Ez nago ziur, baina uste dut Pako Aristi idazle azpeitiarrari irakurri niola gertakariak zenbat eta gehiago gerturatu, are eta sona zein garrantzi handiagoa izaten zutela: probintzia berean izatea, eskualdean, herrian, kale berean, etxepean, etxean... Gertakaria gerturatzen zihoan heinean, edo gertukoei eragiten zien neurrian, are eta dimentsio handiagoa izaten zuen horrek. Espero dut, irakurle agurgarri hori, hizki hauek zugana iristerako mintzagai hartu dudan gertakaria, bere horretan, bukatuta egongo dela, nahiz eta bere ondorioek luzaroan jazarriko gaituzten. Izan ere, Errusiak Ukrainako herrialdeari eginiko erasoaz idaztea erabaki dut. Eta deliberazio horretan distantziak garrantzi handia du.
Munduan zehar hainbat guda ezagutu ditugu. Batzuk, Balkanetakoak kasu, Europan eta urte luzez gertatu ziren. Beste batzuk Afrikan, Ekialde Ertainean, Sirian, Afganistanen... Tamalez ez nituen denak aipatuko, ezen betidanik, herritarren odola moneta merkeegia izan da mandatarien gutizia asebetetzeko. Alabaina, horietako inork ez digu Ukrainako inbasioak besteko larritasunik sortu. Are gehiago, txantxak ere egin izan dira gerrei buruz. Xabier Letek Gizon arruntaren koplak-en esaten zuen: "Afganistanen gerra piztu zuten ia!". Eta irribarretxo batekin entzuten dugu. Ez dut esan nahi gerra horiekiko sentiberatasunik ez dugunik, baina Ukrainaren kasuan Aristiren distantzia kontuak gaurkotasun nabarmena hartu du: gaurkotasuna eta gertukotasuna.
Gertukotasuna aipatzerakoan, kilometroei dagokien distantziaz harago, bi eratakoa nabarmendu nahi dut: ekonomikoa eta humanoa. Ekonomiari dagokionez, kalte nabarmenak eragingo ei ditu gure poltsikoetan: gasa eta petrolioa etengabeko prezio igoeran, argindarra berdin. Burtsa behera, inflazioa gora. Hori guztia oso gertu pairatuko dugu, distantziarik motzenean: gure soinean.
Alabaina, dramarik handiena humanoa da. Hedabideen bitartez iristen zaizkigun albisteak eta irudiak etsigarriak dira: suntsitutako herriak, errefuxiatu andana, gerra makineria... Eta hondamendi hori guztia gure kontinentean izateak gertutasuna eransten dio. Haatik, bada are eta gertuago bilakatzen duen zirkunstantzia bat: drama horren testigantza geure hizkuntzan, euskaraz, iristen zaigula. Chernobylgo Lagunak elkartearen bidez Euskal Herrira urtero etorritako haur aunitzek gure hizkuntza ikasten dute, gure kulturaz blaitzen dira eta etxeko bilakatu. Hots, Ukrainako gerra gure mintzairan eta gure etxeetaraino iritsi da. Eta hori oso gogorra da, are gehiago dagoeneko gizon bilakatuta dagoen haur horietako batek norberaren etxean uda batzuk igaro baditu.
Horrek guztiak hainbat gogoetara bideratu nau. Duela gutxira arte, bazirudien pandemiaren ondorioz mundu osoa elkartuko zela, etsai komun bat genuela eta gizakion onerako norabidea hartu zela. Duela urtebete COVID-19ari buruzko txertoa sortzeko ahaleginean murgilduta zeuden herrialde guztiak. Putinek ere bazuen berea, zeinarekin mundua salbatuko zuen. Baina agintarien botikek, batez ere, beren prestigioa eta onura ekonomikoak dituzte jomugan. Pandemiaren itzala gerraren iluntasun osoarekin itzali nahi izan du errusiar agintariak, eta gaurkotasunari dagokionez, lortu ere bai hein batean.
Gizateriak betidanik jasan duen pandemiarik bortitzena guda izan da. Beharbada, giza espeziearen eboluzioaren oinarri ere bada. Alta, guda hitzaren "gu" bi eratara ulertu behar da gerraren igarotzean: agintarien "gu" harro bezain despotan, eta biktima zuzenak diren herritarren "gu" tragikoan.