Ez nago ziur, baina segur aski hori galdetuko zioten elkarri hainbat emakumek zenbait jendaurreko jarduerari ekiterakoan, esaterako, herri kiroletan. Alabaina, kirol hauen oinarria baserriko bizibidean datzanez, gizonen parekoa izan da emakumeen jarduera ere, baina ezkutukoa. Plazaratu beharrean, ezkaratzeko zereginekin ostendua, haurren negar zein irrietan disimulatua, eta azukrea kafes- netan nola, etxeko adinekoen zaintzan urtua.
Alta, eman dute plazarako jauzia. Adoretsu eta indartsu eman ere, eta orain ez zaigu arrotza egiten hainbat harri-jasotzaile, aizkolari eta abar, plazaren erdian beren indarrak neurtzen ikustea. Nolabait, ahal-dun-du egin direla esan genezake. Emakumeek ahal dutela erakutsi diote elkarri, baita gizarteko beste %50ari ere, hots, gizonoi. Alabaina, badira oraindik ere zenbait eremu, non emakumeen jarduera mugatuagoa den. Tartean, hiletetan hildakoaren gorpua eramateari dagozkionak. Jarraian azaldutako kasua, COVID-19aren pandemiaren eraginaren aurreko hileta bati dagokio. Etxekoek, auzokoek eta lagunek era bateratuan eta sentikorrean hildakoa agurtzen genueneko garaikoa.
2020ko otsailaren hasieran senitarteko bat hil zitzaigun (alde horretatik, barantaila oso hil gogorra izan zen gure etxean), eta azken agurra ematera gerturatu ginen etxekook. Gipuzkoako herri txiki bateko eliza barruan, harrituta ikusi genuen gorpua lau emakumek zeramatela. Elizkizuna bukatutakoan, aurrez ikusitakoa berretsi zen: gure osabaren gorpu hila bi alaba eta bi biloben artean zeramaten. Gero jakin genuenez, bat-batean hartutako erabakia izan zen, naturaltasun osoz. Alabaina, ez zuen inor aiherga utzi. Alargunak, dolu eta samin artean, honakoa entzun ei zuen: “Etxe horretan ez al dago gizonik?”. Baina, kanpora irten zuenean bestelako adierazpenak ere ugariak izan zituen: “Elizan egon ez bagina, txaloak joko nituen”, esan ziona adibidez.
Beharbada, inoiz baino hildako gehiago dagoen garai honetan, non zendutako senide, lagun edo auzokoen hiletara joatea ezinezkoa zaigun, erromantizismo puntu batekin irudikatzen ditugu iraganeko agur jendetsuak. Denboran hain urruti ez egon arren, espazio sozialean antipodan geratu dira jarduerok. Egunotan, iraganean ez bezala, zaintzan murgilduta daudenak goraipatzen ditugu, eta hain mereziak dituzten txaloak jo ere bai arratsaldero. Zaintzari zor zaion garrantzia aitortzen ari gara, beraz, eta ez ei da inoiz berandu, egindako aintzatespena duina edo onuragarria bada.
Iraganean espazio feminizatua izan den horretan, gizonen presentzia gero eta nabarmenagoa da, nahiz eremu pribatuan, zein publikoan. Bai, gizonok ere ari gara geureganatzen zaintzaren zama, baina oraindik bide oso luzea geratzen zaigu emakumeek eginikoa berdintzeko, eta denborak erakutsiko du noraino heltzeko gai garen. Alabaina, ahalik eta ongien zaindu arren, bizitza oro iraungitzen da, eta orduan maitekiro agurtzea baino ez da geratzen. Bizitzan bere argia eta epela eman digunari osagarri bertsuekin adio esatea, eta ez dakit esku egokiagorik dagoen heriotzaren lehen pausoak bideratzeko, bizitza amultsuki zaindu dutenak baino.
Itzuliko dira berriro iraganeko egunak: norbanako bakartiz osatutako talde jendetsuak, non hileta ospakizunak aspaldian ikusi gabeko adiskideak agurtzeko baliatuko ditugun. Iritsiko dira gaixotasun eta birusak ahaztuko ditugun egun osasuntsuak, eta zaintzaileak ahanzturaren maskarapean ostenduko dira. Eta helduko dira hildakoaren gorpua, naiz elizan zein hileta laikoan, batik bat, gizonen bizkar edo eskuetan garraiatuko diren egunak. Alabaina, aldaketak soilik era bortitzean onartzen dituen gizarte honetan, berdintasunaren urratsak finkatzeko garaia ere iritsi da. Eta berdintasun hori da, hain zuzen ere, gizonon ahalduntzea. Ematen ari garen urrats ttipiak erraldoi bilakatzea eta emakumeek eginikoak onartzea. Hori denaren aurrean, galdera soil bat otutzen zait: ahal duk?