LANGUAGE SHOW[/caption]
Baliteke batzuentzat ezer berria ez izatea, baina orain dela urte gutxi zirenik ere ez nekienez, norbaiten jakinmina piztu lezakeelakoan, hizkuntza azokak hartuko ditut mintzagai, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, joan den urriaren 19tik 21era Londreseko Language Show azokan euskarari zegokion standean egoteko aukera izan bainuen.
Europan hiru hizkuntza azoka dira nagusienak: Londreseko Language Show, Berlineko Expolingua eta Pariseko Expolangues. Era guztietako instituzioak joaten dira azoka horietara, baina gehientsuenak bere hizkuntzaren promozioa egitera doazen instituzio publikoak, Etxepare Euskal Institutua barne, eta negozioa egiteko asmoa duten enpresa pribatuak izaten dira. Lehenengoetako askok utzi diote joateari azkenaldiko krisia dela eta, Kataluniako Llull Institutuak, esaterako; enpresa pribatuek, berriz, etekinik ateratzen ez dutela irizten diotenean lagatzen diote azaltzeari.
Pozgarria da gurea bezalako hizkuntza txikia (hiztun kopuruari dagokionez, noski) Oxford argitaletxearekin, Alemaniako GoetheInstitutuarekin edo Espainiako Cervantes bezalako erraldoiekin parez pare ikustea. Pozgarria jendeari azaldu ahal izatea gure hizkuntzak, indoeuroparren aurrekoa izaki, ez duela latinarekin, katalanarekin edo espainolarekin zerikusirik; pozgarria honi eta hari Euskal Herria mapan kokatzen laguntzea. Harrotu ere egiten zara galestarrek gure errealitatea oso ondo ezagutzen dutela ikusita eta gure hizkuntzaren berpizkundea eredutzat hartu ohi dutela jakinda; zer esanik ez zenbait hizkuntzalariren, alemanena adibidez, interesaz konturatuta. Barrearentzat, edo irribarrearentzat behinik behin, lekua ere egoten da, zure hizkuntzarekiko balizko interesa doan ematen dituzun Tolosako zigarrilloetara mugatzen dela antzematean.
Lehenago ere zertxobait eginagatik, aurrera begira ditugun erronken artean promozio hutsetik negoziora jauzi egitea da, Elhuyar bezalako enpresekin elkarlanean, oso ondo dakigun arren, hemendik kanpo euskararen merkatua nahiko mugatua dela (munduko 38 unibertsitate eta 30 Euskal Etxe batez ere).
Goian idatzitakoak ahaztu gabe, aspalditik daukat garbi euskarak lekua behar izatekotan, gure etxe, kale, denda, eskola, instituzio eta batez ere gure mingainetan behar duela, eta ez dugula erronka makala Mikel Zalbidek “arnasgune” deitzen zien horiek mantentzen edo, ahal izanez gero, zabaltzen. Dena den, tartean behingo kanpoko aireak ere ez digu kalterik egingo seguruenik, sarritan hurkoaren iritzi eta estimuak laguntzen baitigute geure burua hobeto ezagutzen eta maitatzen.
Joseba Epelde