Iruzurtiaren sindromea (Sindrome del impostor) duenak bere lorpenei buruzko zalantzak ditu, eta lortutako arrakasta oro merezi ez duenaren ustea gailentzen zaio. Horrek guztiak bere buruarekiko gutxiespena sorrarazten dio, nolabait zoria edo neurriz kanpoko esfortzuaren bidezko emaitza dela sentiaraziz, eta ez gaitasun propioen ondorioa. Beraz, lortutako arrakasta iruzurtzat du eta gizartearen aurrean iruzurtia bailitzan sentitzen da. Pauline Clance eta Suzanne Imes psikologoek sortutako kontzeptu hori gehien landu duena Valerie Young doktorea da, eta pentsa daitekeena baino jende gehiagori gertatzen ei zaio.
Ez da denbora asko sindrome honen berri izan nuela. Adiskide batek esan zidan: batzuetan iruzurtiaren sindromea dudala pentsatzen dut, orain arteko lorpenak ez ditudala merezi, alegia; beharbada, behinola amestutakoa lortzen ari naizelako eta ia-ia ezin dut sinetsi. Nire ezjakintasunaren aurrean, sindrome hori zertan datzan azaldu zidan, eta aitortu nion nik ere nabaritu izan dudala sentipen hori: nire lorpen xumeak behar baino denbora eta esfortzu gehiago eskaintzearen ondorioz iritsi zaizkidala, eta ez neure talentu naturalaren edo gaitasunaren bidez. Iruzurra, nire kasuan, egiten ditudan lanei denbora asko, edo gehiegi, eskaintzen diedan ustea litzateke: denbora eta langintza berdinak hartuz gero, beste edozeinek ere berdin edo hobeto egingo lituzkeela. Zer egingo diogu ba, inor ez da perfektua, eta inperfekzio horrekin bere burua zigortzen duena, are eta gutxiago.
Badira, ordea, beste era bateko iruzurrak ere, eta horietaz kontziente izan arren, jasaten ditugunak. Esaterako, euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko eskubidea eduki arren, egunerokotasunean oztopatzea. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi zikloaren barruan, Agurne Gaubekak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak, euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko eskubideari buruz esandakoa aipagarria dela deritzot. Haren hitzetan, euskarazko zerbitzuak edukitzea oinarrizko giza eskubidea da, baina nahiz eta hizkuntza ofiziala izan, behar besteko lege babesik ez dugu. Ondorioz, euskaraz aritzeko espazioak urritzen zaizkigu. Hurrenez hurren, administrazioan, epaitegietan, Osakidetzan, segurtasun arloan, udaletan, kulturan, aisialdian, kirolean edota eremu sozioekonomikoan euskaraz artatuak izateko eskubideak etengabeko urraketak ditu. Gainera, sinetsarazi nahi digute, eskualdearen arabera, euskarazko zerbitzuek garrantzi txikiagoa dutela. Bestalde, hitzaldi ziklo berean, osasun zentroetan pazientea bere ama hizkuntzan artatzeak garrantzi izugarria duela esan zuen Felix Zubiak.
Euskaraz bizitzeko zailtasunak egunerokoak ditugunez, oraintsu Barakaldoko Gurutzetako ospitalean izandako esperientzia baten berri emango dizuet. Hiru urtetik behin proba bat egitera joaten naiz ospitale horretara. Eraman ninduen anbulantziako gidariarekin gazteleraz hitz egin beharra izan nuen. Artatu ninduten bi erizainetatik batek soilik zekien euskaraz; beraz, gazteleraz hitz egin genuen. Proba egitera lagundu zidan zeladoreak ez zekien euskaraz. Proba egin zidan profesionalak ere ez. Ospitale atarira lagundu zidan beste zeladoreak ere gazteleraz egin zidan. Eta etxera anbulantziako gidari berarekin itzuli nintzen. Egun batzuk geroago medikuak etxera deitu zidan proban dena ondo atera zela esateko. Erabili zuen hizkuntza zehaztu beharra daukat?
Adiskide batek esan zidan, Barakaldon euskaraz jende gutxiagok egiten duenez, agian ulergarriagoa dela euskararekiko jokabide hori. Horrelako jarrerak azaltzeko, Felix Zubiak Skinnerren konduktismoa aipatu zuen, nolabait euskarak etengabe jaso duen egurraren ondorioa dela adieraziz. Nik "Iruzurra normalizatzearen sindromea" deituko nioke.