Becquerel dagerrotipoarekin egindako argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Andoni Martin 2018ko urt. 24a, 09:56

Esperimentatzen ari naizen argazki batzuk erakutsi nahi dizkizuet oraingoan. Dagerrotipoekin nabil azkenaldian, eta denbora luzean ikasteko fasean jarraituko dut teknika horrekin. Espero dut hemendik aurrerako argazkiak kalitate hobekoak izatea, bai gauzatze tekniko aldetik, eta bai erreprodukzio aldetik ere. Ondoren, dagerrotipoen teknika adierazteko testu labur bat doakizue, proposamen bezala.

 

Dagerrotipoa ofizialki 1839. urtean iragarri eta zabaldutako lehenengo argazki-prozesua izan zen. 'Dagerreotipo' izenez ere deitu izan dena Louis Daguerrek garatu eta hobetu zuen, J. N. Niepceren 1826a baino lehenagoko esperientzia argitaragabeetan oinarrituta, eta Parisen aurkeztu zuen, Frantziako Zientzien Akademian.

Dagerrotipoak desberdinak dira beste prozedura batzuekiko. Kobrezko plaka batean, zilar-geruza bat finkatzen da mekanikoki haren aldeetako batean, bainu elektrolitiko bitartez. Alde zilarreztatua ispilu bat bezala leuntzen da gero, eta han eratzen da irudia.

Dagerrotipoa zuzenean positibatutako negatiboa da, beltzak sortzeko ispiluaren distirak dituen islatze-propietateak erabilita. Dagerrotipoak merkurial edo becquerel motakoak dira: merkurialak merkurioarekin errebelatzen dira, eta becquerelak iragazki gorri batekin babestuz eguzkitan jarrita.

Lortzen diren irudiak oso hauskorrak dira. Ez dira ukitu behar euren kutxatila edo babes-kaxatik kanpo, kalte konponezinak jasaten dituztelako. Kutxatilak ireki gabe gorde behar dira.

Pieza bakarrak dira. Ezin da kopiarik egin, ez baitago negatibo egokirik. Izan ere, dagerrotipoa negatiboa eta positiboa da aldi berean, eta, begiratze-angeluaren eta jasotzen duen argi-eraginaren arabera, era batera edo bestera ikus daiteke. Dena dela, dagerrotipo bat beste edozein objektu bezala erreproduzitu daiteke, argazkia berriz aterata.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide