Disonantziak

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2024ko abu. 3a, 09:00

Joseba Epeldek ekaineko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Disonantziak.

Argentina, 2000. urtea. Hogeiren bat urteko neska bat auzitegira joan da, epaileak deituta. Aurretik egina zioten odol analisi batek egiaztatu duenez, haren izena ez da Mercedes Landa, txikitatik pentsatu izan duen bezala, Claudia Poblete baizik. Benetako gurasoak diktadurak torturatu eta hil zizkiola ere jakin du, eta gezur handi batean bizi izan dela ordura arte. Egiaren berri izateak trantsizio moduko bat ekarri dio Claudiaren bizitzari, bizi izandakoa berrinterpretatzeko beharra. Aurretik ere bazuen bere benetako nortasunari buruzko susmoren bat, disonantziak ikusten baitzituen ustezko gurasoengandik jasotzen zituen mezuen eta ikusten zuenaren artean. Disonantziak (Tu nombre no es tu nombre liburuan dago istorio osoa).

Albania, 1990. urtearen amaiera. Europan dagoen erregimen estalinista bakarra erortzear da. Dozena bat urte dituen neskato bat (Lea Ypi) komunista sutsua izan da ordura arte, ondo barneratuta zituena eskolan jasotako Mendebaldearen eta kapitalismoaren aurkako aldarri guztiak. Erregimen aldaketarekin batera, gurasoek beren ezkutuko disidentzia politikoaren berri eman diote: Learen garai bateko mundu irmoan arrakalak nagusitu dira, eta inguruan ikusten duenarekiko jarrera mesfidatia. Bizipen horiek izan daitezke, haren hitzetan, filosofia ikastera eta gaur egungo munduko filosofo ospetsuenetako bat bihurtzera eraman dutenak. Dena dela, haurra zenean ere susmatzen zuen nolabaiteko disonantzia gurasoen jarrera epelaren eta eskolako ideologizazioaren artean. Disonantziak berriz ere.

Neu ere disonantzia moduko batek bizi nau azken boladan: telebista edo irratia piztu orduko, klima aldaketaren larritasuna apokalipsiarekin parekatzen duten albisteak ikus-entzuten ditut; egunkarietan ere azken hamarkadako gairik jorratuena izango da, hortxe-hortxe; zenbat liburu ez ote diren idatzi gaiaz, nik neuk bat bera irakurri ez badut ere. Eurite handiak, tenperaturaren igoera, lehorteak, suteak, biodibertsitatearen murrizketa... dena da klima aldaketaren ondorio, antza. Eta arazo horretaz hain larriturik gaudenez, lehen adina edo gehiago kontsumitzen jarraitzen dugu; etengabeko bidaia kutsatzaileak egiten ditugu ahal bezain urrun, eskuinekook bezala ezkerrekook, eta turismoa sustatzen dugu, etorkizuneko ekonomiaren ia helduleku bakarra balitz bezala. Eta hona disonantzia horren alderdirik bitxiena: klima aldaketaren kalte lazgarriez ohartarazten gaituzten komunikabide, erakunde eta ordezkari politiko berberek sustatzen dute ustezko hondamendia eragiten duen eredu ekonomikoa.

Erraza da disonantzien kontraesanak agerian jartzea; askoz nekezagoa haietako bakoitzak muinean duen korapiloa askatzea, askori erosoagoa egiten baitzaigu kontraesan horiei bizkarra emanda bizitzea, goitik behera aztertu, aurrez aurre begiratu eta konpontzen saiatzea baino. Argentinan beren benetako gurasoen berri izan nahi ez dutenak dira horren adibide.

Azken batean, erronka bat berekin dakarren dilema bat jartzen digute aurrean disonantziek: telebistako plato bateko errealitate artifizialean bizi, The Truman Show filmeko pertsonaia nagusiaren antzera, edo 'benetakoa' aletzen eta hartara gure bizitza egokitzen saiatu. Badago edanaldiaren fase filosofikoan gai hori ateratzen den bakoitzean nire lagun bati aipatzea gustatzen zaion antzeko dilema bat: pilula urdinaren eta gorriaren artean hautatzea omen dagokigu, Matrix filmeko Neori moduan. Bibliako biziaren eta zientziaren zuhaitzen arteko dilema ere ez dago hortik oso urruti.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide