Demagun gure herria ezagutzen ez duen kanpotar batek galdera egiten digula: "Zein da Azkoitiko hizkuntza?". Zer erantzungo genioke? Norbaitek, agian, esango luke euskara dela Azkoitian berezko hizkuntza. Besteren batek, akaso, euskara eta gaztelania erantzungo luke, biak ala biak hizkuntza ofizialak diren aldetik.
Baina Azkoitian euskara eta gaztelania baino askoz ere hizkuntza gehiago hitz egiten dira. Nork daki Azkoitiko etxeetan zein hizkuntza hitz egiten diren? Esango nuke herriaren historian ez dela sekula gaur adinako hizkuntza aniztasunik egon. Gure herrian 30 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla, apustu. Azkoitiko berezko hizkuntza euskara da, horretan dudarik ez, geure-geurea dugu eta euskaldun askorentzat hizkuntza baino askoz gehiago da, gainera; barru-barruan ukitzen gaitu, bizi dugu, eta izan duen zapalkuntzak eta historia lazgarriak min ematen digu. Hizkuntza gutxitua izatearen kontzientzia daukagu eta euskararekiko begirunea eskatzen dugu, erabateko zilegitasunez. Behin baino gehiagotan entzun izan dut "ikas dezatela, hemengo hizkuntza hauxe da eta gu ere beste nonbaitera joango bagina hangoa ikasi beharko genuke". Ez naiz ni argudio horren kontra joango, denak du bere ifrentzua, ordea.
Zer-nolako interesa erakusten dugu guk herrian bertan entzuten ditugun hizkuntzekiko? Gure inguru honetara etorritako asko eta asko ere hizkuntza gutxituetako hiztun direla hartu al dugu sekula kontuan? Galdetu al diegu zein den beraien hizkuntza? Adibide bat: gaur egungo azkoitiar asko pakistandar jatorrikoak dira; zenbatek dakigu han 70 hizkuntza ofizial baino gehiago daudela? Gutariko zenbat izango ginateke gai horietako bi aipatzeko? Eta hori Pakistani buruz hitz egiten ari garela bakarrik, pentsa zenbat eta zenbat herrialdetako azkoitiarrak ditugun gure artean eta atera kalkuluak zenbat hizkuntza atera litezkeen.
Zer-nolako interesa erakusten dugu guk herrian bertan entzuten ditugun hizkuntzekiko?
Gure hizkuntzarekiko aitortza nahi izaten dugu, baina zer aitortza egiten diegu guk beste hizkuntzei? Nola bizi dute beraien hizkuntzarekikoa? Hizkuntza saltsa honetan zer eta nola transmititzen diete beren seme-alabei? Zeren araberako hizkuntza hautuak egiten dituzte?
Hizkuntza gutxitu bateko hiztunak ez ote du hurbiltasun handiagoa sentituko beste hizkuntza gutxitu batekiko? Horregatik besterik ez bada ere, beraienetara hurbiltzeko saiakera egin beharko genuke.
Nola egin hori? Bi norabidetako kontua dela esango nuke, eta beraz, bi proposamen egingo nituzke. Alde batetik, jaso ditzagun Azkoitian hitz egiten diren hizkuntzak, zenbatu ditzagun eta erakutsi ditzagun, bideo grabazioetan jasota (101 L proiektuaren eredura, esaterako), irakurketak eginda, hizkuntza bakoitzeko ipuinak itzulpenekin argitaratuta... Eta bestetik, eman diezaiegun datozen guztiei gure hizkuntzaren berri: zein diglosia egoera bizi duen, historikoki zein ibilbide izan duen, gure nortasunean zenbaterainoko esanahia duen, zenbat hiztun dituen... Seguru nago elkar hobeto ulertzeko bidea emango ligukeela horrek batzuei eta besteoi. Hizkuntzak komunikatzeko baino askoz gehiagorako balio du, elkar ezagutzeko, elkar ulertzeko, elkarrengana gerturatzeko bide ezin hobea eskainiko digu horrek, zalantzarik gabe.