Eleminduna naiz

Pertsonok beharrezkoa dugu elearen hatsa elkarrekin komunikatzeko. Hats zuzena batzuetan, aurrez aurrekoa, epela, soinuzkoa. Beste batzuetan, berriz, idatzitako hitzen hats zizelkatua, haizeak eroaten ez duena, betiereko geratzen dena, konpromisozkoa. Azken horiekin natorkizu, irakurle estimatua, ofizialtasunez dauzkagun bi eleetako bati buruz mintzatzera, ezen elebidunen Herri honetan, elemindun ere sentitzen naiz.

Euskararen bilakaera zuhaitz zaharraren antzekoa da. Aspaldi sustraitu zen lur hauetan, inguruak hornitu zituen, eta inguruek bera elikatu zuten, komunikazioaren oinarriak finkatuz. Denborarekin beste zuhaitz batzuk iritsi zaizkio, gazteagoak, indartsuagoak, handiagoak, baso misto bihurtzeraino. Ez dut esango aniztasun hori txarra denik; bide zabalak behar ditu komunikazioak, eta inor ez dago sobera. Alabaina, zuhaitzak kudeatu ezean, indartsuagoei ahulagoa itotzeko eta nolabaiteko oihan bilakatzeko grina pizten zaie. Oihan horretan gaudela esango nuke. Hizkuntza inperialista baten (bigarrena ere bidean) itzalpean, eguzki printzak noiz iritsiko zain.

Alde horretatik, hizkuntza gutxitua dugu euskara, baztertua, itxitako bulegoko ofizialtasunekoa. Baina horren guztiaren berri aspalditik dugu, eta lan asko egin da arnasa har dadin, argi izpi ugariagoak irits dakizkion. Alabaina, ez da hori, edo ez hori bakarrik, nire eleminaren arrazoia, baizik eta hizkuntza inperialisten bidez gutxitua izateaz gain geuk ere, euskaldunok, gutxietsi egiten dugula. Eta elemin honek, min denek bezala, petraldu egiten nau, zorroztu eta amorratu.

Ez dakit kolesterola igotzeko beste izango den, baina, horrela gertatuz gero, badakit erremedioa. Garbi adierazten zuen telebistan pertsona ezagun batek produktu jakin bati buruz: “puntziona”. Aspaldi kendu zuten iragarkia telebistatik, baina harri-jasotzaile, aktore, idazle eta ez dakit zenbat gauza gehiago den gizon ospetsua hitz horrekin lotuta geratu da: «‘puntziona’ esan zuena». Ño! Gazteleraz akatsa egiteak bai itzal luzea, bestelako bertute denak estaltzerainokoa. Aldiz, euskarak ez gaitu horrenbeste kezkatzen: “atzo ikusi nizun” esan eta txakurra baino lasaiago geratzen gara, are gehiago, modan jarri zaigu. Hori bai, “te la vi ayer” esanez gero, etxetik ezingo ginateke irten. Txantxa ugari jasan beharko genituzke, ez erdaldunen aldetik soilik, baizik eta, batik bat, euskaldunongandik.

Ez dut esango nire euskara besteena baino hobea denik, akatsez josia baitago, baina akats horiek atsekabetu egiten naute, goibeldu. Eta euskararekiko gailentzen ari den joerak, mindu. Hizkuntza bakoitzak bere egitura du, bere zura: euskararena enbor ximur eta sustrai koskortsuetan oinarritzen da, antzinako kondaira zaharren laino artetik datorkigu eta izarren distiran islatzen da. Beharrezko hitz berrien moldaketaz harago, ezin dugu beste hizkuntzen egituran ahokatu; bestela, komunikazioaren sabaira iritsi ordez, baso barneko oihartzun galdu bilakatuko da.

Hitzaz gain euskararen egitura eta doinua aintzakotzat hartu ezean, ez dugu hizkuntza indartsurik izango, ezta euskaldun izatearen harrotasunik ere, eta hizkuntza zabalagoen itzalak jango gaitu. Beharrezkoa da malgu jokatzea ikasteko lehen prozesuan dagoenarekin (amaigabeko prozesutzat dut): hitz egin dezala lasai, erra dadila, zuzenduko da pixkanaka. Alabaina, geure burua euskaldun peto-petotzat dugunok arreta handiagoa jarri behar dugu. Bestela, petotasun hori kale kantoiko eskaleak duenaren parekoa izango da, eta limosna gisa edozein hitz, egitura zein ahoskatze onartuko dugu. Eta ustez aberatsagoak direnen aurrean burumakur eta lotsati aurkeztuko gara, konplexuz beterik.

Gure hizkuntza ez da beste edozein baino txikiagoa, ezta txiroagoa ere. Errespeta dezagun, beraz, besteak errespetatzen ditugun neurrian, eta, apika, zuhaitz zaharrak tokia izango du berben basoan. Komunikazioaren sabaira altxatuko ditu adarrak eta hostoetatik askatuko du elearen hatsa. Gure esku dago egunerokotasunean hats hori erabiltzea edo ikaztutako enbor fosildu bilakatzea. Izan gaitezen ele-bi-hiru-lau-dun, baina baita elemindun ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide