Normaltasun, berria?

(Argazkia: Pixabay)

Juan Ramon Alberdik abuztuko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Normaltasun, berria?'

Beste konturik ez dut entzuten egunotan: normaltasun berrira egokitu behar dugula. Nonbait, iraganean bizi genuen errealitatea ez da errepikatuko, ez puska batean bederen. Maskararen erabilerak kezkatzen gaitu, eskuak sarri garbitu beharrak, ingurukoekiko distantziak, lanak, aisialdiak… Horiek denak dira gure normaltasun berria baldintzatuko dutenak, hots, gure bizimoduaren oinarri bilakatu direnak. Alabaina, ez nator bat izendapen horrekin, ezen COVID-19ak eragindako aldaketaz aparte, normaltasuna zalantzan jarri beharreko kontzeptua da.

Normaltasun berria deitzen diogu, norma edo arau berri batzuei men egin beharrean gaudelako. Gauak iluna inposatzen duen lez, araua da normaltasuna eraiki eta ezartzen duena. Alta, normaltasuna ez da guk irudikatzen dugun bezain naturala, nahiz eta bere logika baduen. Beste kontu bat da, logika hori bide zuzenetik eraikia den.Georges Canguilhem-ek dio, norma gizakiak bilatzen duen egoera optimoaren isla baino ez dela. Osasuna gaixotasun fisiko eta psikikoetatik libre sentitzeko ulertzen den gisan, norma anormaltasunetik bereizteko eraiki da: ustezko gabeziei gain hartzeko. Horregatik, normaltasuna anormaltasunaren oinarritik eraiki da.

Ildo horretan, normaltasuna epaiketa bat da, zeinak sozialki ezarritako langara iristen ez den oro diskriminatzen duen. Eta horrek gurutzatzen diren adarrak izan ditzake; batzuek egoera fisikoari lotuak, besteak psikikoari, edo sozialari, generoari, ekonomiari eta abar. Halaber, muturreko normaltasunaren emaitza honakoa litzateke: gizona, zuria, aberatsa, heterosexuala, gaztea, gorputz atletikoa… Era berean, normatik at uzteko bazterketaren ertzean honako zerrenda biltzen da: emakumea, etorkina, beltza, lesbiana, lodia, desgaitua, behartsua… Alabaina, denok diskriminatu dezakegu beste bat nahiz eta norbera ere diskriminatua izan, inor ez dagoelako nolabaiteko anormaltasunetik at. Normaltasuna ez da existitzen, gure bizi-ikuskera iluna gidatzeko asmatutako artizarra da. Horregatik, gure gabeziak ezkutatzeko ahaleginean, anormaltasun deitzen diegu, eta era berean, kontsolatuko gaituen perfekzioa irudikatu. Horretarako baina, beste batzuek baztertzen ditugu.

Hargatik ez zait gustatzen normaltasun berria deitura. Batetik, normaltasuna zalantzan jarri beharreko kontzeptua delako; eta bestetik, berritzekotan, gure jokabidea eraberritu behar dugulako. Ni ez naiz inork deitura proposamenak egiteko, baina bizikidetza berria deituko nioke datorkigunari. Eta bizikidetza diot, ezen, elkar ulertu eta onartu gabe ez dugu bizikalitaterik izango, baizik eta sasi-arrazoiaren inposaketa. Haatik, nola onartu ingurukoek egiten dituzten protokolo akatsak? Gureez ohartzen gara? Kontziente gara gure zabarkeriak egin dezakeen kalteaz?

Egunerokotasunak agerian uzten ditu akatsok. Adin, lanbide, genero, klase sozial, edo jatorri, une batean edo bestean lasaitu egiten gara, eta ez ditugu babes neurriak hartzen. Eta, orduan, bestea seinalatzen dugu. Normaltasuna eta anormaltasunaren arteko gatazkaren pareko giroa piztuz. Alabaina, tokiz edo posizioz etengabe igarotzen garenez, egun baten kritikari garenok, hurrengoan kritikatu bilakatzen gara. Horregatik da beharrezkoa norberaren ekintzek duten garrantziaz jabetzea.

Gazteen "larunbat gaueko sukarra" biharamuneko guraso eta aitona-amonen gaixoaldi bilaka daitekeela. Toki itxietan maskararekin egon ondoren, ateratakoan, jende kopuru eta distantziak kontuan hartu gabe kentzen dugula. Maskara behar bezala jarri gabe erabiltzen dugula…

Horregatik beharko genuke bizikidetza berria: besteak zelatatu ordez, geure ekintzei kontuak eskatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide