Haurraren negarra

Juan Ramon Alberdik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Haurraren negarra.

Aspaldi samar entzun nuen jarraian kontatzera noakizuen pasadizoa. Eta harrezkero, askotan aipatu izan dut hainbat gairi argibidea emateko, izan ere, maite dugunari buruzko jarrerak islatzeko adibide paregabetzat daukat:

Iragan mendean ba omen zen Gipuzkoako erdialdean familia bat, zeinaren baitan haurtxo batek sekulako negarrak egiten zituen. Kontua da, haur negarti horrek egunean zehar lantuak egiten zituen arren, gauez emandako serenatek aparteko indarra zutela, eta ondorioz, etxepekoak zeharo nazkatuta zeuden. Haurraren birikak probatzeko moduko soinuaz girotutako gau baten ostean, eskailera-buruan bat egin omen zuten haurraren amak eta aldameneko andreak. Auzokideak honela esan omen zion haurtxoaren amari: "Ume hori nirea balitz, aspaldi botata nuen ibaira". Haurraren amak ostera: "Zurea balitz, baita nik ere, baina nirea da ordea".

Aipatu dizuedan gisan, gai askori buruz hitz egiteko beta ematen duen pasadizoa da arestikoa. Horregatik, euskararen inguruan sortutako egonezinari buruz mintzatzeko baliatu nahiko nuke: batzuen axolagabetasuna eta besteon ardura bistarazteko. Egiari zor, ezin da literalki hartu kontakizunaren mamia, besteak beste, haur zaratatsuok (agian ez gehiegi) garelako Ama Hizkuntza babestu nahi dugunak. Izan ere, ez da gaurkoa euskarari buruzko liskarra eta borroka. Duela urte batzuk gainditutzat genituen euskararen inguruan eratutako eztabaidak berriro piztuz doaz, eta ebazpen judizialak ugaritzen ari dira bere erabilerari mugak jarriz. Oldarraldi horrek erakusten du "eurena ez den" hizkuntzak axolagabetasuna eragiten diela, eta munduko hizkuntza boteretsuenen ibaira jaurti nahi dute, inolako babesik gabe eta etengabeko erauntsian gero eta ahulago bilakatu dadin.

Hasieran kontatutako pasadizotik literalki hartu ezin den beste kontua, haur bat soilik etxekoena izatearena da, ezen familiaz gain, komunitatearena ere bada. Horregatik, ibaira botatzearen kontua metafora hutsean geratzen da: sozialki onartua ez izateaz gain, legez zigortua. Bada, euskararekin ere horrelako zerbait gertatzen da: Europako hizkuntza zaharrenaren aurka joatea kulturalki gaizki ikusita dagoenez, euskararen kontrako oldarraldi judiziala hizkuntza ez dakitenen mesedetan abiatu omen dute, nolabait horien eskubideak urratuta ageri direlako. Eta suposatzen da jarrera horrek ez digula inolako kalterik egiten euskal hiztunoi. Alabaina, euskaraz bizi nahi izatea eta ahal izatea ez dira gauza bera, ahalmen hori gizartean eskaintzen diren zerbitzuen gain ere badagoelako: horiek ukatzean, ez dago behar bezalako euskarazko komunikaziorik.

Hizkuntzen aferan "ume hori nirea balitz, aspaldi botata nuen ibaira" esaldiak beste konnotazio bat ere gordetzen du bere baitan: aldamenekoei haurrak ez diela lanturik egiten. Eta agian, ibaiak ere ez die beldur handirik ematen, nolabait esateko, hizkuntza ('haur') hori komunikazio korronte indartsua delako. Gure kasuan, gaztelania eta frantsesa izango lirateke. Alta, ingelesaren hedatzeak sorrarazten dien itzala dela eta, agian kezkaren zirrara nabaritzen hasiak daude, eta uste hori egia bilakatzerako babes neurri zorrotzak jartzen dituzte euren 'haurrentzako'.

Alabaina, euskaldunok ezin dugu etsi geurea den hizkuntzaren aldeko borrokan. Eguneroko komunikazioan eta etsipenezko gau beltzetan, gure mintzairari tentuz eta temati heldu behar diogu. Bestela, auzokideek ez dute jakingo existitzen dugunik ere, eta are gutxiago zergatik maite dugun horrenbeste, hain gozakaitza egiten zaien hitz jarioa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide