'Perfect days'

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2024ko aza. 27a, 10:28

'Perfect days' filmaren irudietako bat. (Filmaffinity)

Joseba Epelde kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren urriko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Perfect days'.

Ikusi dut azkenean. Asteak neramatzan filmari buruz hango irratiek eta hemengo kritikariek esandakoak entzuten eta irakurtzen; asteak zorioneko filma noiz ikusi eta gozatuko irudikatzen. Eta horretarako eguna ere iritsi da. "Ezer gertatzen ez den pelikula horietako bat", nire lagun batek esango lukeen moduan, eta, beharbada horrexegatik, agerian dagoena baino askoz gehiago erakusten digunetakoa.

Tokioko komun publikoak garbitzen dituen 50 bat urteko gizon baten (Hirayama) eguneroko bizimodua kontatzen du, emakume baten erratzaren hotsak goizean goiz esnatzen duenetik zerbait irakurtzen tarte bat igaro ondoren lo hartzen duenera arte. Eta horrelaxe eguna joan eta eguna etorri, asteburuetako jarduera bereziak gorabehera (arropa garbitzea, otoitz egitea, diskoak eta liburuak erostea...). Nolanahi ere, pelikularen muina, gehienen iritziz, ez dago protagonistaren ekintzetan, haren jarreran baizik, egiten duen ia guztiaz gozatzen duela baitirudi.

Hala, lanera joateko etxetik irteten denean, arnasa sakon hartu eta irribarre egiten dio egun berriari; irribarre lankideari eta komunen erabiltzaileei; irribarre bazkaltzeko orduan parkean ikusten duen neskari eta aurrean dituen zuhaitzei. Argazkiak ateratzeko ere baliatzen du otordurako tartea, eta gustuko du 60ko eta 70eko hamarkadetako abestien kaseteak entzutea lanerako joan-etorrietan; hain zuzen, kanta horietara mugatzen da, neurri handi batean, filmaren soinu banda.

Halako batean, arrebaren alaba etortzen zaio, etxetik ihes eginda. Leila Guerriero idazlearen arabera, eguneroko bizimodu bakarti eta "zoriontsu" hori errutina alienatzailea baino ez da, maskara bat, iragan iluna bisitan etortzen zaionean (iloba, arreba, aitaren oroimena...) pitzatzen dena, giza harremanak beharrezkoak bezain zauri eragileak zaizkigulako. Egia da ilobaren eta arrebaren bisitak errutina zertxobait aldatzen diotela (aurretik inoiz ez bezala, erretzen eta edaten ikusten dugu, negar egiten...), baina hortik Hirayamaren bizimodua oinazetik babesteko koraza ahul bat baino ez dela esatera eta filmak ikusleari larritasuna eta angustia sortzera... Eta hori gertatu bide zitzaion Leila Guerrierori.

Nik beste film bat ikusi nuen. Gizarte hipermoderno (Iñigo Martinez filosofoaren hitzetan) batetik ihes egiteko hautua hartzen duen gizaseme bat da Hirayama. Berak erabakitzen du "beste mundu batean" bizitzea, eta, horretarako, bizialdiaz eta inguruan duenaz gozatzeko beta ematen dion lanbide bat aukeratzen du ("Benetan egiten duzu lan komunak garbitzen?" galdetzen dio arrebak, bestelako lanetan aritua balitz bezala edo aritzeko aukera izango balu bezala).

Lehenago, Danny Boyle zuzendariak erabili zuen, nik dakidala, Lou Reeden Perfect day abestia, Trainspotting filmaren soinu bandan. Eta orduan ere protagonista beste mundu batera ihes egiten saiatzen zen, heroina bidelagun. Hirayama iheslaria da, bai, bizimodu modernoaren alienazioari bizkarra emateko asmoa duen outsiderra. Baina haren bizitza perfektua eguneroko gauza txikiez gozatzean datza, jostari bizitzean, azken unea etortzen zaionean damu ez izateko, minbiziak jota ibaiertzean gerturatzen zaion gizonari gertatzen zaion moduan. Gero, bi gizonak ikusiko ditugu, umetuta, gainjarritako itzalen iluntasuna neurtzen eta elkarren itzalak zapaltzen jolasean: agian eszena horixe da Hirayama iheslariaren egun perfektuaren laburpen aproposena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide