Gure inguruak urpean zeudenean, itsaso tropikala koral gorrien tegi harrigarria, Izarraitzen magaleko harrobia lekuko, eskalatzeko katu oinak janztea gozamen hutsa, eta herria zeharkatzen duen ibaian Urretxu-Zumarragarekin mugan basaltozko harritzarrak, errekarriak sumendiaren seinale.
Egun gure bailara osatzen duten mendi, muino, baso, errekastoek... abaroan gozo hartzen dituzte eta zituzten lur eta hizkuntzaz baserri izen dotoreak: Ezkidi, Artetxe, Aihentsubaso, Basarte, Altzarte, Errekalde, Zelaiarizti...
Baserriak bertako kideekin lotu nahi ditut, denon onerako egiten dutelako ahalegina, hasi Errezil aldeko Txilarramenditik, Izarraitz azpitik Madariagaruntz luzatuz. Eta haiei gehitu Txalintxo oinekoak, Kukuerritik, Martirietatik, Urrategiko txokotik datozkigunak, eta nola ez, Elosua aldekoak, Santa Kutz eta Sanjun Zahar... Elikadura osasungarrirako gune aproposa jartzen dute gure eskura, beraien uzta eskaintzen digute, eta anitza, gainera. Nondik hasi: ore amaz egindako ogia, lehengaia zein den idatzita daramate izenak eta izanak bat eginda; aldera ezinak dira jan ohi ditugun gomazko auskalo zer irinekin egindakoekin. Oilo zoriontsuek jarritako arrautzak, artisau gaztak, garaiko barazkiak, bihotzak alaitzeko lore sortak, balkoiak eta leihoa apaintzeko landareak, gure baratzetxoak eta etxeko loreontzietan geure uzta bideratzeko landareak, fruta arbolen emaitzak, perretxikoak, hurrak, pikuak... Konturatzen al gara dugun zorteaz? Oinez joan eta eskura dugun altxorraz?
Lurrari atxikitako nekazariek badute titulu handiko jakinduria itzela: zenbat aholku, eguneroko beren laneko kontakizunak, beren kezkak erreleboa arriskuan ikusten dutelako babes ezagatik eta hori guztia euskara ederrean, esamolde nahiz esaera zaharrak erabilita.
Transmisioan egiten duten lana aitortzera natorkie, beren aurretik astoz eta karroz etortzen zirenekin lotuta; Antonia Astigarraga azkena, neu lekuko. Kandida Azkarateaskasuaren irudia ere hor dugu horman denoi begira, hainbatetan azokara Uzin baserritik jaisten zenekoa. Haren ingurura hurbil gaitezen larunbat goizetan, berritzear dagoen azoka kutunera, ibai gaineko eraikuntza xumera.
Gaurko baserritarraren, eta, batez ere, emakume nekazariaren irudia goraipatu nahi dut; Onintza Enbeitarena batik bat. Ekolurrari lotutako etorkizunera begirako leihoa irekitzen du hark, eta gainera, euskara erabiliz sortzen du sortzen duena. Gaiaz kantatu zuen bertsoarekin uzten zaituztet: "Bizi dugun garaira / luzatuta bista / ezin omen da izan / oso optimista. / Baina bada zer egin / nekea utzita / badago zer irauli / aitzurka, harrika / mundua aldatzeko / lurretik hasita".