari. Horregatik, gero eta etorkin gehiago ditugu gure lurraldean eta horrek hainbat erreakzio eragin ditu. Ankerrenak eskuin muturrak jaurtitakoak: ez dutela lanik egin nahi eta diru laguntzak dituztela jomugan, bertako kultura ez dutela barneratzen, delinkuentziaren sorburu direla edota krisi ekonomikoaren (gizarte kapitalistak ziklikoki betidanik dituenak) eragile nagusiak direla. Motzean esanda, arazo ororen arduraduntzat dituzte.
Horren aurrean bada beste diskurtso bat. Leunagoa, abegitsuagoa, eta beharbada, anbiguoagoa ere bai. Ezen, aberastasuna ondasun materialetan oinarritzen dugunez, herrialde aberatsok beste era bateko gabeziak ditugu: gero eta populazio zaharkituagoa dugun heinean, lanerako jendea behar dugu; eta dagoeneko guk nahi edo egin ahal ezin ditugun lanak norbaitek egin behar ditu. Horregatik, zaintzan, ostalaritzan, garbiketan, eraikuntzan, basoan edota beste hainbat sektoreetan etorkinen beharra nabarmena da. Baita gero eta gehiago garen jubilatuen pentsioei eusteko ere. Laburrean, gure herrialdeak aberats izaten jarrai dezan behar ditugu langile etorkinak, sarriegitan era prekarioan dihardutenak. Azken beltzean, diskurtso horren atzean, gure onura lehenesten da eta ez etorkinen benetako giza eskubideak. Horiek, eskuratzekotan, euren ahaleginaren ondorioa lirateke eta ez, berez, pertsona orori dagozkionak.
Iraganeko kotoi biltzaileak, azukre kanabera moztaileak edo eraikin erraldoien eraikitzaileak garaiko aberatsen esklaboak ziren, eta egun etorkinak nahi ditugu gure gizarte aberatsa mantendu ahal izateko. Areago, behiala beltz tratulariek eramaten zituzten jomuga berrira, eta egun eurek ordaintzen dute (askotan biziarekin) bidaia. Baina derrigorrak eragindako bidaia da, eta hori ekiditekotan euren herrialdean duintasunez bizi ahal izateko arrantzan (garapena) ikasi beharra dute. Kontua da, ea zer arrantza (garapen) mota ikasi behar duten. Gurea? Kapitalismo bortitzak hazkundea eta kontsumismoa ditu ardatz, eta horrela ezin da parekotasun globalik eratu. Batzuek aberats bizitzeko, behartsuak ezinbestekoak direlako.
Agian, denok ikasi beharko genituzke arrantza (garapen) era berriak, non munduko errekurtsoak, globalki zein lokalki, era apalagoan eta berdintasunez banatuko diren.