Kontuak ateratzen hasi, eta beldurtu egin naiz. Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago liburua 2000. urtean argitaratu zen. Nobela hori liburutegitik maileguan hartuta nuelako jarri zen Julen Garate nirekin harremanetan, Maxixatzen aldizkarirako eleberriari buruzko iruzkin bat idatzi behar zuela eta; bide batez, kolaboratzaile izateko gonbita luzatu zidan. Askatasun osoz aritu naiz harrezkero, neuk nahi dudanaz eta neuk nahi dudan eran, gai jakin batzuei buruz eskatu dizkidaten pare bat artikulu kenduta. Eta eskertzekoa da askatasun hori, jakina.
Dena dela, bere mugak ere baditu nahieran idazte horrek. Hasteko, hiru mila karaktere inguru izan behar ditu artikuluak. Gerta liteke norbait bi esaldirekin edo bakarrarekin ideia zoragarri bat adierazteko gai izatea. Hor dituzue, adibidez, Nietzscheren aforismoak. Horrek ez du balio hemen. Nolabaiteko jardunerako, hau honekin eta harekin lotzeko, gaitasuna behar da, azken emaitza esaldi bat esanda baino kaskarragoa izanda ere. Gerta liteke, halaber, baten batentzat karaktere kopuru hori gutxiegi izatea esan nahi duenerako. Hori ere ez da ba onargarria. Neurri jakin batek ezarritako mugekin eta aukerekin aritu beharra dago.
Gehitu horri hizkuntzak ezarritako mugak. Hizkuntza guztiek, ahaltsuenek bezala txikienek, ezartzen dizkizute beren berezitasunak. Ezin da edozein modutan adierazi esan nahi duzun hori. Zuzentasunarauei jaramon egin behar diezu; sintaxi, lexiko eta ortografia jakin bat erabiltzea besterik ez dago, eta estilo edo estetika bat. Ez gara berdin janzten Kakuetara igotzeko eta ezkontza batera joateko, eta hizkuntzarekin ere antzekoa gertatzen da: badira leku batera iristeko bide egokiak eta ez hain egokiak, edo beharbada, hartzen duzun bideak baldintzatzen du nora iristen zaren.
Eta, gero, gizarteak ezartzen dituen presioak edo ereduak ere hor daude: ideologikoak, tabuak, politikoki zuzenak diren ideiak, anbiguotasunak saihestu beharra… Ez dadila ukitu matxistarik egon nire iritzietan; ahalegindu nadin ezkerreko ideia "progreak" ditudala erakusten; ideia xenofoboak eta etnozentrikoak baztertu beharko ditut; ez ote dute behintzat ez dakit zer eta ez dakit nolakoa naizela pentsatuko… Eta hori ere, nola ez, muga bat izan daiteke esan nahi eta behar den horretan.
Eta, azkenik, muga garrantzitsuena iruditzen zaidan hura dago. Bai, nik nahi dudana idatz dezaket, baina zenbateraino dago nire esku burura eta oroimenera etortzen zaizkidan ideia horien sorburua eta, bururatutako horietatik, adierazi nahi ditudanak aukeratzea? Schopenhauer-en hitzetan: nahi dudana idatz dezaket, baina aukeratu al dezaket nire "nahi" hori? Batzuetan pentsatzen dut bere ubidetik zenbat ur eta nolakoa daraman aukeratu ezin duen ibai baten antzekoak garela, eta ibaiari ura bezala, geuri ere emanak etortzen zaizkigula gure ideiak, batetik, eta ideia horietako zein geure egin erabakitzeko galbahea taxutzen duten irizpideak, bestetik. Zergatik harrotu edo lotsatu, beraz, idazten dugunaz? Eta zergatik ez? Ez litzaiguke barregarria egingo daraman uraz harrotzen edo lotsatzen den ibai bat? Ez al dira lotsati samarrak ur-emari urriko ibaiak, eta harroxkoak, berriz, harrapatzen duten guztia aurretik eramaten dutenak?
Hogei urte daramatzat Maxixatzenen nahi dudana idazten, nire nahia non demontretik datorren jakin gabe. Ez ote dira aire berak hauspotutako sua nire mugak eta nire askatasuna?