Feminismoaren gizonak

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2024ko api. 10a, 09:46

Joseba Epeldek martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Feminismoaren gizonak'.

Nerabezaroaz dudan oroitzapen txarrenetako bat txerri-hiltzearekin lotuta dago. Zenbait testuingurutan, udazkenero errepikatzen zen alderdi makabroz zipriztindutako erritual erdi-sakratu hura, eta normaltzat jotzen zen zatirik krudelenean mutilok parte hartzen hastea hamahiru edo hamalau urte egin orduko. Batzuei festa iruditzen zitzaizkien txarribodaren inguruko prestakizun eta gorabehera guztiak; nik ez nituen batere gustuko ez hiltzearen aurreko ezinegona eta urduritasuna, ez animalia hark kakoa eta aiztoa sartzen zitzaizkionean egiten zituen etsipenezko kurrixka lazgarriak. Baina mutila nintzen, eta, idatzita ez zegoen lege baten arabera, hori egitea zegokidan giro jakin batzuetan.

Geroxeago, Europako Batasunean sartzearekin batera, osasun-jarraibide oinarrizkoenek eta animalien sufrikarioarekiko gutxieneko enpatiak ohitura horiek ia desagerrarazi egin zituzten (badira oraindik ere salbuespen ulergaitzak, hala nola zezenketak eta antzeko ohiturak). Aldi berean, genero maskulinoaren mugek hain zurrunak izateari utzi zioten, eta kulturaren bilakaera horretan feminismoak izan zuen eraginik, ziur asko; izan ere, azken urteetan zabaltzen ari diren zenbait ustek bestelakorik badiote ere, feminismoak beste modu batekoak izateko aukera ireki zigun gizonoi, gure pribilegioen amaiera eta zenbait jarrera alboratzea aldarrikatzeaz harago.

Horiek horrela, ulergarria da gizarte eta kultura patriarkalean hazi eta hezi garen gizonezkook askotan noraezean eta ziurgabetasunak jota ibiltzea jaso genituen kanonetatik kanpo mugitu behar dugunean, batzuetan errazagoa baita eginda dagoen bide oker edo eztabaidagarri batetik ibiltzea, berri bat irekitzen saiatzea baino. Zailagoa egiten zait neure buruari azaltzea zergatik hartzen den bide berri horiek irekitzeko aukera mehatxutzat edo erasotzat, eta zergatik ematen zaion sarritan bizkarra maskulinotasuna eraikitzeko molde alternatiboei buruz hausnartzeko gonbitari.

Ideologia guztiak erabil daitezke hurkoa zigortzeko eta bestearen aurka egiteko arma gisa, edo gainerakoen pentsaera eta jokabidea menderatzen ahalegintzeko. Horren adibideak baino ez ditugu historian: maitasunaren ideologia izanik, kristautasunak desberdinen gorrotoan eta heterodoxia zapaltzean oinarritutako Inkisizioa sortu zuen, eta erlijio gerrak eta konkistak sustatu zituen; berdintasunaren aldeko ideologiak (marxismoak, alegia) sistema hierarkiko totalitario suntsitzaileak sortu ditu sarritan; nazionalismoak xenofobia eta arrazakeria izan ditu lagun maiz, eta eliteek herritar xeheak gerrara bultzatzeko baliatu dute... Feminismoa, jakina, ez dago arrisku horietatik aske, ohikoa baita zenbaitek ideologia bere anbizio makurrenak eta gorroto ezkutuenak mozorrotzeko edo asetzeko baliatzea.

Alabaina, ideologiarekin berarekin baino pertsona jakin batzuekin lotuago dauden erabilera baztergarri horiek ez ligukete garrantzitsuena ikusten eragotzi behar; hau da, feminismoak genero maskulinoa eraikitzeko proposatzen dizkigun aukera gehienek (emakumeen askatasuna errespetatzea; seme-alaben eta adinekoen zaintzaz arduratzea; etxeko eta etxetik kanpoko lanak emakumeekin partekatzea; jarrera oldarkorrak eta nagusikeria alde batera uztea; geure sentimenduez eta emozioez jabetzea eta hitz egitea; edozein arlotan parekotasunez aritzea...) osoago eta autonomoago egiten gaituztela, oro har, gizon gisa.

Azken batean, zenbaiti esaneko morroi baten eldarnioa edo, besterik gabe, astakeria irudituko zaion arren, konbentzituta nago feminismoak, oro har, gizonezkooi emakumeei adinako mesedea edo handiagoa egiten digula, edozein supremazismoren amaierak menderatzaileari menderatuari adinako mesedea egiten dion moduan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide