Lagun bat bere amari buruz hitz egiten ari zitzaidan: ez dela gelditu ere egiten; beti ibiltzen dela handik hona eta hemendik hara; nonahi ikusten duela lana; loa bera ere oso neurrian egiten duela; zazpiki samarra dela, alegia. Eta, halako batean, asko pentsatu gabe, hau edo antzeko zeozer esan nion: "Beraz, hire amak lana ugalduko din". Eten moduko bat gertatu zen gure elkarrizketan, nire solaskidearen buruan lana ugaltzea gero eta lan gehiago izatea baitzen; ni, berriz, etxean entzundako adieraren arabera, jardunari edo ahaleginari etekina ateratzeaz ari nintzen, hau da, lanean efizientea izateaz, askotan entzuna bainion amari zahartzearekin batera gero eta zailagoa egiten zitzaiola lana ugaltzea.
Antzeko egoeretan egin ohi dudan moduan, berehala hasi nintzen esamolde horri buruzko nolabaiteko bermea bilatzen. Euskaltzaindiaren Hiztegira joan, eta aipamenik ez; Elhuyar hiztegian ere ezer ez; Labayru hiztegia, Euskalterm, Azkoittiko euskerie eta abar ere arakatu nituen, baina emaitzarik gabe. Azkenean, beste aukerarik ez dagoenean gehienok egiten dugun bezala, Orotarikora jo nuen: ez alferrik! Dagoeneko itxaropen handirik gabe, Azkoitiko edo Azpeitiko ahaideren bat zuten lankide batzuei galdetu nien, baina nire ikerketatxoak antzu geratzeko traza guztiak zituen.
Horiek horrela, konbentzituta nengoen, erabilera izatekotan, esaera hori Azpeitian erabiliko zela, amari entzuna baikenion anai-arrebok behin baino gehiagotan. Dena dela, posible zen amak Azkoitira bizitzera etorri zenean aitarengandik ikasi eta bereganatu izana, edo bi herrietan erabiltzea, edo gure etxera mugatzea erabilera. Adineko azpeitiarren bati galdetzekotan nintzela, 90 urtetik gora dituen Azkoitiko emakume batekin hitz egiteko aukera izan nuen, kasualitatez. Ziur asko andre horrek ez du jakingo (eta ez du jakiteko inolako beharrik sentituko) zer diren Youtube, Instagram, Facebook, X, Spotify, Telegram, Bluetooth eta abar, baina, lana ugaltzearen gainean galdetu nionean, aurpegia argitu zitzaion, eta esapide hori askotan entzuna zuela esan zidan, behin baino gehiagotan erabili izan zuelako bere bizitzako testuinguru jakin batzuetan. Nire poza! Huskeria bat nahikoa zaigu askotan aldarte onean jartzeko.
Oker ez banago, orain dela urte batzuk eraginkortasuna eta efizientzia bereizteko beharrari buruzko eztabaida izan zen euskal hiztunon mundutxo honetan. Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzen badugu, honela definitzen da efiziente hitza: "Lan edo funtzio bat behar bezala betetzen duena" edo "dagokiona ondo egiteko edo betetzeko, ahalik eta denbora, diru edo baliabide gutxien erabiltzen duena". Dirudienez, Azkoitian (eta Azpeitian ere bai beharbada), pertsona efizientea lana ugaltzen zuena zen garai batean, eta ahaleginari etekin edo emaitza handirik ateratzen ez ziotenean, lanik ugaldu ezinda zebiltzala esaten zuten.
Amaitu dezadan behingoz nire jarduna. Belaunaldi bat desagertzearekin batera, beti dago arriskua hiztunok erabili izan ditugun hainbat hitz eta esamolde galtzeko, batez ere alde handia badago bi belaunaldien bizimoduen artean; ez dago oso hizkuntzalari jantzia izan beharrik ondorio hori ateratzeko. Bada, beste inon ikusi ez dudan esapide horietako bat non edo non jasota geratzea izan da artikulutxo honen asmoa. Horixe besterik ez.