Paretaren okerdura

Juan Ramon Alberdik uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Paretaren okerdura.

Horma edo pareta bati so jartzean barneratutako sentsazioak anitzak izan daitezke. Esaterako, babesa, goxotasuna, segurtasuna edo etorkizuna bezalako iradokizunak isla ditzake. Alta, pareta hori harresi gisa hartzen badugu, bereizketa edo isolamendua bezalako sentipenak ere zilegi dira; beste pertsona edo gizarteengandik at geratzeko zioa, alegia. Horregatik, agian, hizkuntza bati buruz mintzatzean ez dugu horma bat irudikatzen, mintzairak mugarri zein loturarik gabea behar lukeelako: ortzi- mugarainoko ibilbide askea duena. Kontua da, mugagabetasun hori ulermenaren ortziak zedarritzen duela: elkar ulertzen dutenen arteko espazioak. Gainera, errespetu eza eta gutxiespena eransten zaizkionean, zeru hori are eta lainotuagoa bilakatzen da. Hargatik, beharbada, hormaren metafora egokia izan daiteke babestu beharreko hizkuntzari buruz mintzatzerakoan. Batez ere, mintzaira hori gutxitua denean.

Hizkuntza bat existitu dadin ulermena ezinbesteko premisa bilakatzen denez, hitz horiek konprenitzen dituztenen arteko akordioa ere beharrezkoa da informazioa gara dadin. Eta hitzarmen edo itun horretan hartuko luke forma paretaren alegoriak: mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, komunitate bateko hiztunek osatu duten oinarria, non gizaldi bakoitzak bizitako garai eta gorabeheren araberako harri ilarak osatuko dituzten. Denborak fosildutako pareta horretan arakatzen badugu, garai bakoitzak zirkunstantzia ezberdinak dituela ikusiko dugu. Aro bakoitzak bere muga eta aukerak izan dituela, eta ezberdintasun horiek erakusten dute hizkuntzaren horma egiterakoan harri denek ez dutela zuzentasun edo sestra bera: batzuek irtenagoak, besteak sartuxeago; tartean zuzenak eta, baita okerdura handi xamarrarekin ere. Halaxe izaten da ahal den moduan eta arazoak agertu ahala gaindituz eginiko lana. Eta tamalez, mehatxatutako hizkuntzen egunerokotasunean horrelako egoerak sarriegi agertzen dira.

Belaunaldi bakoitzak osatutako eleak bere ezaugarriak ditu. Gure aurrekoen hizkuntza erdara kutsu gutxiagokoa zen. Herrian bertan eratu eta osatutako hitzez josia, eta sarritan entzuten nien guk egiten genuena ez zela euskara, bestelako nahasketa xelebrea baizik. Izan ere, nirean (1960ko hamarkadan jaiotakoetan alegia), erdarazko hitzek protagonismo nabarmena zuten: bentanie, baloie, paretie, jertzie. Gaztelerazko hitzei ie gehitu eta aurrera! Lazkao Txikik esaten zuen gisan: "Euskara hura ulertzeko gazteleraz asko jakin beharra zegoen". Baina sasi-hitz horiek tarteko, euskarazko egitura mantentzen genuen. Oraingo belaunaldiaren euskara, aldiz, garbiagoa da hitzei dagokienez. Euskara batuak baliabideak eskaintzen ditu, auzoko hizkuntzetatik hartu gabe, adierazi nahi dena berariazko elez aipatzeko, eta horrek sekulako aberastasuna ekarri dio gure hizkuntzari. Alabaina, hitz egoki horiek, sarriegitan, gaztelerazko egituran lerratzen dira komunikazioan, eta iraganekoa akatsa bazen, egungoa ez da txikiagoa: hitz zehatz batzuen ordez, esaldi osoa okertzen duelako.

Hor dugu gure hizkuntzaz osatutako pareta oker samarra, non belaunaldi bakoitzak utzitako akatsak hurrengoak zuzendu nahi izan dituen. Batzuetan bultzaka hasteko gogoa ere ematen du, ea artezten ditugun irtengune batzuk bederen. Eta gurari horrek Txirritaren bertso ospetsu bat dakarkit gogora: bezperan egindako pareta okerra zuzentzen ahalegindu zen andaluzarena. Bertsolari hernaniarrak horrela kantatu omen zion: "Bera eroriko dek ez akiyok bultza!".

Ez zait iruditzen horrelakorik gertatuko denik, baina badaezpada ere, egin dezagun ahalik eta pareta zuzenena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide