Emakumeak nagusi Euskaraldian

Erabiltzailearen aurpegia Josune Herrarte 2019ko aza. 23a, 09:00

Josune Herrartek azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Emakumeak nagusi Euskaraldian'.

Ez da Euskaraldiari buruz idazten dudan lehen aldia eta gaia errepikatzeak zalantza sortu didala ezin uka. Baina Euskaraldiaren bigarren edizioaren atarian gaude, 2020ko udazkenean egingo da eta, beraz, motorrak berotzen hasteko ordua da berriro. Lehenengo edizioan egindako ikerketaren emaitzak atera berri dira eta, gainera, horiek begirada poliedriko batetik aztertu dira “Euskaraldia aztergai” jardunaldian. Bada, beraz, nahikoa motibo gaiari berriro heltzeko.

Idatzi honen luzerak ez du ematen poliedroaren alde guztiak erakusteko, ez luke emango hamar aldiz luzeagoa balitz ere. Aukeratu beharra ekarri dit horrek, eta aipagarrienak iruditu zaizkidanak partekatu nahiko nituzke hemen. Ikerketa nola egin den labur-labur esateko, azalduko dut hiru galdetegi pasa zitzaizkiela parte hartzaileei, lehenengoa Euskaraldia baino lehenago, bigarrena Euskaraldia pasa eta berehala eta hirugarrena Euskaraldia amaitu eta denbora batera. Hainbat galdera egiten ziren hizkuntza ohituren eta horien eboluzioaren inguruan, norekin eta zenbat egiten zuten euskaraz, esaterako, hasi baino lehen, amaitu eta berehala eta handik hiru hilabetera. Ikerketa horietatik ateratako ondorioak dira ondorengoak.

Lehenengoa izenburuan jasotakoa, emakumeak nagusi Euskaraldian, beharbada deigarri egin zaio norbaiti baina errealitateari men egiten dio. Emakumeen parte hartzea nabarmen handiagoa izan da Euskaraldian gizonezkoena baino, eta 30-60 adin tartean esponentzialki egiten du gora gainera. Horrek badu bere ifrentzua, hainbat irakurketa egin litezke baina nagusitu dena, generoa sektore ekonomikoa dela. Hau da, generoen arteko diferentzia handiena den adin tartea pertsonak aktibo daudeneko garaia da, eta non daude gizonak eta non emakumeak? Alegia, erraz ondorioztatu liteke, Euskaraldiak, hezkuntzan, zerbitzuetan, zaintzan, oihartzun handiagoa izan duela, botereguneetan eta ekonomikoki hegemonikoak diren arloetan baino. Badu Euskaraldiak hobetzeko tarterik horretan.

Beste irakurketa bat hizkuntza komunitateen araberakoa da. Horri begiratuta ere hausnartzeko moduko datuak ematen dizkigu Euskaraldiak. Izan ere, Azkoitian eta antzeko herrietan, hau da, euskaldunen dentsitatea handiena den guneetan izan da parte hartzerik baxuena, euskaldunen dentsitatea txikiena den guneekin batera. Hau da, euskaldun kopuruari dagokionez, bi muturretan dauden guneetan izan du eraginik txikiena. Herririk euskaldunenetan, hori bai, aldaketak gutxi izan arren, errotuenak izan ziren, hau da, hiru hilabeteren buruan euskaraz egiteko ohitura berriari gehien eusten ziotenak.

Azkenik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi gazteen parte hartzearen inguruan ikerketatik ondorioztatzen dena. Euskaraldiak iraun zuen bitartean gazteak izan dira nabarmen aldaketarik handiena egin dutenak, hizkuntza ohiturak gehien aldatu dituztenak, baina ohitura berriak denboran gutxien iraun zienak ere bai. Azken galdetegiaren arabera, hiru hilabeteren buruan lehengora itzulita zeuden gehienak. Bizi dugun gizarte likido honen erakusle garbia askoren ustez.

Ekimen guztietan bezala, indarguneak eta ahuleziak eduki ditu Euskaraldiak, baina oro har badirudi asmatu dela, eta helburua bete duela, hau da, tresna eraginkorra izan dela hizkuntza ohiturak aldatzeko, neurri ezberdinetan izanda ere. Balio izan duela euskarari buruz hitz egitetik euskaraz hitz egitera pasatzeko. Ea hurrengoak zer ematen duen…

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide