Errementariaren etxea

Juan Ramon Alberdik apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Errementariaren etxea'.

Esan ohi denez, izena duen oro existitzen da. Irati filmean primeran baliatu zuten esamolde hori euskal mitologiaren sustraiak eta hostoak aldarrikatzeko: "Izena duena bada". Beraz, garrantzi handia du zer-nolako izendapenak esleitzen dizkiogun gure inguruko gauza, izaki, gizaki edo horiek eratutako taldeei, nolabait izen horren araberako garrantzia izango duelako. Eta izendapen horiek gizartean konbentzioz egiten direnez, gaiari buruzko ikuspuntuak aldatzen diren heinean, izendapenak ere mudatu egiten dira.

Aldaketa ahalegin horren adibide nabarmena da generoak bereizteko formulen neutralizatzeko joera, horretarako emakume, gizon eta genero binarioak ez direnen aipamen zehatza eginez. Alta, berritasun horrek laguntzen du generoaren ikuspuntu berreraikia sendotzeko? Bada, esan daiteke, izena (izen berria, alegia) duena ikuspegi berriarekin sortzen dela gizartean. Nahiz eta hori gauzatzeko orduan, hitzek baino garrantzi handiagoa duten ekintzek, eta horiek tamalez, eleek baino pauso baldarragoa dute.

Maiz, iraganean ezarritako esamolde traketsen itzalak atzapar luzeegiak ditu, egun batetik bestera, aldaketa nabarmenak gauzatzeko. Horregatik, terminologia aldatzeko atazak berariazko esfortzu edo ekimena eskatzen du. Esaterako, gabezia fisikoa, psikikoa, intelektuala eta sentsoriala duten pertsonen kasua, zeintzuk hainbat izendapen laidogarriren biktima izan diren. Inbalido, minusbalido, ezindu, elbarri, herren, subnormal, tonto, zoro eta abar luzea, nolabaiteko gabezia duten pertsonak izendatzeko erabili izan da. Haatik, pertsona horien aldeko mugimenduen eskutik "politikoki zuzena den hizkuntza" bultzatzean, arestian aipatutako terminoen ordez, desgaitasuna duen pertsona edo aniztasun funtzionala duen pertsona esamoldeak aldarrikatzen dira.

Iraultza horrek sustaturik, aldaketak gauzatzen ari dira pertsona talde horren inguruan eratutako terminologian. Esaterako, 1978an osatutako Espainiako Estatuko Konstituzioan berriki proposatu dute aldaketa, non desgaitasuna duen pertsona esamoldea ezartzen den, ezen, azken 46 urtean, pertsona horiei buruzko erreferentziak disminuido (gutxitu) legez agertzen ziren. Eraldatze hori oso garrantzitsua da arestian aipatu dugun izena eta izana elkartzen dituen ekuazioan, nolabait dimentsio berria eta baikorra ematen diolako aipagai dugun taldeari. Tamalez, ordea, gizarte normatiboan bizi garen heinean, normatik (normaltasunetik, alegia) ateratzen dena anormaltzat hartzen da; eta ondorioz, eskainitako tratua ere kutsu berekoa da. "Desgaitasuna duen pertsona" esatea oso ondo dago, baina pertsona horrek bizi duen errealitatean oztopo arkitektonikoak, lan aukera eta baldintza eskasak, erlazio sexu- afektiboekiko diskriminazioa edo heldugabetzat hartzea bezalako jokaerak gailentzen badira, besteek baino gutxiago balio duenaren ebidentziak ikusarazten zaizkio.

Azken finean, gizartean ezberdintzat hartzen denari garrantzia urritzen zaio. Eta politikariak herritarrak diren heinean, ondo baino hobeto islatu dute axolagabetasun hori. Konstituzioan desgaitasunari dagokion terminologian aldaketak proposatu eta hilabetera, desgaitasunaren baitan kokatzen den ELA duten gaixoen kolektiboak sekulako itsuskeria nozitu du Kongresuko diputatuen aldetik. Denbora luzez landu eta itxarondako audientzia lortu ondoren, sekulako esfortzu fisiko eta ekonomikoa medio, Kongresuan euren eskaera eta aldarrikapenak entzutera hirurehun eta berrogeita hamar diputatutik soilik bost aurkeztu ziren. Juan Carlos Unzuek zioen gisan, joan ez zirenek eginkizun garrantzitsuren bat izango zuten.

Kongresuan, errementariaren etxean bezala, zura da nagusi. Edo beharbada egurra: gizarteak ahulagoari ematen dion egurra, hain zuzen ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide