Euskaraldia

Zer dakar Euskaraldiak?

Erabiltzailearen aurpegia Josune Herrarte 2018ko aza. 22a, 11:29

Lerro hauek baliatu nahi nituzke, ez Euskaraldia zer den azaltzeko, hori honezkero jakinekoa baita gutxi-asko, gaiaren inguruan beste hausnarketa bat egiteko baizik. Zer ekarri digun eta zer ekarriko digun Euskaraldiak, alegia.

 

Euskaraldiak elkarlanerako grina dakar, orain arte sasia zen lekuan zidorra irekitzekoa. Euskara normalizatzeko zereginetan gazte-gazteak ez garenok badakigu nola ibili garen elkarri mokoka, erakundeak alde batetik eta herrigintza bestetik, batak besteari egundo ezer ondo egin duenik aitortu gabe. Oraingoan, ordea, Topagunearen eta Jaurlaritzaren artean maila makroan hasitako elkarlana mikrora jaitsi eta herriz herri hedatu da. Urteetan apartean eta bakoitza bere bidetik ibili direnak elkarlanean sendo ari dira orain. Horrek ekimenari legitimitate sozial handia ematen dio, eta behar baino gutxiago aipatzen eta azpimarratzen den lorpena delakoan nago.

Euskaraldiak freskura dakar. Freskura dakar, orain arte ez bezala belaunaldi gazteak erakarri dituelako eta, are, gidari jarri dituelako. Bataila zaharretan ibilitakoak bigarren planoan utzi, eta lidergoa hartu duten gazteak ageri dira nonahi. Ez dute orbanik eta naturaltasun guztiz jokatzen dute, egiten ari den horretan sinesten duenaren ilusioaz eta grinaz. Bitxia da, baina nonbait Arantzazun Euskaltzaindiak oraintsu egindako kongresuaren ondorio nagusietako bat ere horixe izan da, belaunaldi gazteei utzi behar zaiela eta haiek hartu behar dutela euskararen normalkuntzaren lekukoa. Itxaropena pizten dit Euskaraldiaren kasuan horren zantzuak ikusteak.

Euskaraldiak aitortza dakarkie urteetan euskara ikasten ibili eta gutxieneko ulermen maila lortu dutenei, Belarriprestei, alegia. Pello Jauregiren hitzetan, horiek dira euskarazko komunikazioa desblokeatzen dutenak, gaitasunagatik eta jarreragatik. Nork ez ditu ezagutzen euskalduntzen hasi eta maila batera iritsita zapuztuta daudenak, ez direlako euskaraz hitz egiteko gai sentitzen? Dena edo ezer ez; dikotomia horretan ibili gara etengabe, konturatu gabe ulertzen duenak besteari euskaraz egiteko bidea ematen diola, nahiz eta gazteleraz erantzun.

Eta, hain zuzen ere, Euskaraldiak paradigma aldaketa horixe dakar, elkarrizketa asimetrikoen aroa zabaltzen baitu. Batek euskaraz egin ahal izateko ez da derrigorrezkoa besteak ere euskaraz egitea edo erantzutea, ulertzearekin nahikoa du! Ohitura berriak hartzea da, eta horretarako aukera ezin hobea da Euskaraldia. Identifikazio txapak eramateak talde sentsazioa emango digu, nolabaiteko babes soziala, eta horren baitan ariketa egitea errazagoa izango da denontzat.

Euskaraldiak inflexio puntua dakar, ez baita euskararen aldeko enegarren kanpaina. Jantziko dugun txapak ez du zerikusirik orain arte aldean eraman ditugun pegatina eta abarrekin. Txapa jartzen duenak ez du erakutsiko euskararekiko duen jarrera, euskara erabiltzeko hartzen duen konpromisoa baizik. Kontua ez da euskararen alde egotea, kontua euskaraz egitea da. Bakoitzak ahal eta nahi duen neurrian, bere buruarekin eta ez beste inorekin hartutako konpromisoa betez. Euskararen alde egon baina egiteko asmorik ez duenak hobe luke, beraz, txaparik ez jantzi.

Amaitzeko, prozesuari arreta jartzea dakar Euskaraldiak. Hasiera-hasieratik behin eta berriz aipatu izan da proiektu honetan emaitzak berak baino gehiago prozesuak duela garrantzia; egiteko moduak, alegia. Seguru nago, prozesu honetatik ikasgai asko aterako dira, akatsak ere egingo dira, eta horiek ere ikasgai bikain bihurtzen dira. Ezer ez da perfektua, baina herrietara ekarri duen aktibazioak, eratu diren taldeetan piztu den ilusioak eta horrek sortu duen igurtziak balio izugarria du bere horretan. Beldurrik gabe esan liteke, beraz, Euskaraldia dagoeneko arrakastatsua izan dela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide