Xumea izatea ez da beti norberaren gain egoten. Batzuetan, besteek erabakitzen dute xumetasun hori, nolabait, txiki edo ahul gisa kontsideratuz. Besteetan, norberak izan nahi du xume, baina aurrez hauspotutako harrokeria itzaltzeko ahalegin antzua baino ez da izaten. Haatik, bada beste xumetasun mota bat: emeki egindako lanaren emaitza zintzoa, inolaz ere bere dohaina eta balioaren berririk ez duena, harik eta ingurukoek aitortzen dioten arte. Azken honi buruz idaztera natorkizue, nahiz eta xumetasunaz mintzatzean, aurrez aipatutakoak ere, ezinbestekoak diren.
Sarri esan digute bizitzan xumeak izan behar dugula: jende xumea, langilea eta esanekoa. Ondorioz, herri, hizkuntza eta helburu xumeak ditugulakoan gaude. Alabaina, xumetasun horiek guztiak besteek inposatutakoak dira, egindako lanaren garrantzia aitortu gabekoak. Herri gisa, estaturik gabeko naziotasuna dugu. Mintzairan, hizkuntza gutxitua, estatusik gabekoa. Helburuei dagokionez, estutasunetik at, indibidualak eta berekoiak gara. Honek guztiak bidegurutzez osatutako norabidean jarri gaitu, benetan txiki eta ahul sentiaraziz. Jarraian, arestian aipatutako hiru eragileetatik, beste bien oinarri ere delakoan, hizkuntzaren inguruan sakonduko dut.
Euskarari buruz entzundako lora denekin, a zer nolako lore-sorta egin daitekeen! Ia-ia, koroa ere bai, zeinarekin altxor preziatu bat ostendu. Ezen, xumetasunaren xarma, komunikaziorako tresna garrantzitsu ordez, era sinbolikoan onesten zaio: fikziozko ondasun gisa. Agian pentsatuko duzue oso ezkorra naizela, baina euskarari ez zaio aitortzen merezi duen errespeturik. Telebistan gero eta protagonismo gutxiago du. Prentsan, ozta-ozta existitzen da. Gazteleratik eginiko itzulpen ofizial askok barre-algara eragingo lukete jokoan dagoena hain larria ez balitz; eta abar luzea. Horregatik, begitantzen zait, euskaldunok garela gure hizkuntzari indarra eman behar diogunak: guretzat zer den, zertarako eta zergatik behar dugun aldarrikatuz.
Nire kasuan, euskara, ama hizkuntza da. Etxeko goxotasunean jaso nuen: amaren magaleko goxotasunean, aitaren ipuinetan, aitona-amonen mimoetan eta anai-arrebekiko jolasetan. Horrez gain, nire hizkuntza ama ere bada: nire pentsamenduak euskaraz sortzen dira; nire barnari euskaraz hitz egiten diot, eta berak euskaraz erantzuten dit. Are gehiago, euskara da nire bizipenen oinarri. Adibide gisa, eta metaforen malgutasuna probestuz, esango nuke, egunsenti eder bat ikustearen parekoa litzatekeela nire hizkuntzak ematen didan bizipena; aldiz, beste hizkera baterako itzulpena, esperientzia horren kontakizuna, inolaz ere bizi izandakoaren ezberdina. Ezen narrazio onenak ere ezin du bizipenaren modukoa izan. Bai, euskara hizkuntza ama dut: bizipenak sorraraztean, sormena ere pizten didalako. Horregatik, testuinguru zailean aurkitzen garen arren, nire hizkuntzaz harro sentitzen naiz.
Eta zenbait ekitaldirekin, harrotasun hori areagotu egiten zait, esaterako, Euskaraldiarekin. Duela bi urte ahobizi bereizgarria jartzean, zerbait handiaren parte nintzela sinetsi nuen: nire hizkuntza entzuteko prest zegoen hainbat belarriprest izango nituelako. Gure hizkuntzak eginiko ibilbide neketsuarekiko aitortza mamitzear zegoelako. Ezen, hizkuntzak, komunikazioaren harian kontserbatzen dira, eta ez testigantzazko sokan zintzilikatuz. Harrezkero, bi urte igaro dira eta iparrorratza noraezean dugu. Harik eta berriro ere Euskaraldiaren iparrarekin topo egin dugun arte. Jantziko ditugu gure hizkuntz ezaugarriak paparrean eta euskararen birikak haizez berriztatuko dira. Ea oraingoan arnas luzeagoa mantentzen dugun.
Euskalduna naiz eta harro nago esaldiari hau gehituko nioke: "Euskaraz maiz eta harroago".