Horregatik, Euskaraldiaren aitzakian euskarari buruz zerbait idazteko proposatu zidatenean, “ederra lantegia” pentsatu nuen, baina horixe bera akuilu bat ere izan zen, buruan ordena pixka bat jartzen saiatzeko. Eta horretan ari nintzela, pentsatu nuen zerbait idatzi behar banuen, ezin izan zitekeela hizkuntzalaritza-teorietan edo hizkuntzaren jatorrian nahiz pragmatikan oinarritutako ezer, neure esperientziatxoan sustraitutakoa baino.
Beraz, barnera begira jarri eta galdera hauxe egin nion neure buruari. “Demagun jaio aurretik norbait etortzen zaiala eta hire ama hizkuntza hautatzeko aukera ematen diala. Zer hizkuntza aukeratuko huke?” Nik oso garbi daukat dudanarekin geratuko nintzatekeela, artikulu honetan kabitzen ez diren arrazoi askorengatik, eta pentsatu nahi dut Euskal Herriko jende askok ere berdina egingo lukeela; baina, beste alde batetik, susmoa dut ingelesa edo besteren bat aukeratuko luketenak ere bat eta bi baino gehiago izango liratekeela, azaldu beharrik ez dauden arrazoiak direla eta. Eta oker egon naiteke, baina uste dut norberak duenarekin (euskara kasu honetan) gustura egotea, psikologikoki osasungarria izateaz gain, oinarrizko lehen urratsa ere badela ondorengoei ere horixe opa izateko eta, horrenbestez, hizkuntza batek irauteko (“Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria”, Koldo Mitxelena). Agian gure aurreko askori ez zitzaien aukera hori egin beharrik ere tokatu, baina gure gizartea nola aldatzen ari den ikusita, hemendik aurrera bidegurutze hori aurrean izango dugu, nik uste.
Esan daiteke euskararekin gustura egote horretan ni, beste asko ez bezala, pribilegiatu bat naizela, euskaraz jantzita hasi bainintzen bizitzen, nolabait esateko; eta beti eroso sentitu izan naiz etxean oparitu zizkidaten arropa horiekin. Baina Euskal Herrian, euskara dakitenen artean, jende asko dago euskararen trajea handi samar edo txiki samar geratzen zaiola uste duena edo, besterik gabe, normalean etxeko armairuan gordeta edukitzea nahiago duena, behar duenerako. Arrazoiak mila izan daitezke: ingurunea, erraztasuna, konplexuak, lagunak, ohiturak, iritziak… Eta deigarriena da deseroso sentitzen direnen arteko asko abertzaleak edo euskaltzaleak direla, teorian behintzat (“Horregatik dabil bizkor gaztelera eta makal euskara: jendeak berealdiko gauza pila egiten dituelako euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egin”, Bernardo Atxaga).
Eta hitz egitea, dakigunez, ez da bakarkako zeregina, bakarrizketa bera ere soziala baita nolabait. Beraz, etxean, eskolan, euskaltegian eta abarretan oparitu zaigun (edo neke eta ahalegin handiz geureganatu dugun) trajearen erosotasunak ingurukoen konplizitatea eskatzen du gure jardunerako, mugako egoeretan bereziki; bestela, egoera biolento edo desatsegin samarrak gertatzen dira. Eta, oker ez banago, euskararen erabilera areagotzeko helburuari begira, konplizitate hori lortzen ahaleginduko da Euskaraldia; hau da, praktikan jarri nahi den ariketa horretan, belarripresten rola (haien oniritzia, tolerantzia, bultzada eta abar) jotzen da garrantzitsuentzat euskaraz egin nahi duenak lasai egin dezan. Inor edo inorena mespretxatu gabe, bakoitzak bereari edo nahi duenari eroso eta konplexurik gabe eustea baitago jokoan (“Hobe da bi hizkuntza izatea bat izatea baino, eta hobe hiru jakitea bi baino. Baina horrek ez du esan nahi euskara euskal herritarren hizkuntza dela ezin esan daitekeenik: eta horrela da ez haiek duten bakarra delako, baizik eta haiek direlako euskara duten bakarrak…”, Fernando Savater).