Ez nuen COVIDaz idatzi nahi

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2021ko ots. 27a, 09:35

Joseba Epeldek otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ez nuen COVIDaz idatzi nahi'.

Jende guztia ari zen (ari da) jardun eta jardun, albistegietan, iritzi artikuluetan, erreportajeetan. Zertarako ahalegindu, hortaz, alderdi sinesgaitzenetik ere jorratuta zegoen gai bat lardaskatzen, jakinik lehendik nahikoa aztertuta zegoela eta beste batzuek zehatzago eta aproposago esandakoa errepikatzea besterik ez nuela egingo? Zertarako hitz egin esateko nituen gauza gehienek atseginetik gutxi edo ia batere ez bazuten? Horretan nengoen, mundu honetatik deskonektatu nahian, autismoak edo alzheimerrak jota banengo bezala; horrela nengoen, lagun batek "idatzi beharko duk ba zeozer koronabirusari buruz" esanda xaxatu ninduen arte, edo agian neuk akuilatu nuen neure burua, eta ahaztu egin zait.

Bitxia da. COVIDa aipatu orduko, txaloak jartzen dizkit aurrean irudimenak. Martxoko eta apirileko txalo haiek. Osasun langileei iluntzeko zortzietan jotzen genizkienak. Litekeena da beste lanbide batzuek haienak adina edo gehiago ere merezi izana, baina langile sanitarioak aukeratu genituen txalo-saiorako. Hori bai, medikuak eta erizainak administrari edo erizain laguntzaileak eta zeladoreak baino gehiago, hor ere klaseak baitaude. Itxialdiaren errutina hausteko? Etxeko haurrekin zerbait entretenigarria egiteko? Benetan merezi zutela uste genuelako? Aurreko hiru arrazoiak batera uztartzeko? Jakizu. Gero, txalo haietaz gogoratu izan naiz hauts daitezkeen zentzuzko arau guztiak urratu ditugun bakoitzean, politikariek eta herritarrok osasungintzako adituen gomendioei jaramon handirik egin ez diegunean, infantilismoa gure jokaeren sinonimo bihurtu den hainbatetan; eta nirekin batera osasun langile bat baino gehiago ere gogoratuko zen, ziur.

Txaloak joz geure buruak zuritzen ahalegintzeaz gain, adinekoak beren egoitzetan edo etxeetan sartu ditugu, gatibu. Hil ez diren askok atzerabiderik ez duten dementziak edo bestelako gaixotasunak garatu dituzte, gu herriko eta Gabonetako festa "sakratuak" ospatu gabe bizi ezin ginelako. Batzuek gogoak emandako guztia egin nahi genuelako, beste batzuei, zaharrenei, oinarrizkoa egitea ukatu diegu. Ondorioa: bidean geratu ez diren asko lehen baino okerrago daude, askoz okerrago, gure kapritxoengatik. Gauza izan gara geure gurasoen edo aiton-amonen bizitza (eta geurea, jakina) arriskuan jartzeko parranda ziztrin bat egiteagatik, mahai baten inguruan otordu batean elkartzeagatik.

Eta hildakoak. Zein erraza den joan den astean 40, 45 edo 48 hil direla irratian entzutea, baldin ospitalera joan beharrik izan ez badugu edo gure familiakoren bat betiko agurtzeko aukera kendu ez bazaigu. Zein axolagabea eta maltzurra, aldi berean, hildako kopuru hori onargarritzat hartzea osasun sistema geldiarazi beharra ez badago, edota gure ospitaleak, bizimodua eta ekonomia kolapsatzen ez badira. Noski, albo-kalteak ez dira benetako kalte geu ukitzen ez gaituzten bitartean. Krudela da hotzean erreparatzen badiogu; ez nuke jakin nahi zer sentitzen duen bere azalean bizi beharra egokitu zaion batek.

Horregatik ez nuen koronabirusaz idatzi nahi, nire alderdirik ezkorrena azaleratzen zaidalako gizakiok izan dugun jokabideaz pentsatzen hasten naizenean. Litekeena baita gehienok zentzuz eta gizalegez jokatu izana eta, orban bakar bat duen soineko edo alkandora batean bezala, salbuespenak osotasunaren garbitasunaz jabetzen ez lagatzea. Beharbada horrela izango da. Beharbada

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide